- etxe-abade
- apate
- apat
- apatia
- arol
- Aitor
- apala
- balda
- at
- athendustatü
- atamüstatü
- ari
- bagant
- lumera
- parada
- barbildu
- barga
- barrandan
- barrundatu
- barruki
- barik
- mazka
- barrabaska
- ardanburu
- ardangrina
- ituten
- ekera
- geun
- daragun
- sorna
- fiat
- fiodera
- gingil
- karkaila
- garbeltxagi
- gargale
- garhi
- gari ‘garatxo’
- gartu
- gesu/gesi
- guda
- ats
- olagarro
- zainezo
- naflatu
- lapar
- makulu
- putiko
- sendor ‘sorta’
- txortan
- urre gorri
- urritu
- erruki
- oxatu
- uztargi
- platuxa
- zumai
- zirotz
- zilar zuri
- bipotz
ino. Honen azpian ino, inotsi eta euskara sarrera-buru nagusiak bildu dira. Ino-ren azpisarrera modura oñon eta iño daude, irizpide alfabetikoen gainetik etimologikoak lehenetsita; inotsi-ren azpisarrera gisa eusi eta inarrosi daude, eta jarraian erauntsi dago, azpisarrera modura erausi, erasi, erasia, eresi, erosta eta herots dituela; euskara-ren azpisarrera modura, euskaldun eta Euskal Herri, eta jarraian euzko, azpisarrera modura Euzkadi eta euzkotar dituela.
Familia honetako hitzak aski ongi lot daitezke formaren eta esanahiaren aldetik. Salbuespena da inarrosi, formaren aldetik zenbait gertakari irregular proposatu behar baitira (cf. orobat inardun, inardetsi, etab.), aldaerak ustezko aitzinformatik azaltzeko. Orobat dituzte arazoak eresi, erosta eta herots eratorrientzako emandako azalpenaren xehetasunek.
♦♦ ino (-io- 1448: ArrasErrek; -in- 1577: NavIntel; -iño- 1653: Mikol). ■ Orokorra da, aditz forma jokatuetan baizik ez da dokumentatzen, beti ‘esan’ esanahiarekin (ik. behean oñon eta iño). Sudurkari agerikorik gabeko formetan agertzen da ekialdean (Etxep nik diotsut egia, NavIntel [Errotz, 1562] cer dio[c], traydorea?, Leiz hauk dirade, diot, hazia enzuten dutenak, Zalgiz zer dio suthundokoak? Zer baitio suthaitzinekoak) zein mendebaldean (ArrasErrek euroen artean dioela, RS ama onak ez dio nazu, ibid. gehiago dio dakiana baño, Lazarg zerren diozu sekretorik / oi andraetan ez dala?, ibid. ene jauna, zer diostazu?, AzpGut Antoniok diona bada, (aita) estuko da); hauetako zenbaitetan litekeena da bokal sudurkariak grafikoki adierazi ez izana. Kontsonante sudurkariarekin ageri da Nafarroako adibide zahar hauetan: çayneço çure echeco andreari nyc diodala onela “decidle a vuestra dueña que digo yo de esta manera” (NavIntel 1577; Lizoainibar) eta çaynço <caynço> çure nagusiari nic erran diayçudala (ArtaxEusk 1607); adizki horien morfologiarako, cf. zarrezo esanahikidea (NavIntel [1626] çar[r]eço “decilde”), zeinetan erran aditzaren erroaren aurretik za- dagoen eta bukaeran -(e)zo, bere baitan hirugarren pertsonako datiboa duela, eta orobat Lazarragaren zarrezt eta (barka) zakezt, besteren artean. Bizk. testuetan, XVII. mendetik aurrera, sudurkariarekin ageri da beti (Mikol zerren diñoe doktoreak goxeti xaigitea dala ona, Mogel guzurra diñozu); XX. mendeko gip. autore batzuek ere (Orixe, Etxaide) -ñ-rekin darabilte.
► Aditz zaharren egituraz dakiguna aintzat hartuta, *i-non berreraiki genezake, edo, hobeki beharbada, *e-i-non. Horrela, aukera dago i- datiboko aurrizki batean pentsatzeko (ik. halaber igorri), eta cf. eho, erro berarekin itxuraz eta e- aurrizkiarekin, *e-non berreraiki baitugu. Aurrizki horien inguruan zer argitu asko geratzen bada ere, badira antzeko adibideak, hala nola *ezan eta izan, izeki, etab. Gogoan hartu behar dira ei diptongoari buruzko Mitxelenaren hitzak: “El diptongo ei ha dado i sin excepción en inicial absoluta” (FHV 105; izan-entzat, adibidez, *e-iza-n aukeraz mintzo da). Gainerakoan, zenbait aditz datiboarekin jokatzeari buruz, ik. Oregi (1974: 276-280).
Bestalde, aurrizkiaren ondoko sudurkarirako, eta *non erroaren alde egiteko, aski aztarna dugu diño eta halakoetan (ik. behean iño); -n bukaerakorako, berriz, cf. igan/igo, ehun/eho, eta, batez ere, oñon (ik. behean).
Bokalarteko sudurkaria galdu da diotsut, diozu eta halakoetan. Bilakaera horretan bokal sudurkariak sortuko ziren, *dĩotsu, *dĩozu, etab., eta sudurkaritasun hori kontsonante sabaikari gisa berrezarri da bizkaieraz; horrela azaltzen dira XVII. mendetik aurrerako hango diñoe eta halakoak, XVI.eko RS-ko dio [diõ]-ren ondotik (FHV 49, 303).
Esanahiari dagokionez, inotsi eta oñon/iño ere kontuan hartuta, badirudi jatorrizko ‘marmar egin’ edo ‘soinu egin’ moduko batean pentsatu behar dela (datiboarekin, ik. jarraian, ‘norbaiti zerbait esan’). Hortik espezializatuko zen ‘esan’ adieran. Hitzaren familian ageri diren esanahiei eta berreraikitako -i- datiboko aurrizkiari begira, ‘zerbaiti ekin, lotu’ esanahi orokorrago batean ere pentsa daiteke.
oñon (~1496: RS). ■ Bizkaierazko hitza (ik. iño). Aditz partizipio gisa ageri da (RS kantari gextoak oñon “el mal cantor porfía”, ibid. onek oñon ta ni exilik egon “este hablando y yo callando estando”, ibid. idiak oñon bidean, gurdiak “en lugar de gruñir los bueyes, el carro”) eta baita aditz-izen moduan ere, oñoten egon esapidean, batik bat (Añib niri zer deust, esan oi da, jentea oñoten egon arren?, Astar daukat emaste bat ain min luzekua, … ze ezteutz inosbere baketan isten; beti beti dago oñoten). Esanahiz, “marmear, refunfuñar, regañar” itzultzen du Añibarrok, eta “porfiando”, “murmurando” ematen du Azkuek oiñoten-entzat (Azk ezkagoz iñori oiñoten “no estamos murmurando de nadie” (bizk.)).
Oñon egin esapidean ere erabiltzen da (Larm oñon egin “gruñir”, Añib oñon ta oñon egin ‘asko, gehiegi hitz egin’). Izen gisa ere jasotzen du Harr-ek, oñona “grognement, cri du pourceau” (bizk.).
► Bokalaren asimilazioz azaltzen da, jatorrizko *iñon (< *einon) batetik. Forma honetan atxiki da hobekienik jatorrizko partizipioaren itxura, ik. jarraian iño, bukaerako -n galduta, baina bokalaren asimilaziorik gabe. Inotsi eta *-io- aditzekin bilduta, hitzaren jatorrizko esanahia ‘soinu egin’, ‘marmar egin’ moduko zerbaitera hurbildu daiteke; esanahi orokor horretatik azaldu behar da oñon/iño-k dituzten ‘kirrinka’ eta ‘astoaren arrantza’, ‘txerriaren kurrinka’ adierak.
iño (~1520: Isasti). ■ Isastiren atsotitzean dokumentatzen da: idiak erausi bearrean gurdiak iño, <inno> idatzita. Harr-ek eta Azk-ek “son strident que rend une charrette dont l’essieu tourne d’une pièce avec les roues” eta “gruñir” esanahiak ematen dizkiote, hurrenez hurren; biek aipatzen dute Isastiren adibidea. Bestalde, Harr-ek berak bizk., gip. iñoa “braiment de l’âne” dakar, iñoaz dago astoa adibidearekin.
► Formaren aldetik, partizipioa dela argudia daiteke, *iñon > iño proposatuta, amaierako -n galduta (cf. igan/igo, etab.). Funtsean, beraz, oñon-en aldaera bat baizik ez da, ekialderagokoa; ohar bedi Isastiren atsotitzaren bertsioak ditugula oñon-ekin ere, cf. RS idiak oñon bidean, gurdiak, Bonap idijak oñon biarrian, burdijak oñoten (bizk.).
