Hamartar hitza, kategoriaz, adjektiboa da. Adibidez, zenbatzeko sistemarik erabiliena sistema hamartarra da; sistema horretan, maila bakoitza azpiko mailako hamar unitatez osatuta dago: horregatik da hamartarra. Badira logaritmo hamartarrak ere: oinarritzat 10 zenbakia erabiltzen dutenak.
Dezimal hitzak, berriz, bi kategoria ditu. Batetik, izena da, zenbaki-sistema hamartarrean komaren eskuinean dagoen zifretako bakoitza adierazteko: 4,25 zenbakiak bi dezimal ditu: 2 da lehenengo dezimala, eta 5, bigarrena. Hala, dezimalak dituzten zenbakiak zenbaki dezimaldunak dira.
Bestetik, adjektiboa da, eta hamartar hitzaren sinonimoa da orduan. Hala izanik ere, jokamolde nahiko sistematikoa dute testu espezializatuetan:
- Zenbaki, sailkapen, zenbakikuntza/zenbakera izenekin batera erabiltzen denean, hamartar da forma estandarra: sailkapen hamartarra, sistema hamartarra, zenbakikuntza hamartarra...
- Zenbaki dezimaldunak dituen bi parteetako bat bestetik bereizteko, dezimal erabiltzen da. Komatik ezkerrera dagoena zati osoa da, eta komatik eskuinera dagoena, berriz, zati dezimala da. Zenbaki baten zati dezimala. Zenbakiak bi dezimalekin idatzi. [EH; Matematikako Oinarrizko Lexikoa]
ETXEBARRIA, Jose Ramon (2011). Zientzia eta Teknikako Euskara Arautzeko Gomendioak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza. (37-53).
MUJIKA, Alfontso (2013). "Hainbat ez dira batzuk", 31 eskutik.