V. titulua, legearen luzeena, zortzi kapitulutan egituratutako hogeita zortzi artikuluk osatzen dute, eta administrazio-jarduerari buruzkoa da. Kapitulu guztietan honako alderdi hauek jorratzen dira: katalanaren erabilera, administrazio-informazioaren berezitasunak, prozeduren iraupena eta administrazio-isiltasunaren ondorioak, bai eta administrazio-espedienteen eraketa ere, azken horiek administrazio-prozedurak garatzeko euskarri materiala osatzen duten aldetik.
[…]
35. artikulua.— Arreta egokirako eskubidea
Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin harreman bat ezartzen duen edonork eskubidea du adeitasunez, arduraz eta konfidentzialtasunez artatua izateko, betiere diskriminaziorik jasan gabe sexuagatik, hizkuntzagatik, arrazagatik, erlijioagatik, gizarte-izaeragatik, nazionalitateagatik, jatorriagatik edo iritziagatik.
43. artikulua.— Katalanaren erabilera administrazio-jardunean[859]
1. Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta administrazio instrumentala osatzen duten erakundeek katalana erabiliko dute beren barne-jarduketetan eta haien arteko harremanetan. Katalana erabiliko dute, era berean, egoitza katalanaren hizkuntza-eremuan duten pertsona fisikoei zein juridikoei igorritako komunikazio eta jakinarazpenetan ere, ezertan galarazi gabe interesdunek, hala eskatzen badute, jakinarazpenak gaztelaniaz jasotzeko duten eskubidea.
2. Katalanaren erabilera erregelamendu-xedapenez arautuko da aurreko apartatuan aipatzen diren administrazioak osatzen dituzten administrazio-organoen jardunean.
44. artikulua.— Katalanaren erabilera administrazio-prozeduretan[860]
1. Katalana erabiliko da Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta administrazio instrumentala osatzen duten erakundeek izapidetutako administrazio-prozeduretan; edozelan ere, interesdunek eskubidea izango dute eurek aukeratutako hizkuntza ofizialean arreta jasotzeko, eta idazkiak eta dokumentuak aurkezteko, adierazpenak egiteko, eta, hala eskatzen badute, jakinarazpenak gaztelaniaz jasotzeko.
2. Administrazioak interesdunei dagozkien jarduketen edo dokumentazioaren lekukotza itzulia emango die haiek eskatutako hizkuntza ofizialean, betiere hala eskatzen badute. Itzulpen-eskabideak ezin dio inolako kalte edo gasturik eragin eskatzaileari, ez eta prozeduran atzerapenik ekarri ere, ez eta ezarritako izapideak edo epeak eteterik ere.
Bosgarren xedapen gehigarria
Lege batek besterik xedatu ezean, 43. eta 44. artikuluetan ezarritako hizkuntza-zehaztapenak ere eska dakizkieke:
a) Uharteetako kontseiluei.
b) Balear Uharteetako Toki-administrazioa osatzen duten erakundeei.
c) Aurreko letretan aipatutako administrazioen mende dauden erakunde instrumentalei.
d) Balear Uharteetako zuzenbide publikoko korporazioei.
e) Balear Uharteetako administrazioen eskumeneko zerbitzu publikoen emakidadunei.
Xedapen indargabetzaile bakarra
Indarrik gabe geratzen dira maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, baldin eta lege honetan ezarritakoaren kontraesanean badaude edo haien aurkakoak badira, eta beren-beregi hauek:
d) Hizkuntza Normalizazioari buruzko apirilaren 29ko 3/1986 Legearen 10. artikuluko 1. eta 2. apartatuak.