Iragarkietan honelakoak entzuten ditut: (...) ogia 45 zentimoan; 40 euroan saldu…
Zergatik singularra, eta ez mugagabea: zentimotan, eurotan?
Bai singularra (zentimoan, euroan), bai mugagabea (zentimotan, eurotan), bi moldeak zuzenak dira. Denboraren iraupena adierazteko mugatu singularra ─hiru astean, lau urtean…─ dago hobetsirik (110. araua), baina, kuantifikazioa adierazteko (eta molde horretakoa da galderakoa), Euskaltzaindiak ez du batasunerako araurik eman; beraz, -ta-dunak bezain zilegizkoak dira -ta- gabeak.
Kontua de Hegoaldean singularrean (-ta- gabe: zentimoan, euroan) erabiltzeko ohitura dagoela ―eta molde hori ari da hedatzen euskara estandarrean―, baina Iparraldeko -ta-dun mugagabeak ere zuzenak dira. Ez da, gainera, inesiboko (non kasuko) kasu-atzizkien afera bakarrik, baizik eta baita beste hauena ere: -ra/-tara, -rako/-tarako, -tik/-tatik…
Bikoiztasun hori prezioa, edukiera edo magnitude baten neurri edo maila adieraztean geratzen da agerian. Esandakoaren haritik, beraz, bi moldeak dira arauzkoak adibide hauetan (bakoitzak bere tradizioari jarraitzea litzateke egokiena):
5 euroan/eurotan; 5 eurotik/eurotatik…
20 graduan/gradutan; 20 gradutik/gradutatik…
5 kilometroan/kilometrotan; 5 kilometrora/kilometrotara…
Data: 2024-07-15
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, morfologia > zenbatzaileak
Unitate-mota: hitzak > galdetzaileak, hitzak > izenak, zenbakiak > kardinalak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.