20.1.5a Leku/denborazko PSetan inesiboa aurki liteke oinarrian. Lurrean / mendian diogunean (§ 19.5.1.3b) inesiboaren aurrean ageri den -a- hori artikulua ote den eztabaidatu izan da. Nolanahi ere, leku/denborazko gainerako postposizioek ez dute balizko artikulu horren arrastorik: menditik esaten da (ez *mendiatik), mendira (ez *mendiara). Mendiko-ren kasuan ere berdin (ez *mendiako). Hala ere, honen azpian mendi-an-ko dugula onartzen da (§ 20.1.1). Batzuetan, izan ere, inesiboaren -n postposizioa agerian ematen da: hemen + -ko > hemengo; han + -ko > hango. Beste kasu batzuetan, -kok ezkerrean daraman leku/denborazko PSak dagokion postposizioa gorde egiten du: zerutik- ko > zeruti(ka)ko; mendira-ko > mendi(ra)ko; mendiraino-ko > mendirainoko…
20.1.5b Beraz, -korentzat onartzen dena -tik, -ra eta enparauekin egin bageneza, argi pixka bat izango genuke leku/denborazko PS hauen nondik norakoa azaltzeko orduan. Horrela, hemen egingo dugun proposamena honako hau da: mendiko < mendian-ko dugun bezala, pentsa dezagun menditik < mendian-tik, mendira < mendian-ra), mendiraino < mendian-raino… dugula, agerian mugatzailearen eta inesiboaren markaren arrastorik ez badugu ere. -koren kasuan bezala, hain zuzen. Izan ere, inesibo hori berori maiz agerian dago: hemengo bezala, hemen-dik, han-dik, aurten-dik…, adibidez, hor ditugu. Eta areago, zugan-dik, zugan-a, zugan-a-ino… PSak hor ditugu beren inesibo marka eta guzti. Beste honako hauen tankerakoak ere ageri dira han-hemenka: gaztetandik, txikitandik…
20.1.5c Hori guztia dela eta, pentsa liteke -koren ezkerrean ez ezik, -tik ablatiboaren edo -ra (-raino, -rako…) adlatiboen ‘azpian’ ere inesiboa dagoela, agertu ez arren. -gan postposizioa bera, inesiboa izaki, hor ageri da harro asko: zuregandik (< zurega-n-tik); zuregana (< zurega-n-a); gureganaino (< gurega-n-aino). Adberbioetan ere bai (hemendik, handik…). Horrenbestez, menditik (< mendi-an-tik), etxe hartatik (< etxe har-ta-n-tik), mendira (< mendi-an-ra), etxe hartara (< etxe har-ta-n-ra) eta abarretan inesiboa dugula pentsatuko dugu. Hau da, leku/denborazko postposizioetan beti oinarrian inesiboa dugula esan daiteke. Hipotesi honekin lan eginez leku/denborazko PSen analisia gardenago egingo zaigu.
20.1.5d Inesiboak ‘kokagunea’ adieraziko luke soil-soilik, oinarrizko kokagunea alegia. Inesiboaren oinarrizko adiera honi beste postposizio batzuk erantsi ahala, adiera ere osatuz eta zehaztuz doa: mendian > menditik / mendira… Eta azken honetatik, adibidez, beste postposizioen laguntzaz, mendirako, mendirantz(ko), mendiraino(ko)… Hots: oinarrian inesiboa izango genuke. Honek egoera edo gertaera baten kokagunea zein den esaten digu, eta hemendik -tik postposizioa erantsita, gertaeraren jatorria adieraziko da, eta -ra postposizioa gehiturik, berriz, jomuga, helburua edo horrelako zerbait. Postposiziobide honek euskaraz nola lan egiten duen ulertzea errazten duela uste dugu.
PS ablatibo eta adlatiboak aztertu ondoren, kapitulu honen amaieran ematen da postposizio-gehitze horien eta hortik sortzen diren formen eta adieren taula (§ 20.4).