Aditz izena hainbat postposizio erantsirik ager dakiguke, hala nola instrumentala, soziatiboa, inesiboa, ablatiboa, adlatiboa, muga adlatiboa edo -ko, -agatik, -arren postposizioak.
25.3.3a Aditz izena instrumentalean ere ager daiteke. Zubereraz, moduzko perpaus jokatugabeak osatzeko erabiltzen da, baina betiere mugagabean: Lastoa ikusi bezain sarri, arrotza ahospez etzan zen lastoaren gainean, hasperen baten egitez (Davant); Ortografian iñ erabiliko dügü lapurtar xixtema erdizka hartzez (Peillen). Instrumentala manatzen duten predikatuek aditz izena instrumental mugatuan hartzen dute: Pozten naiz zu hemen ikusteaz; Biltzarraren antolatzeaz arduratu da; Ahalegin berezi bat egiteaz mintzatu ziren; Haurrei tratu desonestak egiteaz akusatua izan da (Herria); Ohartu da bere huts egiteaz; Ez naiz fio harekin joateaz. Aditz izena instrumental mugatuan postposizio batekin ere ager daiteke (gero, gain(era), bestalde): Etxera itzultzeaz geroz zoriontsu da; Etxea garbitzeaz gain, afaria prestatu zuen; Han eskola egiteaz bertzalde doktoragoa apailatu zuen (Lafitte).
25.3.3b Aditz izena soziatibo mugatuan ezar daiteke denborazko balio baten erdiesteko (cf. herriko bestak larunbatarekin hasi ziren): Egun handia hurbiltzearekin, kezkek ez zioten gogoa pausatzera uzten (Bidegain); Planta hartan ikustearekin, amak erraiten dio: “Bainan ez duk beraz sekulan deusik ongi eginen?” (Barbier). Aldiberekotasuna adierazteko, batera/batean postposizioa gehitzen zaio soziatiboan den aditz izenari: Tontorra ikustearekin batera mendizalea zorabiatu zen; Eta madarizione hoi erraitearekin batean, itsusi itsusia, farrandaka, Laminhandi bat joan zitzaioten su-phizkiari goiti (Barbier).
25.3.3c Aditz izena inesibo mugagabean edo mugatuan ager daiteke. Jakintza edo hautemate aditz zenbaitek inesibo mugagabea (-t(z)en) eskatzen dute perpaus osagarrian (besteak beste, ikusi, entzun, hauteman, jakin, ikasi, aditu, ahantzi/ahaztu); kasu horretan, aditz izenaren subjektua eta perpaus nagusiko aditzaren argumentuetarik bat erreferentziakideak dira: Sartzen entzun dut; Ingelesez mintzatzen ikasi duzu; Ebasten ikusi dut. Gisa berean, ohitu, usatu, utzi, lagundu (mendebaldean), izan, egon aditzekin perpaus osagarriko aditz izena inesibo mugagabean dago: Lagundu zidan autoa konpontzen; Horrela lan egiten ohitua naiz; Ura irakiten utz ezazu; Izan da aitaren ikusten; Egon da kabalak zaintzen. Aditz horietarik batzuek beste aditz izen mota bat ere har dezakete osagarri gisa, eta modu horretan, beste ñabardura semantiko bat ekarri. Adibidez, ahantzi/ahaztu aditzarekin bereizketa bat ageri da aditz izena inesibo mugagabean izan ala absolutibo mugatuan izan: Josten ahantzi dut (zait) (= Ez dakit gehiago josten) vs Aitari esatea ahantzi dut (zait). Halaber, ekialdean, utzi aditzak aditz izena adlatiboan ere har dezake (§ 25.3.3e): Utzi du ura irakiten (= irakiten ari dela utzi du suaren gainean) vs Utzi du ura irakitera (= ura suaren gainean ezarri du irakin artean). Azkenik, aditz izena inesibo mugatuan, denborazko perpaus jokatugabearen ardatz gisa erabiltzen da: Aita lanetik sartzean zurekin joango naiz.
25.3.3d Predikatu batzuek perpaus osagarriko aditz izena ablatiboan izatea eskatzen dute (gelditu, gibelatu…): Hara joatetik gibelatu ditut; Deusek ez du gibelatu etsaia haren azken egunak nahigabeaz eta kriestasunez pozoindatzetik (Hiriart-Urruti); Ez omen zen irri egitetik gelditu hogei-ta-lau orenez (Trounday). Gisa berean, etorri-k ablatibozko postposizioaz jantziriko aditz izena har dezake: Euskaldun izatetik datozkigu horiek oro; Emakume horietako batekin egotetik zetorren (Zaldua).
