20.2.1.1a Forma dela eta, aipatzekoa da lehenbizi -tiken parean, -(r)ik ere badela euskara batuan. Goazen mendirik mendi; Liburu hauetarik zein hautatu nahi duzu? (cf. liburu hauetatik…); Inguru hauetako mendirik politena Txindoki da… ohikoak dira euskararen eremu gehienean. Liburu hauetarik zein? modukoak ipar-ekialdean erabiltzen dira batik bat, baina baita euskara batuan ere.
20.2.1.1b Postposizio atzizkiaren formari dagokionez, -n, -l, -r, -s, -z edo -tz amaierako leku izenek bi modutara joka dezakete: a) zuzenean har dezakete ablatibo atzizkia (-tik), adlatibo atzizkia (-ra(t) eta honen gainean eraikiak) nahiz -ko; b) leku izenaren amaierako kontsonantearen eta postposizio atzizkiaren artean -e- epentetikoa ere ezar daiteke. Postposizio atzizkia zuzenean hartuz gero, -dik eta -go aldaerak eskatzen dituzte -n edo -l amaierako leku izenek. Beraz, aukera hauek guztiak ditugu eta Euskaltzaindiak guztiak jo zituen zuzentzat: Baztanetik/Baztandik, Usurbiletik/Usurbildik, Eibarretik/Eibartik, Gasteizetik/Gasteiztik, Garesetik/Garestik, Zarautzetik/Zarauztik.
20.2.1.1c Aukera bitasun hori badagokie, esan bezala, -ko, -ra(t), -rantz eta -raino postposizioei ere: Baztaneko/Baztango, Usurbileko/Usurbilgo, Eibarreko/Eibarko, Gasteizeko/Gasteizko, Zarautzeko/Zarauzko; Baztanera/Baztana, Usurbilera/Usurbila, Eibarrera/Eibarra, Gasteizera/Gasteiza, Garesera/Garesa edo Zarautzera/Zarautza. Ablatiboko postposizioaren kasuan bezala, hauetan ere bi moldeak jo zituen zuzentzat Euskaltzaindiak.
20.2.1.1d Harrezkero ez du Euskaltzaindiak hasierako arau orokorra aldatua, baina onomastika eta exonomastika alorretako arauen harira, Madrilgo Erkidegoa (32. araua) eta Afganistango Islamiar Errepublika edo Bahraingo Erresuma (38. araua) formak eman zituen euskara baturako; eta ez Madrileko, Afganistaneko edo Bahraineko. Euskaraz ere Usurbilgo Udala eta Irungo Udala dira izen ofizialak. Forma horiek Usurbildik eta Irundik aukeratzera eramango gintuzkete, nahiz Usurbiletik eta Irunetik ere euskaldun askok erabiltzen dituzten.
Halaber, Agoizko, Agoiztik formak gomendatzen ditu 155. arauan (6. oharra). Beraz, Gasteiztik, Garestik eta Zarauztik izango genituzke (eta ez Gasteizetik, Garesetik eta Zarautzetik).
20.2.1.1e Gramatika honetan, postposizio atzizkien taulak ematean, Usurbildik, Irundik, Eibartik, Eibarrera, Usurbilera… formak hobetsi ditugu, baina beste aldaerak erabiltzen direla ohartaraziz. Izan ere, araurik ezean, ezin da esan gaizki daudenik bestelako formak (Euskara Batuaren Eskuliburua: “Izen bereziak: kontsonantez (n, l, s, z, tz edo r) bukatzen diren leku-izenen deklinabidea” eta Mujika 2013).