13.8.5a Esan dugunez, elkar genitiboan joan daiteke ondoan, gainean eta antzekoekin (ikus azken adibideetako bat: Andoni eta Edurne beti elkarren ondoan esertzen dira), baina batzuetan badirudi elkarren-en ordez bata bestearen edo antzeko itzulia nahiago izaten dugula. Kontura gaitezen aurrekarien erreferentzia bi lagunena izan daitekeela (hori iradokitzen du bata bestea esapideak), edo gehiagorena, nolanahi ere beti plurala da: Peruk eta Mirenek bata bestea maite dute; talde horretako jokalariek bata bestea maite dute. Hala ere, elkar bera singulartzat hartzen dugu komunztadurari dagokionez: Guk elkar ikusiko dugu / *Guk elkar ikusiko ditugu.
13.8.5b Hala ere, elkar eta bata beste esapidearen parekotasuna ez da beti zuzena: Peruk eta Inixik elkarren ondoan egin zuten lo esan badaiteke ere, bitxi samarra gertatzen da beste honako hau: Peru eta Inixik elkarren ohean/oheetan egin zuten lo. Horren ordez, baina, beste honako hau zeharo normala dela dirudi: Peruk eta Inixik batak bestearen ohean egin zuten lo. Beste kasu batzuetan ez dago desberdintasun handiegirik: Bi oilarrek elkar hil zuten = Bi oilarrek bata bestea hil zuten; Gu elkarren ondotik pasatu ginen = Gu bata bestearen ondotik pasatu ginen.
Badirudi hemen hiztunen artean, genitiboari dagokionez, bi joera daudela. Joera itxia dute batzuek, eta elkar erlazio izenekin bakarrik onartzen dute: elkarren anaiak, elkarren adiskideak eta abar. Edo toki postposizio batekin: elkarren ondoan, elkarren artean, elkarren atzean eta abar. Badira esapide batzuk ere: elkarren berri, esaterako. Hortik kanpo bata bestearen esapidera jotzen dute. Beste hiztun batzuek, ordea, joera irekiagoa dute, eta elkarren eta bata bestearen esapideak ingurune berdinetan edo berdintsuetan erabiltzen dituzte.
13.8.5c Bata bestea esapidea, batetik, eta bata… bestea, bestetik, ongi bereizi behar dira. Lehenbizikoa sintagma bakarra da (konplexua, baina bakarra, banatu ezin dena) eta bigarrenean bi sintagma ditugu. Gauza bat baita Batak bestea maite du eta beste zerbait Gurasoek bata(k) bestea maite dute. Bigarren kasu horretan bata bestea unitate bat da, eta ezin da hautsi. Quasi reziprokoa deitzen du de Rijkek (2008: 371).