[…]
Horrenbestez, egokitzat jotzen da prozedura sinplifikatu bat bete ahal izatea erregelamendu-mailako arau bat kontsolidatzeko bakarrik —izan ere, kasu horietan, ez da ezein aldaketarik egin behar arau horren edukia argitzeko, erregularizatzeko edo harmonizatzeko helburuarekin—; prozedura horretan, izapide gehienen epeak laburtu ahal dira, eta beste izapide batzuk albo batera utzi behar dira zentzua galtzen dutenean, arau-edukia araudia egiteko prozedura arruntaren mende jarri zenetik. Horrela, kontsolidazio horrek ez badu aldaketarik sartzeko aukerarik eman behar, egin beharreko txostenek egiaztatu besterik ez dute egin behar indarrean dagoen erregulazioari ez zaiola materialki eragiten, arauak kasuan-kasuan duen eduki zehatzaz harago. Hori guztia, jakina, alde batera utzi gabe gramatika-, terminologia- edo estilo-ikuspegitik beharrezkoak diren ukitu zehatzak egiteko aukera, hizkuntza-zuzentasunari dagozkion arrazoiengatik soilik.
[…]