Andaluziarako Autonomia Estatutuak, abenduaren 30eko 6/1981 Lege Organikoaren bidez onetsiak, 11. artikuluan xedatzen du ezen andaluziarren oinarrizko eskubide, askatasun eta eginbeharrak Konstituzioan ezarritakoak direla, eta gehitzen du Autonomia Erkidegoak Konstituzioan bizi diren gutxiengoekiko errespetua bermatzen duela. Era berean, 12. artikuluak, 1. apartatuan, ezartzen du ezen Autonomia Erkidegoak baldintzak sustatuko dituela gizabanakoaren eta haren taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eragingarriak izan daitezen, haien osotasuna eta eragingarritasuna eragozten edo zailtzen duten oztopoak kenduko dituela, eta andaluziar guztiek bizitza politikoan, ekonomikoan, kulturalean eta sozialean parte hartzea erraztuko duela. Aipatutako 12. artikuluaren 3. apartatuak dioenez, horretarako guztirako, Autonomia Erkidegoak bere botereak egikarituko ditu, besteak beste, oinarrizko helburu hauei begira: andaluziar guztiak hezkuntza eta kultura mailetara iristea, horiei errealizazio pertsonal eta soziala ahalbidetzeko; andaluziar identitatearen kontzientzia sendotzea, Andaluziako herriaren balio historiko, kultural eta linguistikoak, haren aberastasun eta aniztasun osoan, ikertuz, zabalduz eta ezagutuz, eta ondare historiko-artistikoa babestu eta nabarmentzea.
16. artikulua.— Gutxiengoei eta desabantaila-egoeran dauden pertsonei arreta ematea
1. Andaluziako Liburutegi Publikoen Sareko zerbitzuen titularrek eta, oro har, arduradunek edo kudeatzaileek arreta berezia jarri beharko diete desabantaila-egoeran dauden pertsonei, gizarte-taldeei eta geografia-eremueii, kultura- eta informazio-erregistroetarako benetako irispidea izan dezaten.
2. Era berean, informaziora iristeko bidea bermatuko zaie etorkinei, baita gizarteratzeko eta beren jatorrizko hizkuntza eta kultura gordetzeko baliagarri zaizkien informazio eta materialetara iristekoa ere. Gainera, haien hizkuntzan dauden materialak eta bildumak aukera eta eskain daitezen bultzatuko da.