Galde perpausen artean hiru sail bereiziko ditugu:
Bai/ez galde itxizko perpausek baiezko erantzuna edo ezezkoa eskatzen dute, eta ez besterik: Busti zarete? (erantzun posibleak: bai/ez).
Adibide horretan bezala, perpaus lokabe hauek inolako marka sintaktikorik gabe egin daitezke.
Galderak solasean intonazioari esker bereiz daitezke. Idazketan, berriz, galdera marka erabiltzen dugu. Hala ere, bai/ez galdera hauek sintaktikoki ere seinala daitezke hizkera batzuetan, eta estandarrean ere berdin, dela -a galdera marka erantsiz adizkiari (Iparraldean): Busti zaretea?, dela al partikula erabiliz (gipuzkeraz105): Busti al zarete?
Aukera galderetan, aukera bat baino gehiagoren artetik bat zehaztu behar du erantzunak (juntagailu hautakaria baliatuz): Ardoa hartuko duzue, ala/edo sagardoa?; Bizkaian, Gipuzkoan edo/ala beste herrialde batean bizi zara?
Zati galderetan, galde hitz edo galde sintagma bat erabiliz zehazten da zer informazio eskatzen den: zer, nor, nork, zein, non, noiz, nola, zenbat, zer ordutan, zein ardo, nolako lagunak, zenbat herritatik…: Zer hartuko duzu?; Zein ardo da onena?; Zenbat herritatik bidali dizkigute eskutitzak?
Lehen galderari, ardoa, jateko zerbait, dirua… erantzun dakioke, baina ezin erantzun atzo edo zurekin edo bai. Halako galderetan, galde hitza aski da galdera dela seinalatzeko, eta ez da, beraz, beste marka sintaktikorik erabiltzen horretarako.
105 Alegia, halako esaldiak erabiliz, solas-ekintza horrekin, zer bilatzen den solaskideen arteko interakzioan.