♦♦ inotsi (1745: Larm). ■ Larm-ek eta Añ-ek dakarte, eta Azk-ek orokortzat ematen du (baina ez da lehenagoko testuetan agertzen). Aditz moduan adizki trinkoak ditu; esanahia ‘jariatu’, ‘(euria, etab.) ari izan’ da (Añib (gip.) elurrari iñotsi, (bizk.) edurra iñotsi), edo ‘euria ari izan’ (Larm baziñotsan, biñotsan “estaba lloviendo”, Añib biñotso “llueve”).
Izen moduan ere agertzen da, iñutsi aldaeran, ‘erauntsi, ekaitz’ esanahiarekin (Azk (bizk.)).
► Osaeraz, pentsa daiteke *einon aditza dagoela honen oinarrian, -tsi bukaerarekin; atzizki itxurako bukaera honi buruzko xehetasunetarako, ik. eutsi eta ebatsi. Esanahiari dagokionez, pentsatzekoa da oinarrizko ‘marmar egin’, ‘soinu egin’ batetik ulertu behar dela, *-io- eta iño-rekin lotzeko: euriak erortzean egiten duen soinuari lotu behar zaio esanahia, beraz. Bestalde, *-io- eta inotsi aditzen arteko hurbiltasunaren adierazgarri da badinotso adizkia, ‘euria ari du’ zein ‘esaten dio’ adierak izan ditzakeena.
eusi. ■ RS-n ageri da, ‘zaunka’ esanahiarekin (txakur andiak eusi andia). Larm Supl-en jasotzen da, eta aditz moduan ere bertan ematen da (segur aski eusi egin esapidetik aterea; cf. infra).
eusi egin (RS [ezin eusi daian orak inziria]).
► Osaeraz, *e-nosi dela proposa daiteke, eta, inotsi-ren aldean, e- aurrizkia baitu eta ez i-, argumentu sarean datiborik gabeko aditza litzateke, eta hortik duke ‘zaunka egin’ (< ‘zarata egin’) esanahi soila. Aski zahartzat jo behar da, ez baitu afrikaturik. Euskara hitzaren oinarrian ikusten du eusi ‘zaunka’ hau Humboldtek (ik. han).
! inarrosi (inh- 1571: Leiz (+ ih-)). ■ Hitz zabaldua. Aldaerak, dira, alde batetik, kontsonante sudurkaridunak: inharrosi (lap., bnaf.), inarrosi/iñarrosi (gnaf., bazt., bnaf.), inarrotsi (gnaf.), iñarrausi (gnaf.), inhaurretsi (lap., bnaf.), iñarrusi (Larm), iñaurrasi (Larm), iñardausi (Añib), intharrosi (bnaf.) eta inarrostu (Zubiri).
Bokalen artean hasperena dutenak dira iharrosi (lap., bnaf.), iharrausi (lap.; ĩhãrr- zub. (Larrasket)), iharrusi (Hbarren), iharausi (Artxu) eta iharrotsi (Goihetxe); hiatodunak (edo -y- epentetikoa dutenak), aldiz, iarrosi (gnaf.), iardausi (Larm), ierrutsi (Nafgip.), iorrutsi (Nafgip.), iyerrautsi (Nafgip.) eta iyerrotsi (Nafgip.).
Bokalen artean -d- dutenak dira idarrausi (zar., erronk.), idarratsi (zar.), idarrosi (zar.) eta idardausi (bizk.); -l(l)- dutenak il(l)arrosi (Arak (gnaf.), Lizarg), illerrosi (gnaf.) eta illorrosi (gnaf.); -g- dutenak igardausi (bizk.) eta igurdausi (bizk.); -r-rekin irardausi dago (bizk.; Larm). Jardausi (bizk.), irdarausi (bizk.) eta ligurdausi (bizk.) ere ageri dira.
Esanahi nagusia ‘astindu’ da (Leiz iharros albaitzinezate zuen oinetako erhautsa, Maister tentazioniak hanitx gisaz iharrausten dü, Astar erropia irardausi); ‘ihausi, inbuluzka ari izan’ (Egiat), ‘ondotik ebaki’ (Añib), ‘igurtzi, marruskatu’ (Azk (bizk.)) eta ‘eskuz aletu’ (Azk (zar., erronk.)) adierak ere ageri dira.
Izen moduan ere erabiltzen da, ‘inarroste’ (Larm, Const, Aspiroz (gnaf.)) eta ‘kemen’ (Azk (bizk.) irardausi onekoa) esanahiekin.
Izenondo moduan ‘muker, zakar’ (Larm) eta ‘moldegabe (ibilkeran)’ (Irig (gnaf.)) adieretan ageri da.
ezin inarrosizko (inh- Pouv), inarrosaldi (inh- FedProp 1876), inarrosarazi (iha- Duv), inarrosdura (iha- Duv), inarrosgarri (iha- Duv), inarrosigabe (inh- Pouv), inarroska (inh- Etxeb), inarroskatu (‘zakar’: Herria 1960 [alemanaren elhe inharroskatuak, italianoaren edo españolaren musika airosa]), inarroskizun (iha- Harr), inarrosle (iharrosle, iñarrusle Larm; Laf [predikari inharroslea]), inarrosmendu (He [begiratu behar zare zure bihotzari ajitazione eta inharrosmendu handirik ematetik]), inarrostaile (iñharrostzaille Urte), inarrostari (iñarrustari Larm), inarroste (Añib [(Jangoikoak) gure onerako biralduten deuskuzan kastiguak… iñardausteak, astinduteak]).
► Osaeraz, objektu + hau(t)si da, Mitxelenaren ustez (1977b: 264; artikulu berean, *i(h)ar + edun ematen du jardun-entzat), cf. ausi aldaera (FHV 289); au > o diptongoaren bakuntzez azaltzen ditu -osi aldaerak (FHV 96). Gure ustez, ino eta inotsi-ren familiakoa izan daiteke, -da- eta -ra- artizkiekin: *edaranotsi litzateke protoforma, eta *irarrosi genuke ohiko bilakaeraz (*irarrausi berreraikitzen du Mitxelenak, FHV 340-341); egia da, inardun eta inardetsi kideek bezala, badituela zailtasun fonetiko zenbait, harrigarri ez dena aspaldi fosilduriko aditz-sail batean. Sudurkari etimologikoaren aztarnaz uler litezke ina- aldaerak, edo r-rr dardarkari bikotean lehenaren disimilazioz; orobatsu iha- aldaerak, bokalarteko sudurkariak hasperena eman duelakoan. Idarrausi-rako, berriz, cf. zirar/zidar, berar/bedar, etab. (FHV 228, 315). Aukera honetan, hautsi-ren gurutzaketaz edo azaldu behar dira -au- diptongoa duten aldaerak. Bestalde, berrikuntza da -rd- taldea irardausi eta halakoetan; antzeko taldeen sorrerarako, cf. gerra > gerla, lauren > laurden (FHV 340-341).
Esanahiari dagokionez, ino-ren familiako ‘soinu’ edo ‘kirrinka’ moduko adieretatik abiatu beharko da, metonimiaz soinua zerbait astintzen denean egiten delakoan; ildo berean, ‘kirrinka’ bezalakoetatik aski hurbil egon daitezke hitzaren ‘igurtzi, marruskatu’ moduko adierak. Irudizko erabileretatik ulertu behar dira ‘muker, zakar’, ‘moldegabe’, ‘kemen’, etab. Bestalde, hitzak ez du ‘hautsi’-tik hurbileko erabilerarik, eta horrek ere Mitxelenaren proposamenaren kontra egiten du.
♦ erauntsi (1545: Etxep [diraustazu]; eraunsi 1571: Leiz). ■ Hitz zabaldua. Aldaerak dira, alde batetik, kontsonante sudurkaridunak: eraun(t)si (bizk., gip., gnaf., bazt., lap., bnaf., aezk., zar., erronk., zub.), eauntsi (bnaf., zub.), erauntzi (gip., gnaf., lap., bnaf.), irauntsi (bizk.), irauntse (zub.), eta bestetik sudurkaririk gabekoak: erautsi (bizk., bazt., bnaf.) eta irautsi (bizk.).
Izen moduan erauntsia aldaera ere aurkitzen da (Pouv, MarIlhab; cf., gainera, erauntsiaka).
Aditzak forma trinkoak baditu: baneraunsa (Leiz), deraunsa- (Haranb), darauntsa- (Ax), darontsa- (GasZar), derautsa- (OñatEsk), dirausku (Añib), zirauntsan (JJMogel), etab. Etxeparek dakarren alokutibozko diraustazu ‘jotzen nau’, erautsi partizipioari dagokio segur aski; bazirauntzen (Uriarte) ustezko irauntzi partizio-formari legokioke.
