Galiziako Autonomia Estatutuak 2.1 artikuluan ezartzen duenez, Galiziako probintzien egungo izendapenak La Coruña, Lugo, Orense eta Pontevedra dira.
La Coruña eta Orense probintzien hiriburuen izendapenak A Coruña eta Ourense dira, hurrenez hurren, Galiziako Xuntaren irailaren 27ko 146/1984 Dekretuan ezarri zen bezala, Hizkuntza Normalizazioari buruzko ekainaren 15eko 3/1983 Legearekin bat etorriz; lege horrek 10. artikuluan ezartzen duenez, «Galiziako toponimoek galiziera izango dute forma ofizial bakarra».
1833ko azaroaren 30eko Errege Dekretuak 1. artikuluan ezartzen du probintziek beren hiriburuen izena hartuko dutela, salbu eta Arabakoak, Nafarroakoak, Gipuzkoakoak eta Bizkaikoak, horiek gaur egungo izendapenak mantentzen baitituzte.
Toki-araubidearen arloan indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onetsi zuen apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretuak 25.2 artikuluan xedatzen duenez, «Gorte Nagusiek onetsitako lege baten bidez soilik alda daitezke probintzien izendapena eta hiriburutza».
Gaur egun, La Coruña eta Orense izen ofizialak mantentzen dira probintzia horietarako, baina, errealitatean, bi toponimoak A Coruña eta Ourense izendapenekin erabiltzen dira, hurrenez hurren, eta herritarren onarpen osoa dute, herritarrek egunero erabiltzen baitituzte.
Bestalde, A Coruña eta Ourense izendapen horiek xiii. mendekoak diren dokumentuetan idatzita daude, eta horrek argi eta garbi berresten du haiek errealitate linguistiko, historiko eta are tradizional bati erantzuten diotela.
Aurreko guztiaren ondorioz, honako lege hau proposatzen da.
1. artikulua
Gaur egungo La Coruñako probintziari A Coruña deituko zaio ofizialki, haren hiriburutzaren A Coruñaren izen ofizialarekin bat etorriz.
2. artikulua
Gaur egungo Orenseko probintziari Ourense deituko zaio ofizialki, haren hiriburutzaren Ourenseren izen ofizialarekin bat etorriz.
Azken xedapen bakarra
Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.