Aditzaren jokabidea: aditzoina (gorri/gorritu; saia/saiatu; azter/*aztertu; buka/*bukatu)
Noiz erabili behar da aditzoina? Nola jakin daiteke aditzoinaren forma? Zergatik onartzen dute aditz batzuek forma bakarra aditzoinerako, eta beste batzuek, berriz, bi forma?
Iparraldeko zenbait erabilera alde batera utzita, aditzoina subjuntiboan, ahaleran eta aginteran erabiltzen da adizki analitikoak osatzeko: etor zaitez, buka dezala, onar dezakegu…
Formari dagokionez, Euskaltzaindiak arautua du 28. araua zein den aditzoinen forma. Bertan esplizitatzen denez, aditzoin guztiek ez dute oinarri bera eta, horrenbestez, ez dira berdin eratzen. Euskaltzaindiaren Hiztegiak, bide horretatik, sarrera bakoitzean zehazten du zein diren Euskaltzaindiak aditzoinerako onartzen dituen formak (bat bakarra edo bi forma).
Euskaltzaindiaren Hiztegian erabilitako irizpidea honela adieraz daiteke:
-
n letraz bukatutako aditzek (egin, esan….), berezko -i dutenek (eraiki, jalgi…(*eraik, *jalg)) eta bokalez bukatutakoek (eho, laga…) aditzoin bakarra izaten dute: egin, egin, egiten; eraiki, eraiki, eraikitzen; eho, eho, ehotzen…
-
-tu eta edo -i atzizkiez bukatutako aditzetan atzizkia kenduta (-tu, -i) geratzen den aditz-erroak —aditz-paradigmatik kanpo autonomiarik ez duelako— Euskaltzaindiaren Hiztegian sarrerarik ez badu, aditzoinak forma bakarra du: bukatu, buka, bukatuko; etorri, etor, etorriko...
-
-tu edo -i atzizkiez bukatutako aditzetan, atzizkia kenduta izen bat, adjektibo bat edo adberbio bat geratzen bazaigu, aditz-paradigmatik kanpo esanahi osoa duena eta, horrenbestez, hiztegian sarrera duena (esaterako, bereizi < bereiz (adb.) + -i; gorritu < gorri (adj.) + -tu; kantatu < kanta (iz.) + -tu; gaurkotu < gaurko (adj.) + -tu; kontrolatu < kontrol(a)+ -tu), aurkitu < aurki + -tu, saiatu < sai(a) + -tu), anbiguetatea saihesteko, bi forma onartzen dira aditzoinerako, berezko aditzoina (aditzari atzizkia kenduta sortutakoa) eta partizipioa bera, eta hala dago jasota Euskaltzaindiaren Hiztegian: bereizi, bereiz/bereizi, bereizten; gorritu, gorri/gorritu, gorritzen; kantatu, kanta/kantatu, kantatzen; gaurkotu, gaurko/gaurkotu, gaurkotzen; kontrolatu, kontrola/kontrolatu, kontrolatzen; trukatu, truka/trukatu, trukatzen; aurkitu, aurki/aurkitu, aurkitzen; saiatu, saia/saiatu, saiatzen…
Irizpidea erabiltzen da bai aditza eta hari atzizkia kenduta geratzen den hitza semantikoki lotuta daudenean (bereiz/bereizi, gorri/gorritu, gazte/gaztetu…), bai haien artean inongo lotura semantikorik ez dagoenetan ere (aurki/aurkitu, lor/lortu, pilota/pilotatu…), eta bai hiztegiko beste edozein sarreraren forma mugatuarekin bat egiten duenean ere (alea/aleatu, saia/saiatu, truka/trukatu, kontrola/kontrolatu...).
Beste kategoria bateko hitzetatik eratorritako aditzetan ere (esaterako, etxeratu < etxera + -tu; bereganatu <beregana + -tu) aditzoinak bi forma ditu: etxeratu, etxera/etxeratu, etxeratzen; sailkatu, sailka/sailkatu, sailkatzen…
Aditzoinerako bi forma zilegi direnean, partizipioa hautatzea da zenbait esparrutan emandako gomendioa (ikasmaterialetarako, esaterako), sortu daitekeen kategoria- eta esanahi-anbiguotasuna saihesteko.
Data: 2024-07-15
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota:
morfologia > aditz-jokoa
Unitate-mota:
hitzak-aditzak > aditzoina