31.3.2a Bidenabar, garrantzi handikoa da artikuluaz besteko determinatzaileek izen arruntezko ISetan ere duten portaera. Izan ere, zehaztaile nahiz murrizgarri (murriztaile ere erabili da) terminoei zentzu garbi bat emango badiegu, IS osoaren jokoari begiratu beharra dago, eta ez osagai bakoitzari. Argiago esanik, zehaztaile-interpretazioa hartzen duen (edo har dezakeen) konfigurazioa hau da:
[(EZAUGARRI: ekarri dituzun) (EZAUGARRI: ingelesezko) ZEHAZKIZUN: liburu (EZAUGARRI: zahar)] [ZEHAZGAILU: -ak]
31.3.2b Horren barnean integratzen dira, gero, askotariko joko semantiko eta pragmatikoak. Zehazgailu funtzioa betetzen duena, hots, zehazte-konfigurazioa osatzen —burutzen, ixten— duena artikulu determinatua da, esan bezala (hor, pluralekoa: -ak). Beste determinatzaile kidekoenek —batzuk artikulu indeterminatuak eta hauek/horiek/haiek erakusleek— ez dute balio funtzio horretarako. Lehenbizikoaren kasuan, indeterminatu / zehaztugabe izateak ezgaitzen du batzuk erreferente espezifiko bat zehazteko: labur geratzen da (zein liburu?: ?!liburu batzuk). Erakuslea, berriz, beste muturretik, bera da jada zehaztapena, perpaus erlatiboaren beharrik gabe (zein liburu?: (liburu) horiek), arestian izen bereziez ari ginela ikusi dugun moduan: liburu (zahar) horiek (= ekarri dituzunak). Horregatik, ez du zentzurik perpaus erlatiboen beren (nahiz edozein sintagma adjektibalen) zehaztailetasunaren kontuak honelakoetan: ekarri dituzun (ingelesezko) liburu (zahar) batzuk/horiek. Izatekotan, sintagma adjektibal multzoen arteko antolaera semantikoaren interpretazio-aukerak ditugu hor auzi: [ekarri dituzun [[ingelesezko liburu] [zahar]]]; [ekarri dituzun [[ingelesezko [liburu zahar]]]; [[ekarri dituzun [ingelesezko liburu]] [zahar]]…
Jakina, murriztu, edozein modifikatzailek murrizten du izen arrunt soilaren adiera: (ingelesezko) liburu zahar sintagma adigai murritzagoa da liburu baino, baina ez da kontu orokor hori buruan duguna zein galderaren erantzun espezifikoari dagokion zehazteaz ari garenean. IS zehaztaile arrunta beste hau da hor: ekarri dituzun liburuak (zein liburu?: ekarri dituzunak).