38.1.2a Aipatutako perpaus horietan guztietan kausazkoak eta helburuzkoak dira elkarrengandik hurbilen daudenak. Gertakariaren kausa adierazten dute biek, baina ez datoz bat kausa hori aurkezteko moduan. Kausazkoek atzera begirako ikuspegia dute, gertakari nagusia eragin duena haren aurretik —edo, artean irauten badu, aldi berean— kokatuz eta, hortaz, gauzatutzat emanaz (‘euria egin du’, goiko adibidean). Helburuzkoak, berriz, prospektiboak dira; gertakari nagusitik aurrera begiratzen dute, subjektu egileak duen xedea haren eragile gisa aurkeztuz eta hura gauzatu denik esan gabe (ez da esaten, goiko adibidean, ‘haurrak isildu diren’, baina helburu hori lortzea da errieta egitearen kausa).
38.1.2b Aldeak alde, ordea, ezaugarri berdinak ere badituzte kausazko eta helburuzko perpausek, biak ere kausaren adierazle direnez. Hasteko, biak izan daitezke zergatik galderaren erantzuna: Zergatik mugitu duzu aulkia? —{Traban zegoelako ∼ Trabatik kentzearren}. Bestalde, juntaturik ere ager daitezke: Dirua behar duelako eta gurasoen nahia betetzearren hasi da lanean; Ez da kontzertuetara joaten musika maite duelako, bere burua agertzeagatik baizik; Gaur goiz etxeratu da, edo nekatua zegoelako edota, beharbada, telebistan futbol partida ikusteko. Eta, are gehiago, forma gehienetan bereiz badira ere, -tzeagatik eta -tzearren formetan bat datoz, forma ‘motibatibo’ horiek kausazko nahiz helburuzko perpausak era baititzakete, aurrerago ikusiko den moduan: Ilunpean ibiltzeagatik {erori da ∼ itzali du argia} (§ 38.4).
Kausazko perpausak aztertuko dira kapitulu honetan, helburuzkoak beste kapitulu baterako utzita (37. kapitulua). Aipatu ditugun beste perpaus motak, berriz, zein bere lekuan aztertzen dira.