[…]
Kalitate-printzipioari dagokionez, kontuan hartu dira lege-aurreproiektuen forma eta egiturari buruzko jarraibideak, Gobernu Kontseiluaren 2000ko abenduaren 29ko erabaki baten bidez onetsiak. Sinplifikazioari dagokionez, hizkera laua eta ulergarria aukeratu da.
3. artikulua.— Printzipioak
Eraldaketa globalerako lankidetza-politika bideratzen duten printzipioak honako hauek dira:
n) Ekitatea. Lankidetza-jardueren oinarria da, besteak beste, sexuagatik, genero-identitateagatik, sexu-orientazioagatik, etnia- edo arraza-jatorriagatik, hizkuntza- eta kultura-identitateagatik, adinagatik, ideologiagatik edo erlijioagatik ez diskriminatzea. Justiziaren arloan aurrera egiteko, pertsonen, herrialdeen eta lurraldeen desberdintasunak eta bazterkeria erreproduzitzen dituzten egiturazko oztopoak ezabatu behar dira. Horregatik hartuko da ekitate-printzipioa, tratu-berdintasuna gainditzen duena eta emaitzetan berdintasuna lortu nahi duena.
4. artikulua.— Ikuspegiak
Eraldaketa globalerako Balear Uharteetako lankidetza-politika lau ikuspegi hauetan oinarrituko da, eta ikuspegi horiek indartu eta osatu egingo dira:
a) Giza eskubideen ikuspegia.
Lankidetza-politikak pertsona guztien giza eskubide guztiak gauzatzean oinarrituko dira, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalarekin eta aplikatzekoak diren nazioarteko tratatuekin eta giza eskubideen hautazko protokoloekin bat etorriz, eta arreta berezia jarriko zaie, besteak beste, jatorria, sexua, sexu-orientazioa, genero-identitatea, erlijioa, aukera politikoak, estatus soziala, hizkuntza eta kultura direla-eta diskriminazio, bazterketa edo marjinazio handiena jasaten duten biztanleria-taldeei. Azken batean, erabateko aukera-berdintasuna lortzeko borroka.
Ikuspegi horren arabera, Balear Uharteetako lankidetzaren eragile guztiek horren jakitun izan behar dute, eta beren gain hartu behar dute eskubideen, betebeharren eta erantzukizunen titular gisa duten zeregina.