Aditz moduan honako esanahiak ditu: ‘eraso, jo’, hirupertsonadun gisa jokatua (Etxep biotzian diraustazu… zure orduko doloriak, Leiz aireari baneraunsa bezala, Mogel tris traska dirautsagu (linuari) / erruki bagarik); ‘(haizeak) jo’ (Leiz eraunsi ukhan dute haizek); ‘soinu egin’ (EtxZib trunpetak erauntsiren du, OñatEsk begiraturik ete derautsan… kanpaiak); ‘(-rantz) jo’ (EtxZib haren gana darauntsagu nola uhiñak kostara]); ‘(-i) egon’ (EtxSar bi izen… gauza diferentetara daronsatenak); ‘jardun’ (Egiat ofizio hortan erauntsi direnetarik, ArreseB erretxiñolak pozik / kantetan erautsan); ‘(euria, etab.) egin’ (OihAtsot othoi sainduari, deraunsano ekaitzari, Lizarg ala nola elur-lumak erortzen baitire anitz drauntsalarik, Egiat düründa ta ekaitzak… erauntsi ziradian); ‘erorarazi’ (Lizarg Jangoikoak etziote eraunsten jaiean mana gura, Goihetxe zeruak… zigorrada hau duela / erauntsi gure gaiñera); ‘erasi, berriketan ari izan’ (Larg egiak othe ziren Salomonez zarauntsaten guziak); ‘esan’, batez ere bizkaierazko testuetan (Mogel Jesu Kristok fariseo dongai zirautsena, Uriarte dirautsu samurtasunik andijenagaz) eta ‘jario’ (Larm, Harand balsamu gozoa erausten da batzuen bihotzetarik bertzen bihotzetarat).
Izen moduan, esanahiak dira: ‘ekaitz, eraso’, ekialdean (Pouv erauntsia izigarrizko haren erdian, Maister emazü zure mania aizer eta erauntsier, Mburu aize ta eraunsi gaiztoetatik gordetzeko), ‘berriketa’ (Larg erauntsien ixil-araztea, Mogel mundukuen irauntsi ta iraun emote guztijak gaiti), ‘hizketa’ (Mogel irauntsi, jardun ta ekin guztiakaz leena geratuko da, ta igituko ez da ezertara) eta ‘eraso, oldar’ (Larm, Imaz).
● erauntsios ‘agirakari’: Harand (ofizio hori egiñ behar da eztiki eta gozoki; ez erauntsios baten gisa); jatorri erromantzeko -os atzizkiarekin.
erauntsi-adar (“tromba de una borrasca” Azk (zar.)), erauntsiaka (‘erasian’: Duv [oste guzia erauntsiaka haritu zen Moisen eta Aaronen kontra]; ‘gogotik (euria ari izan)’: Duv), erauntsialdi (“castigo” Azk (bnaf.)), erauntsian (‘erasian’: Larg), erauntsiketa (“tempestad” Azk (gnaf.)), erauntsiki (‘ekaitz’: Pouv), erauskunde (‘jario’: Harand [bihotzetik bihotzera… sentimenduen jaidura eta erautskunde batez]).
► *Eranotsi protoformatik azal daitezke aldaerak (*eraunsi-ra iritsi zen Uhlenbeck, ik. behean), eta, *e-ra-nots-i zatituta, inotsi-ren faktitiboa litzateke, besterik gabe. Oinarrizko *eranotsi > *eraõtsi > *eraũtsi > erauntsi bilakaera bat proposa daiteke (ik. erausi afrikatuari buruz), diptongoaren ao > au bilakaerarekin, eta sudurkaritasuna kontsonante gisa berrezarrita (cf. garaun, eskribaun, bilaun, etab.; FHV 152). Bokalarteko dardarkaria galdu da eauntsi-n, berranalisiz azaltzen da zub. irauntse-ren bukaera (cf. orrazi → orraze, FHV 129-130), eta sudurkaria ez da kontsonante gisa berrezarri erautsi eta irautsi aldaeretan; ez dago argi nola azaldu behar den erauntzi-ren lepokaria. Izena den erauntsia-k artikulua bereganatu du.
Batera bildu zituen edasi, erasi, erausi eta iraunsi Uhlenbeckek (1891: 203), proposatuz *eransi edo *eraunsi batetik azal zitezkeela denak; ik. behean erasi eta erausi.
Esanahiari dagokionez, inotsi-ren ‘jariatu’ eta ‘(euria, etab.) ari izan’ adierak hartu behar dira aintzat, abiapuntu gisa: cf. hitzaren ‘(euria, etab.) egin’ eta ‘jario’ bera. Irudizko erabileretatik sortuak dira ‘esan’ eta ‘erasi, berriketan ari izan’ modukoak, eta lotura argitzen du hitz jario esapideak. Bestalde, inotsi-ren oinarrian dagoen ino-ren ‘soinu egin’-ekin lotzen da, ageri denez, erauntsi-ren ‘soinu egin’, eta hortik azaldu behar dira ‘jo’-rekin lotzen diren adiera guztiak (‘(haizeak) jo’, ‘eraso, jo’, ‘erorarazi’, ‘(-rantz) jo’, ‘(-i) egon’, ‘jardun’), soinuaren sorburu gisa ikusten baita jotzearen ekintza.
erausi (~1520: Isasti). ■ Erdi-ekialdeko hitza (gip., gnaf., bazt., bnaf., zub.). XIX. mendearen bukaeraz geroztik bizkaierazko zenbait testutan ere ageri da (cf., gainera, erauste Astar-engan). Aldaerak dira erausi (gip., gnaf., bazt., bnaf., zub.), erhausi (bnaf.; Lecl, Duv), herausi (bnaf.), ẽhãũsi (zub., Larrasket), eausi (bnaf.) eta ehüsi (bnaf.). Aditzak forma trinkoak baditu: darauskiote (Larm), zerausa- (Mburu), badarauste (AgirAst), etab.
Aditz gisa, esanahiak dira ‘marru egin’ (Isasti idiak erausi bearran, gurdiak ino), ‘hitz egin’ (gehienbat peior.) (Larm zer darauskioten ere eztakitenak), ‘esan, adierazi’ (Mburu erausia gatik zerbait guk orduan) eta ‘zaunka egin’ (Lecl).
Izen gisa, esanahiak honako hauek dira: ‘berriketa’, batez ere gip. (Larm berriketak, txorakeriak eta erausi alperrak, Mburu beren bidebageko erausi arroz), ‘zaunka’, ekialdean (Barbier zakur erausi frango). TxAgir-ek eta Etxanizek ‘erauntsi, ekaitz’ esanahiarekin darabilte. Ik. erauntsi, erasi.
● erauskidatu “contar, referir” Larm, Birjin; -kidatu da bigarren osagaia, kide + -tu, cf. Larm-en beraren aitakidatu, gogakidatu, jauzkidatu, etab.; cf. behean erauskide.
erausialdi (Arana [San Inazioren bizitza neurrizko erausialdietan]), erausian (‘berriketan’: AgirAst [ez maisian egiteko, ta erausian]), erausi egin (‘inusturiak hots egin’: Zaitegi), erausi eta erausi (‘zaunkaka’: Barbier), erausika (Eskuald 1908 [xakurrak gau guzia ehausiaka etxearen barnetik]), erausiz (‘zaunkaz’: ehausiz Larrasket (zub.)), erauskide (‘adierazpen’: Birjin [non munduko hantustekerien erauskideak ezpaitzautzun bihotza batere hunkituko]), erausle (“parlador”, “replicón” Larm; Mburu), erauste (Astar [erauste edo erreplikak]; cf. erausle Larm).
► Funtsean, erauntsi-ren aldaera da; baliteke sudurkaria kontsonante gisa ez berrezartzeagatik garatu ez izana afrikatua, *eraõsi > *eraũsi > erausi; honek ondorioak lituzke balizko -tsi/-tzi atzizkiaren berreraiketarako. Jatorrizko *eranotsi protoformaren -n- sudurkariaren alde mintzo dira zub. ẽhãũsi, baina baita herausi eta erhausi ere, hauetan *eranosi > *erahosi > *heraosi > herausi bilakaera ikusita, sudurkariaren ondorengo gisa azaleratzen baita hasperen lekualdatua (ik. euskara); *ehausi baten aldaera da ehüsi.
Esanahiari dagokionez, cf. ino, eta irauntsi bera.
erasi (~1557: OihAtsot; edaste ~1557: OihAtsot). ■ Gehienbat ekialdeko hitza; Larm, Lardiz eta XX. mendeko hegoaldeko zenbait autorerengan ere ageri da.
Aldaerak dira erasi (bizk., gnaf., lap., bnaf., aezk., zub.) eta edasi (OihAtsot, Leiz). Adizki trinkoak ditu: dadasate- (Leiz), derasate- (Haranb), bailedask’ (Oih), zarasan (Argaiñ), badarasate (Larm), etab.
Esanahiak dira ‘hitz egin’ (gehienbat peior.) (Leiz eztezazuela anhitz edas paganoék bezala, GasZar zeri darasat hunenbertze?), ‘esan, adierazi’ (OihAtsot haurrak athean duena erasi, sukaldean zuen ikasi), ‘agiraka egin’ (Ax) eta ‘hots egin’ (Ax gurdi kargatuak badarasa). Hitzaren adibidetzat jo izan da BizkOlerk-eko nizaz eras daizu gura dozuna (ik. behean). Ik. erausi; cf. erasia.
