(...)
Egun galdurik dagoen toponimo hau mugatzailez horniturik aurkitu dugu pare bat aldiz XVII. mendean, eta mugatzailerik gabe gainontzeko agerraldi guztietan.
Txandaketa gertatzen ere da, baina intentsitate handiagoz, apofoniadun eta gabeko aldakien artean, hau da, lehen osagaitzat arta- eta arte- duten lekukoen artean. XIX. menderako Artabakoiz nagusitu zela argi ikusten da.
Osagaiak gardenak dira. arte zuhaitz-izena, eta bakoitza 'bakarra' izenondoa, eta toponimoaren arrazoia ere konprenierraza dela uste dugu (cf. Arte bacoiza Barasoainen, 1564ean [J. Jurío, THET, 98. or.]). Notatzekoa da izenondoa beti bokal sabaikari eta hortz-hobietako bizkarkariz agertzen dela.
Artabakoitz Urteaga eta Caracierzo de Zaubio-ren artean zegoen.
Badakigu Barranco de Artabakoitz Zaubio-ra jaitsi eta, Rincón de Zazu-ren ondotik igarotzen zela.
Badakigu, halaber, Sarria de Artabakoitz Urteaga-ren azpiko aldean zegoela, eta dermioan barrena Pitillastik Berage-rako (gaurko Los Berros-erako) errepidea zihoala (sarria-ren adiera eta ugaritasunaz ikus Berage eta Larrageta sarrerak).
Guzti honek Artabakoitz-ek gaurko Medios-en behekaldea eta Carasol de Urteaga (Carasol de Artabakoitz lehen) hartzen zuela idarokitzen du. Barranco de Artabakoitz egungo Barranco de Medios (hau da, Medios-tik heldu diren bi errekastoek sortu eta Barranco de Zaubio-ra doan erreka) izango zen, eta Pitillastik Berage-rako errepidea Otrollos, Zaubio, Urteaga eta Medios-en barrena La Sierra-ko bidera (eta antzina seguraski Santa María la Blanca-ra) ateratzen dena [Bide honi jarraikiz, Zapaiz, Erlosiana eta Portillo de Chinchón-en zehar, Uxuek Galipentzuko lurretan Aragoa ondoan zuen errotara joaten ziren pitillastarrak alea ehotzera. Pitillas Uxueko auzoa izaki eta, errotan parte zerbait, edo behintzat bihia xehetzeko eskubide, izan zezakeen.]. Medios gainera ez da 1892 arte dokumentazioan azaltzen. Urte honetan, alabaina, Artabakoitz-ekin batera ageri da (ikus Medios sarrera).
(...)
Zer:
Non:
Jatorria:
OV.11