25.3.3e Zenbait aditzekin eta predikaturekin aditz izena adlatiboan dago (joan, etorri bezalako mugimendu aditzak, lagundu (ekialdean), utzi (ekialdean), prest izan, lehiatu, deliberatu…): Aitaren ikustera joan behar dut; Honelako bati lotzera prest naiz; Hobeki ikastera berma zaitez. Mendebaldean, mugimendu aditzekin inesiboa erabiltzen da adlatiboaren ordez (§ 25.3.3c): Joan behar dot aita ikusten; Etorri da zugaz berba egiten. Ekialdean, inesiboa eta adlatiboa txandaka ager daitezke, adierazi nahi denaren arabera; oro har, adlatiboa helburuaren ideia hobeki markatzeko erabiltzen da: Ikastera ari da (Lafitte); Sinets ongi […] elizaren begiratzerat ari direnek miletan kalte gutiago egiten diotela erlisioneari, ezen ez eliza barnetik etsaiaren laguntzen, hari indar emaiten ari direnek (Hiriart-Urruti). Adlatiboa adizlagun baten osatzeko ere erabil daiteke; orduan perpausak baldintzazko balioa hartzen du: Jakitera, han gelditu nintzatekeen. Adlatiboari -ko genitiboa lotzen zaionean, izenlagun bat edo adizlagun bat moldatzen da: kantatzerako apailuak (Lafitte); kantatzerako momentuan. Halakoetan, izena maiz ezabatzen da eta, gisa horretan, denborazko balioa duen adizlaguna sortu: hasterakoan; eskolara abiatzerakoan; guk bazkaltzerako, lan horiek bukatuak egongo dira.
25.3.3f Aditz izena muga adlatiboan agertzen delarik, ekintzaren bukaera hartzen da denbora muga gisa: Boza galtzeraino kantuz segitu zuten. Hemen ere -ko lotzen ahal zaio adizlagunari eta, gisa horretan, izenlagun bihurtu: hiltzerainoko oinazeak (Lafitte).
25.3.3g Aditz izenean maiztasun handikoa da -ko postposizioa. Alde batetik, izenlagunak molda ditzake: Zati honetan hartu dut gauza horren kausa azaltzeko xedea (Xarriton); Partidaren ikustera joaiteko baimena (J. Etxepare). Bestetik, adizlagunak, destinatiboaren balioa dutela: Sosa behar duzu, erosketen egiteko; Ingelesa ikasteko, hoberena, bertara joatea da. Azkenik, predikatu gisan ere ager dakiguke izan eta ukan aditzekin batera; gehienetan artikulua eransten zaio aditz izenari: Hemendik laster Ameriketara abiatzekoa naiz; Xede horren sustenguz manifestaldi bat egitekoa zuten Iruñean joan den larunbatean (Herria). Zenbaitetan aditz izena + -ko forma lexikalizatu egin da arras, eta izen hutsa da (egiteko, esateko, joateko, jateko, edateko…): Xorieri beha? Izanen dut bertze egitekorik! (Barbier); Alta ez zen orduan orain baino jateko eta edateko gehiago (Aintziburu); Eta balukek hor erraiteko frango (Dagorret). Eleak eta aginduak zeharkako diskurtsoan ekartzen direlarik, -ko postposizioa duen aditz izena erabiltzen da konpletiboen osatzeko: Amak hara joateko esan du; Ikasteko erran zigun; Andu Lertxundi, Inazio Mujika, Jorje Giménez, Juan Garzia eta Joxe Azurmendi aritu izan zaizkit urteetan euskaraz idazteko esaten (Zulaika). Helburua, baldintza nahiz denbora adierazteko, -kotan bukaerako aditz izenak hobesten dira maiz: Hara joatekotan erosi dut; Hara joatekotan erosiko nuke, bestela ez; Abiatzekotan ginen, euria hasi zuelarik. Helburua adierazteko, -kotzat eta batzuetan -ko(t)z ere lekukotzen dira. Azken horrek, halere, baldintzazko edo kausazko balioa izan dezake (ikus § 34.10): Jitekotz, zatho berehala (Lafitte); Mintzatzekotz, behar da zerbait erraiteko (J. Etxepare); Joaitekotz, aski goiz hobe dik deliberatzia (Larzabal).
25.3.3h Kausazko perpausetan, aditz izenak -agatik hartzen du euskalki gehienetan. Mendebaldean -arren postposizioa dago horren ordez: Ez habe euskaraz berba egiteagaitik fusilatuko (J. L. Zabala); Nik neuk ere ez nuen nahi Santesteban-era lehengusua ikustearren igo eta Basurtoko Joan Sanz ikusi (Jimenez).