Europako Parlamentuak,
Ikusirik Erregioen Konferentziak 1984. urteko apirilaren 13an onetsitako ebazpena, ebazpen horrek Europa demokratikoa eraikitzeko orduan erregioek duten zeregina aipatzen duela;
Ikusirik Europako Kontseiluak, Batzordeak eta Parlamentuak, hirurek batera, 1984. urteko ekainaren 18an egindako adierazpena (ebazpen horren arabera, beharrezkoa da erregioek bat egitea Europako Erkidegoan erabakiak hartzeko dagoen prozesuarekin);
Ikusirik Erregioen lehenengo Konferentzian, 1994. urtean, Europako Parlamentuak onetsi zuen azken adierazpena;
Ikusirik Europako Ekonomia Erkidegoa Eratzeko Tratatuaren 130 A artikulua;
Ikusirik Europar Batasunaren Tratatuaren proiektua, 1984. urteko otsailekoa (horren hitzaurrean aipatzen da Europa eraikitzeko orduan beharrezkoa dela tokian tokiko eta erregioetako botereek parte hartzea, formula egokien bitartez);
Ikusirik 1988. urteko ekainaren 20ko bateratze-prozeduraren emaitza, tartean Kontseilua eta Batzordea daudela (prozedura horretan, egitura-funtsen eginkizunak eta eragingarritasuna aipatzen dira, bai eta haiek euren parte-hartzeetan izan behar duten koordinazioa ere; orobat, Europako Inbertsio Bankuarenak, eta egun dauden gainerako finantza-baliabideak);
Ikusirik Erregioen Politika eta Lurraldearen Antolaketa Batzordeak gai nagusiari buruz emandako sei txostenak, eta entzunda Batzorde Instituzionalaren iritzia;
Ikusirik Europako Batzordeak 1988. urteko ekainaren 24an Erregio- eta Toki-agintarien Kontseilu Aholku-emailea sortu duela;
Ikusirik Europako Kontseiluko Toki eta Erregioetako Lantalde Iraunkorrak eta Europako erregioetako elkarteek (Europako Erregioetako Lantaldeak, Europako Erregioetako Udalerrien Kontseiluak eta sektore horretako zenbait elkartek) erregionalizazioaren alde egindako lana;
[…]
IV. Europako Erkidegoaren erregionalizatzea: ekonomia garatu eta bateratzeko, Europako integrazioa demokratizatzeko eta kultura-berezitasunak gogoan hartzeko eragilea.
[…]
22. Europako kultura-nortasunarentzat, ezinbestekoa da egun diren erregioen berezitasunek euren tokia izatea estatu nazional bakoitzean, egungo bereizgarriak gogoan izanik eta erregioen interesak, gurariak, eta historia-, hizkuntza- nahiz kultura-ondarea errespetatuz. Ezinbestekoa da, halaber, mugaz gaindiko nahiz erregioen arteko hizkuntza- eta kultura-lankidetza erraztea, historia-, hizkuntza- eta kultura-ondare erkideak direnean, egungo administrazio-zatiketen gainetik.
V. Azken oharrak […]
31. Haren aburuz, kasuan kasuko biztanleen borondateak izan behar du erregionalizatzearen abiaburua, eta erregionalizatze hori nazioaren esparru juridikoaren barruan gauzatu behar da, betiere estatuaren adostasunarekin.
Baldintza horiek guztiak gertatzen direnean, erregionalizatzearen oinarri izan behar dute gutxieneko printzipio hauek:
[…]
c) Erregioei behar den besteko eskumenak eratxikitzea, behintzat, euren instituzioak antola ditzaten, garapen ekonomiko erregionala susta eta antola dezaten, eta euren kultura- eta hizkuntza-ondarea defenda dezaten.