Adierazpen-perpaus osagarrietako (konpletiboetako) menderagailu ohikoena, -(e)la, bestelako perpaus menderatu batzuetan ere agertzen da (denborazko, moduzko...).
a) Egokiak dira Lehen aldia zen nik bertsolariak entzuten nituela eta Badira bi urte zigarrorik erre ez dudala erako denborazko perpausak (denbora-tartea adierazten dutenak), nahiz eta zenbaitetan zuzendu izan diren, erlatiboa bakarrik zelakoan zilegi (Lehen aldia zen nik bertsolariak entzuten nituena). Beste hurrenkeran, jakina, erlatiboa bakarrik egin daiteke (Bertsolariak entzuten nituen lehen aldia zen).
b) Okerra da, ordea, honelako erlatiboetan -(e)la erabiltzea:
*Badu lagun bat igeltseroa dela (> Badu lagun bat igeltseroa dena).
*Donostiako Zinemaldian izan naiz, dela munduko garrantzitsuena (> Donostiako Zinemaldian izan naiz, munduko garrantzitsuenean / Donostiako Zinemaldian izan naiz, munduko garrantzitsuena den horretan.
*Ezagutzen ditut mutil batzuk bizi direla baserri batean... (> Ezagutzen ditut mutil batzuk(,) baserri batean bizi direnak / Baserri batean bizi diren mutil batzuk ezagutzen ditut / Ezagutzen ditudan mutil batzuk baserri batean bizi dira).
c) Honako -(e)la hau erdararen kalko nabarmena da: *Kontuz, bero(a) dagoela! (> Kontuz, bero(a) dago (eta)!). *Ez ibili irristailuekin, eroriko zarela! (> Ez ibili irristailuekin, eror zaitezke eta / erori egingo zara eta!).
d) Batik bat mendebaldean (bizkaieraz) -(e)na menderagailua erabiltzen da batzuetan -(e)la menderagailuaren ordez. Baina ez da hori edozein testuingurutan gertatzen:
- Aditz-mota batzuekin bakarrik erabiltzen da: aditu, aitortu, erakutsi, ezagutu, gogoratu, gomutatu, igarri, ikusi, jakin, sinetsi, susmatu... Adibideak: Badakit etorri dena. Badakit Eñautek etxea saldu duena.
- Eta beste predikatu hauekin: egia izan, ezagun izan, gezurra izan, itxura ukan, jakina izan, seguru egon/izan, zer esanik ez, zalantzarik gabe, bistan egon... Adibideak: Ikusi dugu kristaua zarena. Erakuts dezagun geure berba guztietan, egiaren semeak garena. Ezagun da gaztea zarena.
EUSKALTZAINDIA (1999). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak V (EGLU V). Bilbo: Euskaltzaindia (67-69, 50).
— (1994). “Gramatika batzordearen II. Okerrak zuzenduz”, Euskera, 1994, 3: 962-963.
— “Aditzaren jokabidea: jakin (badakit etorri dena)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Aditzaren jokabidea: subjuntiboa (joan zaitezen esan dit / joan zaitezela esan dit)”, Jagonet galde-erantzunak.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (33-34).