● eraskitz “verbo” Larm; Kardab; eras- + hitz, neologismoa, baina badirudi txistukari ondoko hasperena herskari bilakatzen delako araua gogoan harturik sortua dela, cf. bazkari, askari.
erasaldi (Aierbe EuskEsn 1915), eraskail (Hbarren [erro guziak ez eraskailekin]), eraskeria (‘berriketa’: Urte), erasketa (“eloquentia” Orixe), eraskin (“comentario” Azk (gip., gnaf.)), eraskindu (Azk [jai ederra eraskintzen ari ziran]), eraskunde (FedProp 1908 [nola… onhets ere detzaketen holako eraskundeak]), eraskuntza (FedProp 1907 [bere eraskuntza eder eta sarkhorra eginik]), eraslari (‘berritsu’: Urt), erasle (Leiz [eztituk solament alfer egoile, baina edasle ere]), erasmen (‘iragarpen’: FedProp 1911), eraste (edasle OihAtsot [edasle handia ezta bethi minzo egia]; Ax [barren hartan dioenaz egin kontu, eta ez iendearen erasteaz]; ‘(gurdiaren) hots’: Ax).
► Badirudi erausi-ren aldaera gisa hartu behar dela, besterik gabe, diptongoaren bakuntzearekin; au > a bakuntzea aditz zaharrekin maiztasun handiarekin gertatzen dela nabarmentzen du Mitxelenak (cf. jaulki/jalki, FHV 90). Bestalde, edasi aldaerarako, -r- > -d- bilakaeraren antzinatasunaz ohartarazten du (cf. ireki/ideki, FHV 299).
Esanahiari dagokionez, cf. erausi-ren ‘hitz egin’, ‘esan’, etab. BizkOlerk-eko <eras>-ek erraz adierazten du, eta ez da hitzaren adibide: egin laguntzailea duten perifrasietan ez da aditzoinik erabiltzen, are gutxiako -i partizipiodun aditzekin (Mounole 2007: 84-85).
erasia (1635: Haranb). ■ Ekialdeko hitza (bazt., lap., bnaf., aezk.); Azkuek bizk. aipatzen du, eta XX. mendeko bizk. eta gip. zenbait autorek ere badarabilte. Erasia aldaeraz gain, erasi (Salab-ez geroztik) eta erasa (Azk (bizk.)) ere badaude.
Esanahiak dira ‘hizketa, berriketa’ (gehienbat peior.) (Haranb Iaunak enzun du ene nigarren erasia, Xurio iendeen erasia gaixtoen kontra), ‘agiraka’ (Birjin ezpadut orai merezi erasia hauen aditzea), ‘esaera zahar’ (Duh munduko masimez eta erasiez, Azk (bizk.) antxiñako erasak), ‘zurrumurru’ (Azk (bnaf.), Ox ogi buruek diote baltsan erasirik gozoena).
erasia-egile (‘agirakari’: Duv), erasiaka (Duv [erasiaka zauden bada juduak haren kontra]), erasian (Larg [farisauak erasian zauden bere artean]), erasiaño (JEtxep), erasiatsu (‘agirakari’: Duv), erasiatu (Lhande, Leon [erasiatu zituen, phizturik ikusia zutenak etzituztelakotz bihotz-gogorrez sinetsi]), erasiatzaile (Herria 1956), erasiaz (Birjin [ber-ama mengoarik gabe erasiaz abiatzen zitzaioenean]), erasietan (StPierre [gaitzeko erasietan ari ziren]).
► Erasi bera da, izen gisa erabilia eta artikulua beretuta (ik. goian erauntsia izena); funtsean, beraz, erausi izenaren aldaeratzat jo daiteke, diptongoa bakunduta.
! eresi (1571: Leiz). ■ Hitz zabaldua. Aldaera hedatuena eresi da; berezko -a-rekin darabilte zenbait autorek (EtxZib, Harizm). IbargC-ez geroztik -z-dun aldaera ere ageri da batzuetan.
Testuetan aurrenekoz lekukotzen den esanahia ‘hil-kantu’ da (Leiz eresiz kantatu drauzuegu eta eztuzue nigarrik egin); esanahi honekin aipatzen dute Garibaik (“endechas”) eta IbargC-ek (“cantaban… los hechos heroicos de los difuntos”). Heriotzari lotua ez den kantuaz ere esaten da EtxZib-z geroztik (zuhaitzetan kontenplatzak xori bele guztiak, / bere kreatzailleari formatzen eresiak).
Añibarrok ‘istorio, gertakari’ esanahiarekin darabil (iñoren bizitzako gauzaak yakin ezinik edo bazterretako ereziak ta errondoak batu ezinik ibili zareanez).
XIX. mendearen azken urteetatik ‘musika’ esanahiarekin darabilte zenbait autorek, batzuetan Arana Goirik sortutako eres aldaeran (AranaG eres au, Mokoroa eresi gozoari asea eman gabe, Lauax eresa baiton eder); eres forma, bestalde, musikari lotutako hainbat eratorritan ere ageri da (ik. behean).
Aditz moduan ere ageri da, aurrenekoz Lazarragaren bi adibidetan, ‘deitoratu’ esanahiarekin (aide baga bakotx nago / desditxadeau eresketan; bertati jasartenax eresketan). XIX. mendearen bukaeraz geroztik, ‘kantatu’ esanahiarekin erabiltzen da, batzuetan -tu partizipio formaz (TxAgir ze neurritan erestu eban, Etxeita erezi edo kanta ebazan… koplak). Erestu-ren beste adierak dira ‘musika bihurtu’ (AranaG) eta ‘musika sortu’ (Garit).
eres-aldaketa (‘fuga’: Garit), eresaldi (Azk [guztiz ederra izan zan (kantarien) erestaldi guztia]), eresaldu (‘musika sortu’: Arriaga), eres-antzerki (‘opera’: Garit), eresarazi (ereserazi EuskEsn 1911), eresatu (-au AranaG), eresbatza (-batz BeraLzM, Euskera 1919-1920), eres-egile (Bera, Garit), ereserki (‘himno’: AranaG [Euzko-Abendaren Ereserkija]), ereserti (‘musika (artea)’: AranaG, Garit), eresertitza (‘musika-sortze’: Garit), eresgile (AranaG [Arriagatar Jon Kixostoma eresegille andija]), eres-hots (Enbeita [santzoka dabiz eresotsian]; ‘hil-kantu’: erestots Arriand), eresian (Azk (zub.: hori beti bere eresian “ése siempre en su estribillo”; erasian-en aldaera ere izan liteke); erezian asi TxAgir; eresietan asi TxAgir), eresidun (Lekuona [eresidun antzerkia]), eresi egin (‘musika sortu’: eres e. AranaG; ‘eresiak kantatu’: Olab), eresiketa (‘kantu’: TxAgir), eresi-lelo (‘kantu-doinu’: Orixe), eresintsu (‘armoniatsu’: AranaG), eresitxo (Azk), eresi-soinu (Enbeita), eresi-soinuan (eres-s. Enbeita), eresi-tresna (Kkiño), eresi-zale (Azk [gure adiskide eresi-zale batek]), eres-jole (Kkiño), eres-jole-talde (EuskEsn 1913), ereskai (‘olerki’: erezkai Azk; ‘doinu, musika-lan’: eresi-gai EuskEsn 1913), ereskaitz (“no armonioso” eresgaitz Lizardi), ereskera (EuskEsn 1913), ereski (‘musika-lan’: AranaG), ereskida (‘orfeoi’: erez- Azk), ereskide (‘harmonia’: AranaG, Garit), ereskidetu (Garit), ereskidetza (Garit), ereskin (‘musika-tresna’: AranaG, Garit), ereskintza (‘orkestra’: Garit), ereskitasun (Lizardi [esanaren ereskitasunari… zor zaio berea]), ereskitsu (‘harmoniatsu’: -kitxu AranaG), ereskizun (‘kontzertu’: EAEg; ‘kantuz goratzeko gai’: Olab), ereslari (‘olerkari’: eresilari Arana; ‘musika-sortzaile’: AranaG; ‘kantari’: erez- Ezale 1897), eresle (‘kantari’: Azk; erezla Azk), eres-maila (‘musika-eskala’: Gaztelu), eres-neurki (‘konpas’: Garit), eres-neurri (‘konpas’: EuskEsn 1912), erestailu (‘musika-tresna’: Olab), erestelkin (‘gramofono’: Garit), eresti (AranaG [Gernikako Arbolaren erestija egin eban]), erestitza (‘musika-lan’: Garit), erestoki (‘elizako koru’: TxAgir).
► Mailegutzat jotzen du Azkuek (1990 [1922]: 17), grezierazko elegeia-tik hartua dela dio, eta frantsesezko eledxia ahoskamoduaren bitartekaritzaz euskarara iritsia. Honek azaldu lezake zergatik ageri den -a berezkoarekin zenbait autorerengan.
Alabaina, zaila dirudi frantsesetik harturiko mailegua bizkaierara eta Arabako euskarara iritsi izana: hitz honek ez zuen bizitasun handirik izan hizkuntza galo-erromantzeetan, eta frantses zaharrean 1500etik aurrera dokumentatzen da (FEW 3, 212b, elegia); gaskoiz ere ez dugu aurkitu hitz honen bizitasun zantzurik.
