Duela 18 urte Euskaltzaindiak Biarritzen frantses gobernuari eskatu zion euskarak Iparraldeko hiru probintzietan ofizialtasuna ukan zezan, hala nola baitzuen jadanik Hegoaldeko euskal herrialdeetan. Euskaltzaindiak garai hartan egin eskaerak ez zuen segidarik ukan, eta geroztik Frantzia ez da jarreraz aldatu: eskualdeetako hizkuntzei beti ukatzen dizkie zinezko ofizialtasuna eta legearen geriza.
Egia da 2008an Konstituzioari aldaketa batzuk egin zizkiolarik (2008-724 Konstituzio Legea), 75. artikuluari emendio bat egin zitzaiola, eskualde-hizkuntzak Frantziako ondarearen parte direla errateko. Pentsa zitekeen hizkuntza horiek Konstituzioan aipatzearekin zerbait ezagutza ere hartzen zutela, eta hizkuntza horien hiztunak, ondorioz, testu berri hartan bermatzen ahalko zirela beren hizkuntzaren defendatzeko. Zorigaitzez, egiazki ez da hala gertatu. Alabaina, duela zenbait denbora, Konstituzio Kontseiluak 75-1 artikulu hartaz eman duen erabaki batean (2011-130 erabakia, 2011/05/11koa), guztiz interpretazio hertsia egin du, argiki erranez “ez duela sortzen Konstituzioak segurtatu eskubiderik edo libertaterik”. Gisa horretan, delako artikulua osoki ondorio praktikorik gabekoa zela finkatu du Konstituzio Kontseiluak. Euskararen erabilerari dagozkionetan, euskal herritarrek, lehen bezala, legearen gerizarik gabe segitzen dute, eta haien mintzairaren ofizialtasunaren eskaera sekula bezain bidezkoa eta zuzena da.
Euskararen ofizialtasunaren eta lege baten eskaeraren entzunarazteko, Euskaltzaindiak bat egiten du Euskal Konfederazioa eta Kontseilua elkarteek Baionan, 2012ko martxoaren 31n, antolatzen duten DEIADAR manifestaldiaren helburuekin.
Donostian, 2012ko martxoaren 30ean.
Euskera, 57, 2012, 1-2, 347-348.
.