21.10.1a Orain arte hizpide izan ditugun PSek konplexutasun desberdina erakutsi digute: alde batetik, esku (ezkerr)az, etxe(berri)an, buruetatik… moduko PS ‘ohikoak’ izan ditugu aztergai: [PS esku (ezker)-a -Z] / [PS etxe (berri)-a -N] / [PS buru-(e-ta) -TIK]… Hauen aldamenean beste honako hauek ikusi ditugu: [PS eskua {-RE-KI-N / -GA-Z}] / [PS andrea -REN-GA-N] / [andrea -(REN)-GA-N-A] / [PS etxe (berri)-a (-REN)-GA-TIK]… Batzuk zein besteak sintagmaren azken osagaiari itsatsirik ikusi ditugu: ama-ren-ga-tik < [PS [DS ama] -(ren)-GATIK]; lanpostu tentagarri horren-ga-tik < [PS [DS [DS lanpostu tentagarri hor-] -en] -GATIK]. Denak ere postposizioak eta postposizio itsatsiak direla esan dugu (§ 19.2).
21.10.1b Beste batzuetan, ordea, postposizo askeak ditugu sintagmaren buruan (§ 19.3): {Irrati(aren) bidez / irratiari esker} (cf. irratiagatik); Zure erruz zigortu naute (cf. zuregatik); Hilerriaren atzean (cf. hilerrian); Epailearen baitan / epailearengan… Sintagmok modu bertsuan aztertzeko arazorik ez da. Alegia, -tik bezala, -gatik, eta hau bezala, erruz, esaterako, modu bertsuan analizatzen ahal dira. Eta, funtsean, basoan zehar bezalako sintagmak ere bai: [PS [PS basoan] [P zehar]].
Hau da, postposizio askeek (bide-z, bitarte-z, buru-z, erru-z, gain-ean, ondo-ren, arte-an, arabera (< arau-era)) zein itsatsiek (-gan, -gatik, -gana…) zeregin bera betetzen dute, jatorria gorabehera. Zuregatik, dena batera idazten dugu, ordea, eta zure erruz idatzi behar dela esaten zaigu, bitan banaturik. Batzuk itsatsiak dira, besteak askeak. Noski, bereizketa hau, batez ere idazkerari dagokio. Ez dago idazkeraz aparte alde handirik bien artean.
21.10.1c Hortaz, postposizio batzuk (-n, -z, -tik…) soilak eta itsatsiak dira. Beste batzuk (-re(n)-ga-tik, -re-ki-n, -re(n)tzat…) konplexuak eta itsatsiak. Eta azkenik, postposizio askeak izango ditugu: baitan (gure baitan); erruz (gure erruz); kontra (denen kontra); aurrean (zure aurrean). Postposizio itsatsiak (semea(ren)gan, zu(re)gatik eta abar) hitz bakarrean ematen ditugu. Aldiz, semearen erruz, edo semea(ren) baitan, bi hitzetan ematen ditugu: -gatik edo -gan ez bezala, erruz, bitartez, baitan… hitz askeak dira eta bereiz idazten ditugu. Horregatik, hiztegietan agertu ohi dira, -gatik, -kin eta abar ez bezala. Hauei, morfema itsatsiak izaki, ez zaie sarrera berezirik esleitzen hiztegietan, gramatikaren alorrerako uzten dira (§ 19.3).
21.10.1d Kapitulu honen zatirik handiena postposizio itsatsiei eskaini ondoren, postposizio askeez ariko gara orain: arabera, artean, baitan, baitarik, bitartez, bidez, gabe, erruz eta abar izango ditugu mintzagai. Hauetako batzuk, hala ere, ohiko adberbio gisa ere erabil daitezke (§ 22.2.4.2): Artean dendak zabalik zeuden vs Gure artean geldi dadila. Ohiko kategorizazioetan, lehenbiziko artean denbora adberbiotzat hartzen da eta bigarrena postposiziotzat.