Batzar Nazionalak eta Senatuak onartua,
Konstituzio Kontseiluaren 2021eko maiatzaren 21eko 2021-818 AE[1558] Ebazpena aztertu ondoren;
Errepublikako presidenteak honela idatziriko legea promulgatzen du:
1. artikulua
Ondarearen Kodearen L. 1 artikuluko bigarren apartatua honela aldatu beharko da:
1. Hitz hauek gehituko dira: «bai eta hizkuntza-ondarea ere, hau da, frantsesa eta hizkuntza erregionalak»;
2. Esaldi bat gehituko da, honela idatzia: «Estatuak eta lurralde-kolektibitateek parte hartu beharko dute hizkuntza horiek irakasteko, zabaltzeko eta sustatzeko lanetan».
Ondarearen Kodearen L. 111-1 artikuluko 5. zenbakian, «arteari» hitzaren ondoren, esaldi hau idatzi beharko da: «arkeologiari, eta frantsesaren eta hizkuntza erregionalen ezagutzari dagokienez».
Frantsesaren Erabilerari buruzko 1994ko abuztuaren 4ko 94-665 Legearen 21. artikulua honela idatzi beharko da:
«21. artikulua. Lege honen xedapenek ezin izango diote kalterik egin hizkuntza erregionalen erabilerari, ez eta haien aldeko zeinahi ekintza publiko eta pribaturi ere».
[2021eko maiatzaren 21eko 2021-818 AE Ebazpenaren arabera Konstituzioarekin bat ez datozen xedapenak.][1559]
Hezkuntzaren Kodearen L. 372-1 artikulua indargabetu egingo da.
Hezkuntzaren Kodearen L. 442-5-1 artikuluko seigarren eta zazpigarren apartatuen ordez, apartatu hau idatzi beharko da:
«Hizkuntza erregionalak L. 312-10 artikuluko 2. zenbakiaren zentzuan irakasteko lankidetza-kontratua duten lehen mailako ikastegi pribatuetan eskolatzekoak diren haurren gastuei aurre egiteko, haurra bizi den udalerriak akordio bat egin beharko du beste udalerri batean dagoen ikastegi batekin, baldin eta haurra bizi den udalerri horretan ez badago hizkuntza erregionala irakasten duen eskolarik».
Hezkuntzaren Kodearen III. liburuaren I. tituluaren II. kapituluko 4. atala osatzeko, L. 312-11-2 artikulua idatzi beharko da, honela:
«L. 312-11-2 artikulua.- Hargatik eragotzi gabe L. 312-11-1 artikulua, Estatuaren eta erregioen, Korsikako lurralde-kolektibitatearen, Alsaziako Kolektibitate Europarraren eta Konstituzioaren 73. artikuluaren agintepeko lurralde-kolektibitateen arteko konbentzioekin bat etorriz, tartean diren lurraldeetan edo lurralde horietako leku batzuetan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako eta kolegio eta lizeoetako ohiko ordutegiaren barruko ikasgaietako bat izango da hizkuntza erregionala, ikasle guztiei hura ikasteko modua emateko asmoz».
Eraikin publikoetan, bide publikoetan, bide nabigagarrietan, garraio-azpiegituretan, bai eta komunikazio-euskarri instituzional nagusietan ere, baldin eta haietan guztietan idazkun edo seinaleak jartzen edo berritzen badira, frantsesezko idazkunak eta seinaleak erregioan hitz egiten den edo diren hizkuntzetako itzulpen eta guzti jartzen direla ziurtatu ahal izango dute zerbitzu publikoek lurralde osoan edo lurraldeko leku batzuetan.
[2021eko maiatzaren 21eko 2021-818 AE Ebazpenaren arabera Konstituzioarekin bat ez datozen xedapenak.][1560]
Gobernuak, urtero Parlamentura txosten bat bidali, eta azalpenak eman beharko ditu beren etxetik ahalik gertuena dauden eta ikasketak hizkuntza erregionalean egiteko modua ematen dieten ama- edo haur-eskoletara bidaltzeko eskabidea egina duten familietako haurrei tartean diren ikastegietan egindako harrerari buruz.
Gobernuak, urtero Parlamentura txosten bat bidali, eta azalpenak eman beharko ditu Estatuak lurralde-kolektibitateekin eta hizkuntza erregionalak sustatzearen aldeko elkarteekin hizkuntza horiek irakasten dituzten ikastegi publiko edo pribatuen gainean buruturiko konbentzio espezifikoen nondik norakoei buruz, bai eta hizkuntza erregionala murgiltze-programen bidezko pedagogiak aplikatuz irakasten duten eskola-elkarte asoziatiboek Estatuarekin kontratu sinpleak edo lankidetza-kontratuak hitzartzeko dituzten aukerei buruz ere.
Lege hau estatu-lege gisa betearaziko da.