- Zergatikoa adierazten duen zeren (eta) esapidea lokailua edo menderagailua izan daiteke.
a) Lokailua denean, menderagailurik gabe doa. Arma hauekin ni ezin higi naiteke, zeren ez naiz usatua. Hori horrela da, zeren aitak dioen bezala: "Nik dut beti arrazoia".
b) Menderagailua denean, <zeren (eta)... bait-/-(e)n> egitura darama, eta horixe da modurik erabiliena. Bizio guztiek egiten dute laster alfertasunera, zeren ama baitute. Ez dira sendatzen, zeren ez baitira entseatzen. Zeren eta ez bainaiz egiazki deus. Zeren bihotzik ez duten beren ohiturak uzteko. <zeren... bait-> egiturako zeren osagaia ez da nahitaezkoa, baina lagungarri gertatzen da, esaldi konplexuetan bereziki.
Zeren nahiz zeren eta, bi formak, erabil daitezke, bigarrena lehenengoaren indargarria besterik ez baita. Hala ere, zeren eta formak, testua luzea edota konplexua denean, argiagoa eta irakurgarriagoa egiten du hura, hitz iragarle gisa jokatzen baitu.
Zerenen ordez, herri-hizkeran, ahozkoan bereziki, eta batez ere Hegoaldeko euskaldunen artean, zergatik (-(e)n) eta zergatik ezen (bait-) —ahozkoan [ze(r)(g)atik ze] entzuten da— erabiltzen dira.
;
- Galdetzailea ere izan daiteke zeren, eta, orduan, zergatik galdetzailearen sinonimo da. Ene Jainkoa, zeren abandonatu nauk? Zeren egiten duzu hori?
EUSKALTZAINDIA (2016). Euskaltzaindiaren Hiztegia. Bilbo: Euskaltzaindia.
—(1990). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak III (EGLU III). Bilbo: Euskaltzaindia (178).
—(2005). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VI (EGLU VI). Bilbo: Euskaltzaindia (185-189, 207-208).
— “Kausa adieraztea: zeren (zeren… bait-/-en) ”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Kausa adieraztea: zeren eta”, Jagonet galde-erantzunak.
EHUko Euskara Zerbitzua (2008). "Zeren... bait", Ehulkuren aholku guztiak.