Esate baterako, nola osatu behar da esaldi honen laguntzailea: Nik zu poliziari entregatuko... XXX?
Horrelako egiturak oso bitxiak dira; hain bitxiak, non literatura-tradizio osoan ia erabili ere ez baitira egin (eta erabili diren bakanak, literatura zaharrean). Horrek esan nahi du erabili behar handirik ere ez dagoela.
Objektua 3. pertsona ez den kasu horietarako ez dago paradigmarik euskara batuan, normalena objektua ia beti zerbait baita, eta ez norbait. Objektua 1. edo 2. pertsona bada, bestelako egitura batzuetara jotzea da ohiko baliabidea. Datiboko sintagma kentzea, adibidez: Txominek alkatearen aurrera (alkatearengana) ekarri nau. Poliziaren eskuetan utziko zaitut. Polizia-etxera eramango zaitut edo horrelako zerbait.
Arestian esan bezala, era horretako adizkiek presentzia txikia dute. Aipatu bai, aipatzen dira Euskaltzaindiaren arauetan [78. araua, 683. or.], esate baterako, eta adibide batzuk jasotzen dira bertan: Zuk ni hari eraman naiozu eta abar. Patxi Altunaren Euskal Aditza. Batua? Baturakoa liburuan (Bilbo: Etor, 1971) ere aipatzen da auzi hori (66. or. eta ondorengoak). Han esaten denaren arabera, Hegoaldean ez da jaso Azkuek Arratian entzundako hiru formak besterik (eta literatura idatzian, bat ere ez). Iparraldean, berriz, 15 agerraldi aipatzen ditu Altunak (horietatik 13, Leizarragaren testuetakoak). Adibide bat ere aipatzen du Altunak pasarte horretan: Txominek ni hartu eta alkate jaunari eraman... kasuan, aditz laguntzailea N-A-U-KIO edo horrelakoren bat litzatekeela dio.
EUSKALTZAINDIA. “Aditzaren jokabidea: Nor-Nori-Nork, 3. pertsona ez denean”, Jagonet galde-erantzunak.