Zenbait predikatu-osagarriri ere (bi metro luze, izarra baino ederrago bezalakoei) -ko erantsi ohi zaie DS barruan txertatuko badira: Bi metro luzeko gizona (cf. bi metro luze den gizona); Izarra baino ederragoko andrea joan zait ihesi (cf. izarra baino ederrago den andrea). AdjSa luzea bada, goiko adibideetan bezala, ez da eroso gertatzen sintagma hori izenaren ondoan txertatzea -koren laguntzarik gabe (?andre izarra baino ederragoa / izarra baino andre ederragoa…). Horretarako egoki da -ko lagun hartzea; esaldia askoz errazago prozesatzen da.