(...)
Izen honen etimologiaz ikus -aga-ri eskaini atalean dioguna. Urteaga La Sierra-n dago, iparraldean Pipiratu dauka, mendebaldean Zaubio, eta hegoaldean Medios. Ekialdean, altxonbideaz gain, Urteaga-ren beraren barrukotzat jo ohi den Abuñaga, Basandia eta Sulue (Andresoro) ditu. Antzina, dena dela, Artabakoitz eta Txindilotxaga-rekin [Azken hau zehazki non zegoen, alabaina, ez dakigu. Badakigu Urteaga aldean zegoela, baina ez ondo-ondoan zegoen ala apartexeago.] ere mugatzen zuen (edo ondoan zituen behintzat).
Alto edo Cabezo de Urteaga Balsa de Abuñaga-ren hurbileko gaina izan zitekeen, errepidea igarota dagoena.
1534eko despoblatu-zerrendan [NAO-Comptos, 550. zkia.] izen bereko bi herri zeudela dakusagu. Urteaga lalta eta Urteaga la baxa. Izenondoak erdaraz daude, baina euskal beiti / goiti edo horrelako pare baten itzulpena izan daitezkeela uste dugu (Ikus Otrollos sarreran dioguna. Cf. Abaurregaina / Abaurrepea, Ollobarren / Ollogoien, Ziagoiti / Ziabeiti...).
Zernahi gisaz, badakigu Urteaga la alta altxonbidetik hurbil zegoela, San Nicolás-ko iturrira doan bidea hasten den tokiaren parean, muino batean, hego-mendebaldera begira. Zaharkinak oraindik ikusgai daude, bizitza laburra izan zuen harrobi berri batetik hurbil. Urteaga la baxa goikotik gertu zegoela uste dugu, beherago, "Corral de Ausalón"-i hurran. Izan ere, Abuñaga-tik heldu den bidearen ondoan herri baten zaharkinak ikusi omen daitezke [Ez dugu geure begiz ikusteko abadagunerik izan. Informazio hau gure osaba den Esteban Berraderi zor diogu.].
Fuente de Urteaga behin bakarrik agertzen da dokumentazioan, eta egungo Fuente de Gerardo edo Fuente de Alberto izan daiteke.
Egun Urtiaga [ùrtjága] esaten zaio dermio honi, arrunta den -ea- > -ia- aldaketa jasan duelarik [Cf. Urteaga Saratsaten 1780an (PRA-Atarrabia, 87. k.), Urtiaga 1684ean (PRA-Asiain, 101. k.), Urtiaga [urtjága] gaurregun.]. Fazeria izan ote zen ez dakigu, baina daitekeena da Pitillasekikoa izana (ikus Facería sarrera). Gaurko Carasol de Urteaga lehengo Carasol de Artabakoitz bera da, eta segurua da bizirik iraun duenak zati bat (egutera) kendu diola desagertu denari.
(...)
Zer:
Non:
Jatorria:
OV.11