Ez du maileguaren azalpenaren alde egiten euskarararen barreneko hitzaren zabalkundeak ez eta, besteak beste, Lazarragaren aditz erabilerak. Gure ustez, ordea, egokiagoa da erausi/erasi-rekin lotzea, asimilazioz eta izen bilakatua erasi > eresi. Esanahiaren aldetik, aditz horietako ‘hitz egin’, ‘hots egin’, ‘esan’ adieretik abiatu beharko genuke, eta ‘istorio, gertakari’ ← ‘hil-kantu’ ← ‘kantu’ bilakaera batean pentsatu, eta esanahia are gehiago zabalduta, ‘musika’. Lazarragaren ‘deitoratu’ ongi lot daiteke ‘hil-kantu’-rekin (ik. deitoratu), baina baita ino-ren familian aurki daitezkeen ‘marmar egin’ modukoekin. Bereziki hurbil geratzen da erasi-tik Azkuek zubereraz jasotako hori beti bere eresian “ése siempre en su estribillo”.
! erosta (~1580: IbargC <he->). ■ Bizk. hitza, jada IbargC-en aipatua; Larramendik ere jasotzen du, eta XIX. mendearen hasieraz geroztik zenbait testutan (batez ere bizk.) ageri da. ‘Eresi, hil-kantu’ da, baita ‘auhen, deitore’ ere (IbargC los lloraban… cantándoles sus herostas en versos y coplas, Zabala orren erostak / azal utsak, Uriarte ots egingo die… progua egitera erostak egiten dakitenai).
◊ Bearnesezko aurost “chant funèbre” (LespyR s.v.) hitzak euskal jatorria duela pentsatu izan da: Rohlfsen (LeGasc §86) azalpena jasotzen du Chauveauk (FEW 25, 281b, auri), zeinaren arabera auri “gémissement, complainte” eta osti “cri” hitzen elkarketaz osatua den auròst. Egiari zor, Azkuek badakar auri-rentzat “endecha” esanahia ere (frantsesez “complainte” itzulia), aski ongi doakiona aurost-en ‘eresi’ esanahiari. Baina osti “cri” horrentzat adibide bakarra baizik ez dugu, Daskonagerreren Atheka-gaitzeko oihartzunak obrakoa —xix. mendekoa, beraz—, eta ezaguna da euskal testu hori berez frantsesezko jatorrizkoaren halamoduzko itzulpena izan zela; baliteke itzultzaileek Larramendiren osti “sonoro” (hots + -ti, noski) adjektiboa izen moduan erabili izana, edo osti ‘trumoi’-ren erabilera zabaldua edo metaforikoa egin izana.
Nolanahi ere den, Rohlfsen auri + osti osaera ez da egiantzekoa bearn. aurost-entzat. Egokiagoa da erosta-rekin lotzea; honela, hitz bearnesaren bokalismoa geratzen da azaltzeko. Bearnesaren barrenean e- > au- ezin azal badaiteke —erromanistek dute hitza horretan—, aukera bat da au- horren jatorria euskal hitzaren aitzinformaren batean bilatzea. Auzia ebazteko asmorik gabe, gogoan har genezake erausi-n badugula -au- diptongoa (etimologikoki erosta-rekin lotu dugu aditz hori, ik. behean); azalbide honetan, honen antzeko bilakaeraren batean pentsatuko genuke: eusk. *erausta > bearn. *aurest metatesiz, eta *aurest > aurost bilakaera azaldu beharko genuke bearnesaren barrenean.
erosta batean (Enbeita [burdiñazko kaiolan dago / erosta baten]), erosta egin (‘deitoratu’: Bilbao), erosta eragin (Zaitegi), erosta jo (Erkiaga [gau osoan erosta joten txinoderreme isilari]), erostaka (Azk Ezale 1897), erostan (Etxeita), erostari (“endechera”, “plañidera” Larm; Zabala), erostatu (Larm).
► Aukera bat izan zitekeen bearnesezko aurost “chant funèbre” izatea euskal hitzaren jatorria. Baina bearnesez ez dute ondare zaharreko hitz moduan aztertzen (are, euskaratik mailegatua dela uste dute erromanistek, ik. goian) eta gainera euskal hitza soilik mendebaldekoa izateak ez du bat egiten gaskoitiko maileguek euskararen barrenean izan ohi duten distribuzio geografikoarekin.
Horrenbestez, euskal ondareko hitza dela argudia daiteke, eta pentsatu erausi-ren eratorria dela, -ta atzizkiarekin (< -da, ik. han). Herots-en gainean osatua izateak aurka du bi hitzen banaketa dialektala: ekialdekoa da herots eta mendebaldekoa erosta.
Ez dirudi hitzekoarekin lot daitekeenik ‘-tara’ esanahidun -ta: ekialdekoa da berau, eta ahota-rentzat, esaterako, lap., bnaf. eta zub. markak dakartza Azkuek (Morf §105). Bada, bestalde, bizk. -ta bat (cf. giberrita, gixonta, gogorta, Morf §317), baina ez dirudi balio ttikigarri hori ere hitz honetakoa denik.
Aukera egokiagoa dirudi sorta, hazta eta halakoekin lotzeak. Bestela, esanahiaren aldetik, aditz-izenetako -te dagoela pentsa liteke, baina -te → -ta aldaketa gertatu dela onartu beharko genuke, balizko *eroste baten aztarnarik utzi gabe (cf. lora, andra… FHV 128).
Esanahiaren aldetik, erausi eta erasi-n dugun esatearen ekintza orokorraren barrenean kokatu behar dira ‘eresi’ eta ‘auhen’.
AgudTov-en ustez, batez ere zub. den erots ‘soinu, zalaparta’ ekarri behar da gogora hitz honen etimologiaz ari garenean; eresi hitzarekin erkatzeko aukeraz ere mintzo dira.
! herots (1657: Oih). ■ Ekialdeko hitza (gnaf., bnaf., zub.). Aldaerak dira herots, herotx, heotx, herrots, hiots eta ehots (zub.), heots (bnaf., zub.) eta erots (gnaf.).
Esanahi nagusia ‘hots’ da (Belap herots handi Zelütik jiten zen bat, Maister Jinkuaren hitzaren herots txipia); gnaf. ‘kazkabar aurreko hotsa’ adiera du (Azk/Izag, Lizarg goibel ilun disimulatu bat egon ta egon erots ixil bateki sor sorra). ‘Ospe’ esanahiarekin ere ageri da Oihenarten hiztegitxoaz geroztik, non zub. markarekin ageri baita (Belap egiazko saintütarzüna eztela herots handitako gaizen egitia).
herosdun (‘ospetsu’: Oih [oin, tipiz, herotsduna]), heroska (Azk (zub.)), herosti (Intxpe [jentetze herotsti handi bat]), herostioi (“bullanguero” Azk (zub.)), herots egin (Maister [kanpuan herots egiten dian botzari]), herotsetan (Eskuald).
► Esanahiaren aldetik hots-ekin lot badaiteke ere (cf. hots-en ‘ospe’ adiera), formaren aldetik hastapeneko er- zer litzatekeen ez legoke argi. Bestelako aukerak aztertzekotan, agian *eranots proposa daiteke, erauntsi-ren familiari lotuz, esanahiaren aldetik arazorik gabe (familia honetan badira euriaren hotsari loturiko adierak, hitzaren ‘kazkabar aurreko hotsa’-rekin lot litezkeenak). Bilakaera zehatzari dagokionez, badirudi *eranots > *erahots > *heraots > herots moduko zerbait proposatu beharko genukeela.
Proposamen honentzako eragozpena da, ordea, erauntsi bera izatea *eranotsi aitzinformaren ondorengoa. Horretaz gain, aldaera zenbaiten xehetasunak ez leudeke argi: *erhots batetik azaltzen dira hobekien herrots eta ehots —lehenerako, cf. orhoit/orrhoit (FHV 329, 5. oh.); bigarrenerako, cf. hitz horren beraren ohitu aldaera—, eta badirudi *erhots horretara iristeko urrats gehigarri bat beharko genukeela, herots > erhots. Ez dago argi zenbateraino litzatekeen egokia proposamen hau kronologiaren aldetik, onarturik gerora sorturikoak beharko luketela errots eta ehots.
