[…]
Manu horrek agindu esplizitua ematen die administrazio publikoei, eta, beraz, autonomia-erkidegoei, etorkinak erabat gizarteratzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko. Bereziki, administrazio publikoei eskatzen die derrigorrezko adinean eskolatzea, hizkuntza ofizialak irakastea eta etorkinei enplegurako irispidea erraztea bermatzeko. Apirilaren 20ko 557/2011 Errege Dekretuak hauxe onetsi zuen: Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko 4/2000 Lege Organikoaren Erregelamendua, behin abenduaren 11ko 2/2009 Legeak erreforma egin eta gero.
[…]
6. artikulua.— Herritarrak integratzeko konpromisoa
2. Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei buruzko eta atzerritar horien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan xedatutakoa betetzeko, botere publikoek, prestakuntza-ekintzen bidez, honako hauek ezagutu eta errespetatzea sustatuko dute: Espainiako eta Gaztela eta Leongo Erkidegoko konstituzio- eta estatutu-balioak, Europar Batasuneko balioak, giza eskubideak, askatasun publikoak, demokrazia, tolerantzia eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna; horiek ez ezik, neurri espezifikoak garatuko dituzte atzerritarrak hezkuntza-sisteman sartzeko; betiere, botere publiko horiek hauek bermatuko dituzte integraziorako funtsezko faktore gisa: derrigorrezko adinean eskolatzea, gaztelaniaren ikaskuntza eta enplegurako irispidea.
7. artikulua.— Familia-berrelkartzea
Botere publikoek beharrezkoak diren ekintzak sustatuko dituzte etorkinen familia-berrelkartzeko eskubidea egikaritzen laguntzeko, informazioa eskainiko dute, berrelkartutako senideek integrazio soziokulturaleko eta linguistikoko programetan parte har dezaten erraztuko dute, eta ahaleginak egingo dituzte atzerritarren familian bizitzeko eskubidea eraginkortasunez aplika dadin, gaiari buruzko legeria espezifikoak ezartzen dituen modu eta baldintzetan.
11. artikulua.— Gaztelaniaren ikaskuntza
Botere publikoek gaztelaniaren ikaskuntza, erabilera eta errespetua sustatuko dituzte, integraziorako elementu erkide gisa eta irakaskuntzaren komunikazio-hizkuntza gisa; horren guztiaren helburuak, berriz, hauek dira: hizkuntzaren, gizartearen eta kulturaren arloetako zailtasunak eta oztopoak gainditzea, eta, horrela, eskolatze eta gizarteratze egokia sustatzea.
12. artikulua.— Elkarbizitza kultura-eremuan
1. Botere publikoek Gaztelako eta Leongo kulturaren ezagutza sustatuko dute, bai eta hezkuntza-eremuan kulturarteko eta elkarbizitzako jarduerak garatzea ere, betiere gurasoen inplikazioa, ikasleen gurasoen elkarteena, ikasleena eta zentroetako zuzendaritza-taldeena bilatuz.
15. artikulua.— Emakume etorkinentzako arreta
2. Jarduketa edo programa horiek informazio eta aholkularitza indibidualizatua jasoko dute enpleguari, prestakuntzari, eskuragarri dauden baliabideei, itzulpen-zerbitzuei, ostatuari eta laguntza juridiko eta psikologikoari buruz, betiere horiek beharrezkoak izanez gero.
28. artikulua.— Prestakuntza-ekintzak
Lege honen 6.2 artikuluan aurreikusitakoari kalterik egin gabe, botere publikoek prestakuntza-ekintzak sustatuko dituzte, zeinen xedea izango baita etorkinek beren eskubide eta eginbeharrak ezagutu eta ulertzea, besteak beste, lan-arlokoak, baita Erkidegoko instituzioak eta antolaketa, hizkuntza eta kultura ere.