Eratorpen-morfema hauek esanahi bat baino gehiagoko hitzak sortzen dituzte berez, eta kontua ezin da denetara zabaldu.
Ataltxo honetan —nahiz eta zaila den asebeteko erantzuna ematea eta gehienetan Euskaltzaindiaren Hiztegira jo beharko den aukera egokia zein den jakiteko—, morfema horietako bakoitzak zer egiteko zehatz duen azaldu nahi da, bi ezaugarri hauek dituztenean: formaz aditzaren gainean eraturik daudenean eta esanahiz ‘ekintza edo jarduera’ adierazten dutenean.
a) -keta. Ugari dira tradizioan atzizki honekin osatutako izenak: aldaketa, alderaketa, antolaketa, apainketa, geldiketa, zenbaketa, zamaketa, zapalketa, zuriketa... Baina badira Euskaltzaindiaren Hiztegiak espresuki baztertuak ere (ikus beherago).
Gaur egun, sarritan, es: <-ción> eta fr: <-tion> bukaeraren ordez erabiltzen da sistematikoki. Batzuetan, hala ere, ez da egokia. Maileguetan hobe da beste bide batzuk hautatzea: esaterako, -zio edo -t(z)e aditz-izena.
b) -zio. Euskal oinarriei erantsirik ere ageri den atzizki hau (amorrazio, burutazio, asmazio, segizio...) -keta baino egokiagoa da zenbaitetan hitz berri mailegatuetan. Honela datoz hauek Euskaltzaindiaren Hiztegian: azentuazio, balorazio (baloraketa), ebaluazio (ebaluaketa), erredakzio, instalazio, koordinazio, oposizio...
c) -pen edo/eta aditz-izenaren alde egin du Euskaltzaindiaren Hiztegiak beste batzuetan: argitalpen (eta argitaraldi) (argitaraketa), artxibatze (artxibaketa), desagerpen, desagertze (desagerketa), errepikapen (errepikaketa), erroldatze (erroldaketa), hondorapen, hondoratze (hondoraketa)...
d) Beste irtenbide bat ere ematen du beste batzuetan: erabilera (erabilketa); eraikuntza (eraiketa); gainbegiratu (gainbegiraketa); lapurreta (lapurketa); digestio (digeriketa)...
e) Zenbaitetan, baztertu egin dira badaezpadako eraketa zutenak: *oposaketa.
EUSKALTZAINDIA (1994). LEF batzordea, “-era, -keta, -kuntza, -pen...”, Euskera 39, 3: 1046-1047.
— “Ekintza adieraztea: -pen/-men, -keta, -tze (iraungitze, iraungipen)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Ekintza/ondorioa adieraztea: -keta, -mendu, -kunde (antolaketa, antolamendu, antolakunde)”, Jagonet galde-erantzunak.
EHUko Euskara Zerbitzua (2015). "-KETA atzizkia", Ehulkuren aholku guztiak.