♦♦ euskara (1545: Etxep (h-); eskera 1562: Land; ẽũskera 1571: Garibai; eskara 1627: EtxZib; uskara 1674: BeraGut; eskuara 1692: MDass; ik. Erdi Arokoak). ■ Hitz orokorra (erdara-ri kontrajartzen zaio). Oro har, forma -era-dunak mendebaldekoak dira (arab., bizk. eta gip. gehiena), eta -ara-dunak, berriz, ekialdekoak. Forma hasperenduna (heuskara, heskuara) Leizarraga, Etxart (cf. Egiat hüskaldun) eta, Etxeparegandik hasita, hainbat baxenabartarrengan aurkitzen da (Lopez, Salab, Bordel; cf. Laphitz heskualdun). Hasierako diptongoa euskera forman gorde da gehienbat; lap. eta bnaf. (gehi bazt.) eremuan esk(u)ara gailentzen da euskara-ren kaltean (MDass, Goihetxe eskoara); erronk. eta gnaf. zati batean uskara dago eta zubereraz üskara (Oih, Tartas euskara); mendebaldean, euskera-z gainera, eskera dago Landuccigan (eskuera ere jaso izan da zenbait puntutan), eta euskeera bizkaitar batzuengan (JJMogel, frBart). Mendebaldean, leku askotan bederen, azentu markatua du: euskerà (galderà bezala, adibidez, eta galerá ez bezala).
XX. mendean euzkera erabiltzen dute zenbait bizkaitarrek, Arana Goiriri jarraikiz: euskera darabil 1897 arte hark, eta orduz geroztik euzkera, bere ustez e(g)uzki-rekin lotua dagoelako jatorriz (Pagola 2005: 156-161); ik. behean euzko.
Elkartuetako lehenbiziko osagai moduan erabili izan da, nahiz eta euskal baino askoz gutxiago (Oih euskara / kobla honzalen eskuetara, frBart euskeera-erri guztietan); izenondo bezala ere badira adibide banaka batzuk testuetan (MarIlhab ortographa eskuara, ArmanUsk armanak üskara). ‘Euskaraz’ balioarekin ere ageri da bizkaierazko testu batzuetan (Mogel egizu euskera).
Euskal elkartu askotan ageri da. Kasik esan liteke hizkuntza idatzian (izenaren aurretik doan) izenondo bihurtuz joan dela. Iparraldean euskaldun erabili izan da hegoaldean euskal erabili den kontestu askotan. Badirudi XIX. mendean hasten dela zuzenean hizkuntzarekin ikustekorik ez duten gauzei aplikatzen (adib. ArreseB euskal oiturak; cf. Elizanb eskualdun arbola; nolanahi ere, cf. behean Euskal Herri).
□ Erdi Aroan, zinez aurreratu lezake lehen lekukotasuna Marzuq ibn Uskara pertsona izenak; Uskara izeneko norbaiten seme da Marzuq, VIII. mendeko buruzagi musulmana; XI. mendeko Al-Udri andalustarraren kroniketan ageri da izen hori (ik. de la Granjaren itzulpena, 1967: 509). Miguel Erdara (SJuan 1276) izenarekin konparatzen du Peillenek (1995), eta proposatzen du Uskara hori ere antzeko izendapena izan daitekeela; halaxe galdetzen du Cañadak ere (1980: 8): “¿hijo tal vez de un vasco, Uskara?”.
● euskalari Arana (euskeralari), Lacombe; euskalari aldaera nagusitu da; ArreseB-k euskeralari darabil, esanahi ez argi batekin.
● Euskaltzaindi Euskera 1919-20 aldizkarian onartua; osaera bitxiko neologismoa, -di atzizkia batez ere landare izenekin erabiltzen baita, cf. Euskadi, ik. anaidi.
euskalgabe (Arradoi [eskual-dun/eskual-gabe]), euskalgaitz (‘euskaraz gaizki egiten duena’: EtxZib [libra ezazu eskalgaitz, othoi, ene mihia (= ene mihi euskalgaitza)]; ‘euskara txarra’: Mburu [euskal-gaitzeko erria]), euskal gaizto (‘euskara txarra’: frBart [berba euskalgaiztoko asko]), euskalkeria (Herria 1966 [folklore edo eskualkeria]), euskalki (AranaG (euzkelgi), Euskera 1919-20 aldizkarian onartua), euskaltasun (NeolJFlor (1885)), euskaltzain (Euskera 1919-20; ik. goian Euskaltzaindi), euskaltzale (‘euskarari (euskaraz egiteari) atxikia’: JJMogel [diralako eurak (baserritarrak)… euskalzaleenak]; ‘euskalari’: HiriartU [eskualtzale jakintsun arrotzak]; euskarazale Arana [euskerazaleen aitalen otsandiko Larramendi]), euskararatu (‘euskaratu’: Añib), euskaratu (‘euskarara itzuli’: Mogel), euskaraz (esk- Land), euskarazko (Leiz). Cf. kale-euskara.
► Aldaera hasperendun eta sudurkaridunetatik abiatuta, eta elkartu-eratorrietako euskal- orokorra aintzat hartuta, *enuskara berreraiki daiteke (<enusquera> dakar Garibaik, baina bokal sudurkariak adierazteko notazio gisa); *enotsi-rekin lotuta (ik. behean), *enoskara protoformara irits gintezke. Bigarren osagaiarentzat proposatzen dugunaren arabera, *enuskala/enoskala ere berreraiki daiteke.
Aldaerei dagokienez, hasperenaren aitzinatzez azal daiteke h-: *enoskara > *ehoskara > heuskara. Diptongoari dagokionez, eu- > u- bilakaerarako cf. eutzi > utzi, euli > uli, euri > uri; eu- > e- bilakaerarako, cf. eltxo < eulitxo (FHV 99-100); metatesiz azaldu behar da eskuara (FHV 177). Zub. üskara lehenagoko eüskara batetik azaltzen da (Lafon 1933b). Zenbait hizkeratako azentu markatua ongi azaltzen da, aintzat hartuta lau silabako hitz izatetik hiru silabako izatera igaro dela; cf. bazkari, zeinak azentu markatua duen eta barazkari den jatorrian. Orobat gertatzen da hiru silabako hitzak bikoak izatera iragaten direnean (hari eta ate markatugabeen ondoan, cf. ahari, ahate > ári, áte, etab.)
Bigarren silaban -era duten aldaerak aurreko diptongoko bokalerdi itxiaren eraginez azal litezke, bilakaera fonetikoz, baina arazoa da a > e / u, i__ gertatzen ez den hizkeretan ere izatea euskera modukoak; beste aukera bat da proposatzea hitzaren bigarren osagaia ezberdina dela hasieratik (ik. behean).
Irigoienen arabera (1977, 1990), dino ‘esaten du’, dinost ‘esaten dit’ moduko adizkiekin lotu behar da lehen osagaia (< *enausi, haren ustez), eta horren faktitibotzat duen irauntsi ‘hitz egin’-ekin, erauntsi ‘ari izan’, ‘elurra/euria ari izan’, ‘erion’-ekin eta halakoekin (< *eranau(t)si, haren ustez); inotsi ‘erion, euria izan’ ere talde berean jartzen du, cf. badinotso adizkiaren ‘euria ari du’ eta ‘esaten dio’ adierak. Irigoienen proposamena oro har onarturik ere, badirudi aski dela proposatzea *enotsi,[1] eta *eranotsi faktitiboaren bidez azal litezke erauntsi eta halakoen bokalismoaren gorabeherak; *enotsi-k berak -tsi atzizkia du (cf. ebatsi < eban, etab.), eta cf. RS oñon ‘kirrinka egin, soinu egin’, *einon baten alde.
Bigarren osagaia ara ‘-(r)en modura, bezala’, ‘modu, era’ hitzarekin lotu behar da; elkartuetan, cf. gogoara ‘gustoz’, jakiara ‘jakinaren gainean’ eta azkarrara ‘indarrez’, balio adberbialarekin. Azken buruan, hara erakusle adlatiboa izan daiteke, txistukari ondotik -hara > -kara bilakaerarekin (-hen atzizkiarekin, cf. goihen/azken; -hari atzizkiarekin, barazkari/janhari); paralelo moduan, cf. errom. à la française ‘frantses eran’, alla bolognese ‘boloniar eran’, a la vizcaína ‘bizkaitar eran’, etab. Euskera aldaeran, pentsa daiteke ara-ren esanahi bertsuko era/kera hitza dagoela; formaz eta esanahiz, hitzaren kide egokiak izan daitezke hizkera eta, agian, mintzaira ere, nahiz eta geroagokoak izan. Ez dago erabat argi nola lotzen diren ara eta era, ik. han.
Elkartu-eratorrietako euskal- formari dagokionez, baliteke hara-ren jatorrizko albokariaren aztarna egotea hor (< *ha-la), bokalartean ez zegoenean gordetakoa; bestela, elkartu-eratorrietako gertakarien arabera azaldu beharko da (ik. abere).
Esanahiaren aldetik, ‘hitz egiteko era’ litzateke jatorrian hitza; balio adberbiala zukeen hitzak jatorrian (cf. latine, romanice, uasconice, FHV 245); agian ez da baztertzekoa jatorrizko balio adberbial hori egotea egizu euskera modukoetan.
