NONGO(A), NORENGANAKO(A), NOREKIKO(A) eta antzeko kasu-moldeek, izena kenduz gero, -a mugatzailea hartzen duten bezala (Getariako (mutil)a > Getariakoa), NORENTZAKO kasuarekin ere berdin gertatzen da: amarentzako (opari)a > amarentzakoa.
Ez dago ezkutatzerik, dena dela, NORENTZAKOA kasuak testigantza urria duela tradizioan (Jatorra da liburu honetakoa: arina, erraza, edozeinentzakoa).
Eguneroko jardunean forma arruntagoak erabiltzen dira, hala nola genitiboa (amarena) edo adizlaguna (amarentzat). Esate baterako: Oparien artean, zein da amarentzakoa? baino gehiago, zein da amarena? / zein da amarentzat?
EUSKALTZAINDIA. ““Norentzat” adieraztea: -tzakoa (norentzakoa)”, Jagonet galde-erantzunak.