Dekretu bidez ezarririko atalasea gainditzen duen negozio-bolumena duten enpresek telefono-zenbaki bat jarriko dute kontsumitzaileen eskura, profesional batek haiekin buruturiko kontratua behar bezala gauzatu dela bermatzeko, edota aldibereko itzulpen-zerbitzua eskaini, bai idatzizkoa eta bai bisuala, gor, gor-mutu, gor-itsu eta afasikoek erreklamazioak modu irisgarrian egin ahal izateko, eta hori guztia Errepublika Digital Baten Aldeko 2016ko urriaren 7ko 2016-1321 Legearen 105. artikuluan definiturikoarekin bat etorriz eta erabiltzaileari gainkosturik eragin gabe, kostuak enpresaren gain utzirik.
Telefono bidezko arreta-zerbitzuak zuzenekoak izango dira, edo, halakorik ez bada, online plataforma baten bitartez eskainiko da aldibereko itzulpen-zerbitzua, bai idatzizkoa eta bai bisuala. Irisgarritasuna enpresak berak bermatu beharko du zuzenean, edo, enpresaren beraren ardurapean, operadore espezializatu baten esku utzi, hura arduratu dadin zerbitzua inplementatzen eta gauzatzen dela bermatzeaz.
1. azpiatala
Merkataritza-praktika engainagarriak
L121-4 artikulua
Engainagarri jotzen dira, L. 121-2 eta L. 121-3 artikuluetan adierazitakoaren arabera, xede hauek dituzten merkataritza-praktikak:
[…]
8. Profesionalak, transakzioa egin baino lehen, bera finkaturik dagoen eta Europar Batasuneko kide den estatuan ofiziala ez den hizkuntza batean hitz egitea kontsumitzaileekin, eta saldu ondoko zerbitzu jakin bat eskainiko diela hitzeman eta gero, zerbitzu hori beste hizkuntza batean eskaintzea, kontsumitzaileari transakzioa egingo duela agindu aurretik horri buruzko informazio argirik eman gabe.
[…]
L. 224-62-1 artikulua[1421]
Merkataritza Kodearen VII. liburuko VI. tituluko II. kapituluan jasotako feria, azoka edo bestelako merkataritza-erakustaldi bat lurralde-lankidetzako elkartze europar baten lurraldean egiten denean, Estatuaren ordezkariak, Hizkuntza Frantsesaren Erabilerari buruzko 1994ko abuztuaren 4ko 94-665 Legearen 2. artikuluan xedatutakoa gorabehera, baimena eman ahal izango du, itzulpenik gabe, mugako herrialdeko hizkuntza erabiltzeko merkataritza-dokumentuetarako edo produktu edo zerbitzu bati buruzko publikoarentzat, betiere agiri horiek frantsesera ez itzultzeak kontsumitzaileen segurtasunerako edo osasunerako arriskurik ekar ezin badezake, eta produktu edo zerbitzu hori erostean, aurretiaz, kontsumitzaileak idatzizko baimena eman badu agiri horiek itzuli ez daitezen.
3. azpiatala
Kontratu aurreko informazioa
L224-73 artikulua
Behar den garaian, kontratatu nahi dituen ondasun edo zerbitzuei buruzko informazio doi eta zehatza eman beharko dio profesionalak kontsumitzaileari idatziz edo euskarri irits-erraz iraunkor batean, hura ezertara konprometitu baino lehen eta argi eta garbi ulertzeko moduan.
L. 224-69 eta L. 224-70 artikuluetan aipatzen eta definitzen diren kontratuei dagokienez, eskaintzetan honako xehetasun hauek adierazi beharko dira, informazio-orrien ereduari jarraituz:
[…]
12. Kontsumitzaileak eta profesionalak, kontratuari buruzko zernahiren gainean elkarrekin komunikatzean, zein hizkuntza erabiliko duten edo dituzten;
[…]
L224-75 artikulua
Profesionalek doan eman beharko diete kontsumitzaileei L. 224-73 eta L. 224-74 artikuluetan aipatzen den informazioaren berri; horretarako, L. 224-69 eta L. 224-70 artikuluetan aipatzen den kontratu-mota bakoitzari dagokion informazio-orria erabili beharko dute profesionalek, Kontsumo Ministerioak eta Justizia Ministerioak elkarrekin zehaztutako ereduaren arabera.
L. 224-73, L. 224-74 eta artikulu honetan bertan aipatzen diren xehetasun guztiak kontsumitzailea bizi den edo bera herritar den estatuko hizkuntzan edo hizkuntzetako batean idatziko dira, kontsumitzaileak berak erabakitzen duen horretantxe, baldin eta hizkuntza hori ofiziala bada Europar Batasunean.
4. azpiatala
Kontratua eratzea
L224-76 artikulua
Profesionalak idatzizko kontratu bat igorri beharko dio kontsumitzaileari, paperean edo zeinahi euskarri iraunkorretan.
Kontratu hori kontsumitzailea bizi den edo bera herritar den estatuko hizkuntzan edo hizkuntzetako batean idatziko da, kontsumitzaileak berak erabakitzen duen horretantxe, baldin eta hizkuntza hori ofiziala bada Europar Batasunean.
Edozein modutan, baldin eta kontsumitzailea Frantzian bizi bada edota profesionalak Frantziako lurralde-eremuan badu bere jarduera komertziala, kontratua frantsesez idatziko da.
Kontratua ondasunak partekatutako denbora-erregimenean erabiltzeari badagokio eta Europar Batasuneko kide den estatu batean kokaturik dagoen ondasun higiezin batekin loturik badago, profesionalak kontratua kide den estatu horretako hizkuntzara edo hizkuntzetako batera itzuli eta itzulpen ziurtatua kontsumitzaileari bidali beharko dio.
3. azpiatala
Produktu eta zerbitzuen egokitasuna, segurtasuna eta balorizazioa
L511-13 artikulua
Hauek dira agenteei arau-hausteak ikertzeko eta egiaztatzeko ahala ematen dieten xedapenak:
[…]
4. 1994ko abuztuaren 4ko 94-665 Legearen 2. artikuluan frantsesaren erabileraz esaten dena aplikatze aldera oinarritzat hartutako testuak;