Ezin da modu zuzenean hitza erdal etnonimoarekin lotu (cf. lat. uascones, etab.), eta, itxurazko antza gorabehera (-sk- taldea), litekeena da jatorri eta hizkuntza ezberdinetakoak izatea (Mitxelena 1977a: 15); gogoan har bedi *enotsi + -hara osaeraren hipotesian -sk- taldea ez dagokiolako erro bati —eusk- erroa ere proposatu izan da hitzarentzat, cf. adibidez Humboldt (1821: 55)—. Ausci tribu izenarekin ere lotu izan da (Schuchardt 1907c: 11; vascones-ekin ere lotzen du izen hori, inondik ere ziurra ez dena), eta au- > eu- bilakaeraren adibide posibletzat jotzera iristen da Mitxelena (FHV 100, 19. oh.) —eusk. eu- latinez au- egokitu ahal izan zela baztertu gabe, halere—; hipotesi honetan Ausci-ren eratorria litzateke hitza, etnonimoaren gainean osaturikoa, eta ‘Auski leinukoen hitz egiteko era’ esanahiz. Jakina, hori ezinezkoa da formaren zein esanahiaren aldetik (askoz geroagokoak dira -n- > -h- eta hasperenaren lekualdatzea, Erdi Arokoak, eta antzinatean dokumentatzen da Ausci).
euskaldun (1545: Etxep (h-)). ■ Hitz orokorra. Ohartzekoa da euskaldun forma euskara baino gehiago hedatzen dela mendebaldera (autore askok euskera baina euskaldun erabiltzen dituzte; euskeldun, XX. mendea baino lehen, Larramendi eta Arrese Beitiagan bakarrik aurkitzen da). Izen batekin doanean, aurretik nahiz atzetik joan daiteke (Oih Zalgiz, eskaldun poeta; Kardab maisu euskalduna).
euskaldun berri (Irig Eskuald 1929), euskaldundu (Pouv, TxAgir), euskaldun-ez (‘euskalduna ez dena’: Larm; cf. ederrez, gauzaez, heziez izenondoak), euskaldun garbi (Baratz [aphez iakintsun eta saindu bezain eskualdun garbi]), euskaldunki (Zubiri [aditza… eskualdunki ibiltzea]), euskalduntar (Txirrita), euskalduntasun (ArreseB), euskalduntsa (MElizanb; -sa atzizkiarekin).
► Osaera garbia du: heuskal- + -dun atzizkia. Atzizkiaren balioa edutezkoa zein egitezkoa izan daiteke (ik. -dun, s.v. edun). Hitz honetan, beste askotan bezala, jatorrizko edutezko baliotik (‘euskara duena’ litzateke), ‘euskara(z) egiten duena’ baliora zabaldu da (cf. adib. Harr: “qui parle la langue basque”).
euskal herri (1571: Leiz [Heuskal-herria]; euskel ~1580: Lazarg [Euskel Erriau]). ■ Erabilera orokorra du. Euskaldun-ekin gertatzen den bezalatsu, euskal (h)erri forma ere euskara baino gehiago hedatzen da mendebaldera (XX. mendea baino lehen, euskel (h)erri Lazarragagan bakarrik aurkitzen da). Oso ohikoa izan da erabilera ez-singularra (EtxSar Espainiako eta Franziako bertze Eskual-herrietan, Mogel euskal erri askotan, Xenp gu gera euskal erriyak).
euskal herritar (AranaG (euskelerritar)).
► Bigarren osagaia ‘lurralde, eskualde’ adierarekin agertzen da, cf. Goierri, Deierri, etab. Paralelo moduan, cf. alem. Deutschland, ing. England, etab., baina, Euskal Herri-ren kasuan, hizkuntzak eman dio izena herriari (eta herritarrei, ik. goian euskaldun).
♦ euzko. ■ Arana Goiriren neologismoa, 1886an sortua (eusko forman) vasco eta eusk-en arteko harremanari buruzko artikulu pare batean (O[bras]C[ompletas] 32-39). Lurraldea izendatzen zuela dio hasieran (OC 38): “Eusko debió significar en los tiempos de Roma el territorio ocupado por el euskeldun” (ik. behean Hesperia-ri dagozkionak). Geroagokoa da “vasco (de raza)” adiera, 1897koa, harrezkero euzko forman (Pagola 2005: 156-157), eta honela azaltzen du 1901ean: “euzko es el nombre étnico de la gens o familia vaska […] euzko (raza vaska)” (OC 1789). Euskaraz lehenbiziko aldiz Umiaren lenengo aizkidia izenburuko lanean erabiltzen du Arana Goirik, 1897ko otsailean, euzko aldaeran (OC 1059 euren sengijak euzkeldunak dira, euzko-odolaren tantae bat bez euren zanetan euki barik). Geroztiko autoreengan bi aldaerak txandakatzen dira.
Batez ere hegoaldeko autoreek erabilia; sabindar hutsen artean baino inguru zabalagoan aurkitzen da, segur aski ‘euskal abendako edo euskal abendari buruzkoa, baina ez nahitaez euskaldun edo euskarazko’ adieraz zezakeen hitzaren hutsa betetzeagatik.
Izenlagun moduan erabiltzen da batik bat (Enbeita euzko-abenda zarra, Lizardi eusko-langilleak, Barand eusko-edestiaurreko aztarna-tokietan), baina izen moduan ere ageri da (AranaG edozein euzkoren semiari, Lizardi iru milla eusko yator bada).
► Eusko hitzaren sorreran, Humboldti (1821) aitortzen dio lehentasuna Arana Goirik, geroztiko beste zenbait autore ere aipatuta: dioenez, eusko eta vasco hitzak 1886an bertan berdintzen ditu Unamunok, eta lehenago egiten omen du gauza bera Balbik, Humboldten lanetik hogeita bost urtera.[2] Are lehenagoko erreferenzia bat dakar, ordea, Estornés Lasak, “Viene vasco de eusko?” izeneko atal batean (1965: 53, 2. oh.): “Quien primero relacionó ambas voces fue Labastide en 1786 en una obra sobre los Comentarios de Julio César (Vinson, p. 128) […] Habla de eusques o basques. Le sigue Humboldt en 1821. Datos de Gandía, Gárate, Veyrin”; Garatek dio (1951: 48) Veyrinek ematen diola 1937an horren berri, idatziz. Alabaina, Labastideren lanak “Recherches sur l’origine et la signification des mots Wasconès, Gascons” izeneko atal bat baldin badu ere (1786: 44-50), ez dugu bertan Estornések eta bestek diotenik aurkitu; zaila dirudi bere obraren beste parteren batean aipatu izana,[3] eta baliteke Estornések aipatzen dituen Gandíak edo Veyrinek gaizki bildu izana.
Egiari zor, alemanez ari baita, Humboldtek berak ez du etnonimoa -o bukaerarekin ematen, berau euskara hitzetik ondorioztatzen duenean: “Wörtlich heisst daher Euscara, ‘dem Euskischen gemäss, nach Art des Euskischen’” (1821: 55, 59. oh.) eta “Der Stamm des Worts ist Eusc oder Esc. Der in der heutigen Sprache liegenden einheimische Name des Volks ist also der der Eusken, oder Esken” (1821: 55); gaztelaniara itzultzean agertzen da eusko, eta, itxura guztien arabera, lat.-errom. vasco-rekiko ikusi nahi zaion kidetzarengatik egiten da -o bokalaren alde.[4] Horretaz gainera, Humboldtentzat etnonimoa da eta, 1886ko lanetan, lurraldea izendatzen du Arana Goirirentzat: are gehiago, lan horretan Arana Goirik eus-ko ere zatitzen du, eta lehen zatia eutsi aditzarekin berdinduta,[5] *eus-go bat ikusten, eta ‘goiko lurralde, iparraldekoa’ izango zela dio (Esperia izenarekin kontrajartzeko, eus-be- litzatekeena, etab.; OC 38-39, Pagola 2005: 158).
Azalpen etimologiko horien aurretik, dena den, eusko formaren jatorriaren berri zehatza ematen du (OC 35): eusk-era zatituta eta bigarren partean -era ‘hizkuntza’ (< ‘modu’) bat ikusi nahirik, eusko ateratzen du; jarraian, lap. euskoara, eskoara modukoak hartzen ditu jatorrizkotzat, bizk. euskuera, eskuera eta gip. euskuara, eskuara formen aldean, eta o > u gertatu dela pentsatuta (euskaraz ez dago, dionez, u > o legerik), eusko ondorioztatzen du. Azalpen hauen ondotik esaten digu lurraldea izendatuko zuela (cf. goian “debió significar […] el territorio”).
1901eko lan batean analisi bera egiten du, baina bere euzkera-tik abiatuta, eta euzko-era proposatuta. Esanahia, ordea, bestelakoa ematen dio: “es el nombre étnico o nacional del vasko; por manera que euzkera fue euzko-era, es decir, lengua de la gente vaska, lengua de la nación vaska, lengua del vasco: lengua del euzko” (OC 1783-1785). Honela laburbiltzen du esanahiari dagokion uste aldaketa: “De todo lo que queda visto [azalpen luzeak emanak ditu euzko-ri buruz], fácilmente se infiere que euzko no era nombre geográfico, de país, de territorio, sino nombre de sangre, de familia, de gente, de raza” (OC 1825-1826); egiari zor, azalpen luze horietan ez da oso argi ageri iritzi aldaketaren zergatia, eta badirudi, iritzi aldaketaz jakitun, berau nabarmendu nahi izan duela, besterik gabe.
