28.1.1a Aurreko ataletan ikusi den bezala, hizkuntzan gehienetan buru edo ardatz batzuen inguruan biltzen dira elementu desberdinak, buru horien eraginpean, eta nolabait esateko, mendekotasun erlazioekin (ikus 2. kapitulua). Egitura sintaktikoan ere badu horrek eragina. Baina mota bereko osagaiak elkartzeko aukera ere ematen digu hizkuntzak, eta orduan elementu horiek maila berean gelditzen dira. Juntaduraren bidez gauzatzen da aukera hori. Esate baterako, ondorengo adibideetan kategoria bereko elementuak azaltzen zaizkigu elkarturik: izenak (Josu eta Miren), adjektiboak (aktore gazte eta indartsu asko), determinatzaileak (hiru edo lau katu), adberbioak (ez dakigu ondo edo gaizki aterako den), aditzak (arropak garbitu eta lisatu ditut).
Baina kategoria lexikoak baino handiagoko elementuak ere bil daitezke juntaduraren bidez: perpausak (Arantxarekin mendira joan naiz eta Josu etxean geratu da), sintagmak (Adinekoentzat eta haur txikientzat ondo etorriko da) edo bestelako osagaiak ere (Pirinioetako gailur garai eta haran ezkutuak maite zituen) elkar daitezke juntaduraren bidez. Eta esan bezala, era honetan elkartzen diren elementuen artean ez da egiturazko hierarkiarik ezartzen, eta sortzen den baturak elementu bakoitzak perpausean izango lukeen funtzio sintaktiko bera izaten du.
28.1.1b Elkarketa mota honi juntagailuek ematen diote bidea: juntagailuen alde banatan kokatzen dira juntagaiak. Nolanahi ere, juntagailuen definizio positiborik nekez aurkituko dugu gramatiketan. Beti aipatzen da mota bereko elementuak elkartzen dituzten elementuak direla eta juntagaiak egitura sintaktikoan maila berean geratzen direla. Horrez gain, inguruko hizkuntzetan ere distribuzio irizpidea erabili ohi da juntagailuak zedarritzeko unean: A xy B baldin badugu, A eta B mota bereko elementuak izanik, orduan x eta y, biak ezin dira juntagailu izan. Beste hitz batzuetan esateko, bi juntagailu ezin daitezkeela bata bestearen jarraian joan (Jon etxera joan da eta *baina/aldiz Mirenek erosketak egingo ditu): eta eta baina biak dira juntagailu, eta ezin dira bata bestearen jarraian joan; baina aldiz ez da juntagailua, eta orduan, juntagailu baten jarraian joan daiteke.