Errespetuzko jardunean, ohiturazkoa izan da on titulua erabiltzea; esaterako, On Luis, herriko apaiza.
Jakin nahi genuke doktore (doktoregoa egin duena), unibertsitateko irakasle, katedradun, mediku eta abarrekin zer estilo gomendatzen duen Euskaltzaindiak. Tradiziozko on tituluarekin batera, erabil daitezke, esaterako, profesore edo doktore? Ala besteren batzuk?
Euskaltzaindiak ez du berariazko araurik eman aipagai den kontuaz, baina badira ohitura batzuk pertsonaren maila soziala, titulua edo begirunea adierazteko erabiltzen direnak: jaun, andre (andere), don, on... Aposizio horietako batzuk izenaren edo lanbidearen (irakaslea, katedraduna, medikua...) atzean edo aurrean jarri ohi dira, letra xehez. On eta don, berriz, aurretik beti eta letra larriz.
Adibideak:
Mitxelena irakasle jaunak Euskal Filologia irakatsi zuen Gasteizen.
Alkate andreak ireki du ekitaldia.
Gaur, andre Maddalen Ezponda omendu dute Ezpeletan.
Ezaguna da On Manuel Lekuona euskaltzaina Oiartzunen jaio zela.
Argigarria da ikustea Euskaltzaindiaren Hiztegian nola definitzen diren, besteak beste, [EH:on2], [EH:don], [EH:jaun], [EH:andre], [EH:andere] hitzak, eta bakoitzean zer adibide ageri diren.
Gaur egun, jaun eta andre erabiltzen dira gehien. Esaterako: Mikel Maisterrena unibertsitateko irakasle jauna. Amaia Errazkin doktore andrea. On ꟷadierazgarria da hiztegian Heg. eta Zah. markak daramatzalaꟷ edo don erabili nahi izanez gero, berriz, honela: On Frantzisko Barrenetxe medikua.
Profesore hitza ez da oso erabilia euskaraz, baina erabili da [OEH:profesore], eta erabili beharra egon liteke. Ingelesezko professor hitza, adibidez, unibertsitateetako, bigarren hezkuntzaz goitiko eta ikerketa-erakundeetako maila akademikoa da; bereizketa hori egin beharra gertatzen denean, zilegi da euskaraz profesore hitza erabiltzea.
Data: 2022-03-29
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: lexikoa > orokorra
Unitate-mota: hitzak > adjektiboak, hitzak > izenak, joskera > hitz-ordena, komunztadura > aposizioak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.