Euzko-ren etimologiarako, berriz, eguzki oinarri hartuta eguzkoa ‘eguzkikoa’ proposatzen du lan berean (OC 1789), euskaldunak ekialdetik etorriak zirelakoan, Europako arraza guztiak bezala, edo, bestela, eguzkia gurtzen zutelakoan. Alabaina, Arana Goirik bere ideien sorreraz 1901ean ematen dituen azalpenak gorabehera, litekeena da beste nonbait bilatu behar izatea -z- horren jatorria, ik. jarraian Euzkadi. Aldaera -s-dunaren eta -z-dunaren artean bere obran dauden gorabeheretarako, ik. Zabaltza (1997: 78, 6. eta 7. oh.); goian aurreratu bezala, 1896ko urte bukaeraren eta 1897ko hasieraren artean egin zuen batetik besterako jauzia.
euzkadi. ■ Arana Goiriren neologismoa, euskarazko testu batean aurreneko aldiz 1897an erabilia, Umiaren lenengo aizkidia izenburuko lanean (OC 1058 zein dok… Euzkadi yeritxuagun… luiki ta erri-batza?), ik. goian euzko. Alabaina, 1896ko irailean ere erabiltzen da, Lecciones de ortografía del euskera bizkaino argitalpenaren bukaeran (OC 982), Zazpiak-Bat argitaletxearen ikurrean, eta Zabaltzak nabarmentzen duen bezala (1997: 78-79, 9. oh.), hilabete batzuengatik baino ez bada ere, euzko bera baino lehenagokoa dugu Euzkadi.
Osaeraz ezberdina izango bazen ere, aipatzekoa da Eusebio Maria Azkueren Euzkadia, haren 1862ko olerki argitaragabearen izenburua, Arana Goirik nekez ezagutu zezakeena (lan eskuizkribatu horren berri Basilio de Guerrak eman zuen lehenengoz, 1917an, Euskal Esnalea aldizkarian). Hegoaldeko lehenbiziko autore abertzaleen artean ageri da, gero iparraldeko batzuengan ere aurkitzen delarik. Aranak beti -zk- badarabil ere (euzko/eusko-ren kasuan ez bezala), Euskadi aurrenekoz Arrese Beitiak darabil 1905ean (Baña alan bere ots egiñ nai dau / ¡Gora goigora Euskadi!),[6] eta gero eta gehiago zabaltzen da (Etxeita, Lhande, Zamar, Lizardi, Anab…), eta XX. mendearen azken laurdenaz geroztik nagusi da (sabindarren artean baizik ez da Euzkadi aurkitzen).
Esanahiari dagokionez, euskal abenda delakoa bizi izan den zazpi probintzien eremua adierazten du politikaren aldetik, hizkuntzari lotuago dagoen Euskal Herria-k ez bezala; cf. AranaG: “Euzkadi tiene para nosotros […] el significado de la totalidad del País Vasco, desde el Adur hasta el Ebro […] lo cual no puede decirse de Euskal-Errija”, Campioni erantzuteko egindako artikulu batean (Pagola 2005: 154).
euzkaditar (AranaG [Euzkadikuak bai-dira, Euzkadin bixi diralako; baña eztira euzkaditar edo euzkotarrak, Euzkadi-abendearen seme eztiralako]).
► Arana Goirik 1901ean esplikatzen duenaren arabera (OC 1828), euzko + -di da osaeraz, elkartu-eratorrietako euzka- formarekin. 1896an sortua, geroago, 1901ean, xehetasun gehiagorekin dihardu hitzaren osaerari buruz (OC 1825-1828; Pagola 2005: 152-154). Euzko sarreran aurreratu bezala eta Arana Goiriren 1901eko esanak gorabehera, ordea, bestelakoak dirudite hitzaren 1896ko sorreraren xehetasunek, ik. behean.
Esanahiari dagokionez, honela azaltzen du Arana Goirik: “Éste no es más que un conjunto de familias vaskas (antiguamente estados separados): una agrupación localizada de euzkos” (OC 1827) eta “agregando el sufijo di al nombre euzko resulta el de euzko-di, significando etimológicamente conjunto de euzkos” (OC 1828).
Atzizkia landare izenekin erabiltzen da batez ere, eta honen harira ezaguna da Unamunoren adarjotzea, zeinaren arabera “arboleda de euzkos o vascos” zen Euzkadi (Pagola 2005: 155). Alabaina, ez da bakarrik Arana Goiriren kontua horietatik kanpo erabiltzea: cf. Pouv, EtxZib gizondi, Martin Harrieten harridi, gizondi, eta Larramendik geroago sortuak (Harrieti berari ikasirik, noski; ik. Lakarra 1995b: 37); ik. goian Euskaltzaindi.
Nolanahi ere, Mitxelenak gogoratzen digun bezala (1984c: 29, 1993: 333-334), agian hobe da ez erabateko neologismotzat jotzea, baizik aurrez ezagunak ziren izendapen zenbaiten gainean berreginiko formatzat: Euskeria edo Euskaria erabiliak ziren XIX. mendean (gehienbat erdaraz),[7] eta ez da zentzugabea pentsatzea horien ereduaren gainean sortu zela Euskadi, atzizkia “euskaratuta”. Honela dio Mitxelenak: “me parece, en otras palabras, un nombre bien o mal reformado, más que formado […] Podríamos decir, sin faltar demasiado a la verdad, que -aria fue vasquizado en -a-di” (1993: 333-334).
Atzizkiari eta hitzaren birmoldatzeari buruzko ohar horien gainetik, beste bat egin beharra dago, hitzaren osaeraren muinari dagokiona: euzko + -di osaera ematen du Arana Goirik 1901ean, baina, Zabaltzak agerian utzi bezala (1997), Arana Goirik Bizkaia-ren etimologiaz duen usteari lotua dago euzko —egina zuten lehenago ere, XVI. mendean, vasco-ren eta Vizcaya-ren arteko lotura Covarrubiasek, Mercatorrek eta Venegasek—. Aranak be-Euzko-di-a ‘beheko baskoen multzoa’ esplikatzen du Bizkaia (nonahi ikusten du euzko, baita Gipuzkoa, Orozko eta Amezkoa izenetan ere, OC 1061), eta etimologia honen arabera moldatu zuen eusko, euskara eta besteren ortografia; izan ere, <z>-rekin idazten baita Bizkaia, euskaraz zein erromantzez. Eta honela laburbiltzen du Zabaltzak (1997: 80-81): “Arana no formó Euzkadi a partir de euzko + -di, sino que euzko, di y Euzkadi le vinieron impuestos por su etimología de Vizcaya”. Ikuspegi honen arabera, dio Zabaltzak, ez litzateke neologismoa izango Euzkadi, baizik be-Euzko-di-a-tik abiatuta atzeranzko osaeraz sorturiko izena. Horrela bada, eguzkiarekiko lotura ondorioa baizik ez da, ez Euzkadi izenaren arrazoia: 1896an Bizkaia izenaren arabera taxutu zuen Euzkadi, eta, 1901ean, aurretik bestek proposatua zuten euskara/eguzki lotura erabili zuen bere aukeraren berresgarri; Zabaltzak dioskunez (1997: 81, 26. oh.), Aizkibel izan zen lehena, 1836an, lotura hori egiten.
Eusebio Azkueren Euzkadia-ri dagokionez, bestelako osaera baten aukera hobetsi behar da, ziur asko: Euskal Herriaren Euzka musaren ohoretan egindako kantu epikoaren izena da Euzkadia, eta berau Iliada eta Eneida modukoen eredura sortua izango da, Astigarraga eta Bijuescaren arabera (Azkue 1990: 25-28), Euzka + -da + -a (artik.) > Euzkadea > Euzkadia. Ik. Pagola (2005: 155, 4. oh.).
euzkotar. ■ Arana Goririen neologismoa, 1897an sortua. Hegoaldeko (eta Iratzeder bezalako iparraldeko autore bakan batzuek) erabilia; euskotar aldaera, euzk- bezain ohikoa, dagoeneko Etxeitagan aurkitzen da (1905ean).
Esanahia ‘euskal abendako euskal herritar, ez nahitaez euskaldun’ da (AranaG Aberrijaren bijotzarentzat euzkerea eztakijan euzkotar bakotxa da arantza bat, Lizardi Aralar aundia, euskotarren zaindari); izenlagun moduan ere agertzen da (Enbeita euzkotar anaiak), batzuetan gauzei buruz ere (EAEg Euzkotar Burnibide Bazkuneko zuzendari). ‘Euskal abertzale’ esanahiarekin ere jaso izan da (TEtxeb).
Azkue Biblioteka eta Artxiboa Euskaltzaindiaren zerbitzura dago. Horrez gainera, zabalik dago ikertzaile ororentzat, eta bere ahalbideen neurrian euskal kultura gaien ikerkuntza eta hedapena sustatzen eta laguntzen saiatzen da.