37.5.1a Postposizio motibatiboarekin eraturiko -tzeagatik eta -tzearren formetako perpausek perpaus nagusiak adierazten duenaren ‘motiboa’ ematen dute aditzera, agerikoa denez. Motiboa, kapitulu honen atarian esan den moduan, bitara uler daiteke: ondoko gertakaria ekarri duen kausa moduan edo aurreko gertakaria eragiten duen xede bezala. Beraz, aurreko ataletan aztertu diren formek ez bezala, forma hauek perpaus mota biak era ditzakete: kausalak (marka {ontzeagatik ∼ ontzearren}, sari handia eman diote) eta helburuzkoak (marka {ontzeagatik ∼ ontzearren}, entrenamendu gogorrak egiten ari da). Forma hauetan ikusten da, bada, argien kausazko perpausen eta helburuzkoen arteko hurbiltasuna.
37.5.1b Kapitulu honen atarian esan den bezala, perpausak batera edo bestera ulertzeko bereizgarriak bi dira. Gertakarien segidari dagokiona da bat. Kausazkoek adierazten duten gertakaria nagusikoaren aurrekoa —edo aldiberekoa— da, eta helburuzkoak, berriz, prospektiboak; hauek nagusiko gertakariaren ondoko gertakaria, gertakizun dena, ematen dute aditzera. Aurrena, ‘marka ontzea’ gauzatzen da, kausazko goiko adibidean, eta ondoren dator ‘saria hartzea’; ‘marka ontzea’, berriz, ‘entrenamenduen’ ondokoa da, helburuzkoan. Bigarren bereizgarria egileari eta hartzaileari dagokie: kausazkoaren perpaus nagusian izan daiteke egileren bat, beharrezkoa ez bada ere, baina funtsezkoa da hartan jasaile edo hartzaile bat izatea —saria hartu duena, adibidean—; helburuzkoetan, berriz, perpaus nagusiko gertakariaren subjektua egile borondateduna da beti —marka ontzeko entrenamenduak egiten dituenak berariaz egiten ditu—.
37.5.1c Gehienetan argia izaten da perpausaren izaera, hots, kausazkoa ala helburuzkoa den. Zenbaitetan, ordea, anbiguoa izan daiteke perpausa, bataren nahiz bestearen bereizgarriak dituena. Hala, esate baterako, Zenbat diru eman dizute gela garbitzeagatik? esaldia bietara uler daiteke: ‘gela garbitu duzulako’ —kausazkoa aurretik eta ‘zuri’, diru hartzailea, nabarmendua—, nahiz ‘garbi dezazun’ —helburuzkoa ondotik eta ‘haiek’, sari emaileak, nabarmendua—. Kausazkoa bada, -lako perpausaz ordezka daiteke —gela garbitu duzulako—, eta -tzeko perpausaz edo subjuntiboaz helburuzkoa baldin bada —gela garbitzeko edo garbi dezazun— (ikus § 38.3).
Forma biek ez dute erabilera bera euskalki guztietan. Hala, -tzeagatik forma erdialdeko eta ekialdeko euskalkietan ageri da mendebaldekoetan baino maizago, bizkaierazko testuetan ere zerbait ageri bada ere —hala nola Agirre, Arrese Beitia, Iturzaeta eta beste batzuen lanetan—; -tzearren forma, berriz, erdialdetik mendebaldera erabiltzen da batez ere. Eta kausa-helburu adieren banaketan ere kontuak ez dira berdinak. Forma biek bietako perpausak eratzen dituzten arren, maiztasunak bana dabiltza: -tzeagatik forma gehienbat kausala da, baina helburuzko gisa ere erruz erabiltzen da; -tzearren, berriz, kausazkoa izan badaiteke ere, maizago erabiltzen da helburuzko esanahia duela.