21.9.1a Morfologia lexikoan ere aurkituko dugu -ko, eratorpen atzizki gisa (§ 4.2.5, § 4.4.3.6): bateko urrea, bostekoa eman, belarritako politak, belarrondoko galanta, elizako(ak), gerrikoa, ipurdiko bat, muturreko, oinezko, oinetako… (Lafon 1999 [1965]: 182; Azkarate eta Altuna 2001: 97-101). Hitz hauek ohiko PS gisa sortuak dira, baina lexikalizazio prozesu baten ondorioz hitz eratorri beregain bihurtuak direla onar daiteke. Hitz eratorriak diren heinean morfologiari dagozkio kontu hauek, morfologia lexikoari. Nolanahi ere, -ko morfemaren emankortasuna izugarria da. Hiztegietan ere horrela bilduak egon litezke: adineko, patxadazko, kalitate(z)ko, sasoiko eta antzekoak ere, funtsean adjektibo edo izen eratorritzat har genitzake, nolabait iharturik dauden heinean (§ 21.8.6b, § 21.8.9a).
21.9.1b -ko partizipioari ere erants dakioke: esaneko, jakineko… (Jainkoa da bakarrik / esanekoa / bein agindu dabena / a emongoa. J. M. Zabala). Esaneko adjektibo eratorria da; [a emongo], berriz, perpausa, aditzaz eta objektuaz osatua, [hura ematekoa] esango bagenu bezala.
Aditzaren morfologian ere badu lekua -ko postposizioak. Zeregin nagusia du, adibidez, adizki analitikoen eraketan, geroaldia osatzeko orduan: Gero ikusiko dugu; Zerbait esango nioke… Euskalkien arabera, -en genitiboarekin partekatzen du eginkizun hau: Zerbait erranen nioke; Galduren da… (§ 26.3.2.3). Nolanahi ere, hauek ez dira, dagoeneko, PSaren buru: aditz morfologian funtsezko diren morfema bereziak dira. Lan horixe egiten dute beste morfema batzuek ere, -n inesiboak adibidez (eskatzen dizut, egiten duzu…). Hauek ez dute hemen PSrik osatzen, baina gaurko euskaraz postposizio gisa aztertzen ditugunak eta aditz jokoan erabiltzen ditugunak jatorri bereko dira.
21.9.3a -en/-ko artean hautua egitean maiz zalantza izaten da. Batzuetan, izen bizigabea (edo bizigabetzat ere har daitekeena) oinarri duten sintagmetan, biak dira zilegi modu desberdinean interpretatu arren: Elizaren isiltasuna vs elizako isiltasuna; Euskal Herriaren adiskideak vs Euskal Herriko adiskideak. Berez, ez dira gauza bera. -en genitiboak jabegoa adierazten du askotan, posesioa, nahiz bestelako erlazioak ere adieraz ditzakeen (§ 18.6.2c); baina, oro har, norbaitek duen zerbaitez aritzeko balio du (cf. Euskal Herriak dituen adiskideak). Aldiz, Euskal HerriKO adiskideak lekuzko gisa interpretatzen da: ‘Euskal Herrian {diren/ditudan…} adiskideak’.
21.9.3b Maiz, bi sintagmen artean ñabardura batzuk gorabehera, ez da alde handirik sumatzen praktikan: Euskal Herriaren historia / Euskal Herriko historia; nobela honen bigarren atala / nobela honetako bigarren atala. Dena dela, horrelakoetan ere, pentsa liteke hiztunak ikuspegi desberdina hartzen duela batean eta bestean: esaterako, naturalago edo sentitzen dugu liburu baten atala, liburu bateko atala baino. Eta, aldiz, liburu bateko {orrialdea/pasartea} naturalago, liburu baten {orrialdea/pasartea} baino, edo ikastolako burua naturalago ikastolaren burua baino (Lafon 1965; Goenaga 2003).
21.9.3c Beste batzuetan, -en eta -koren arteko diferentzia funtsezkoagoa izan liteke: hamabi euroko kafea ≠ hamabi euroren kafea. Batean ‘hamabi euro balio duen edo kostatzen den kafea’ dugu eta bestean zenbat kafe erosi den esateko modu bat izan liteke, hamabi euroren truke erositako kafea edo.
21.9.3d Zenbaitetan, -ko erabiltzen dugu, nolabait ‘helburua’ edo adierazi nahi denean: Filosofiako irakaslea vs *filosofiaren irakaslea; baina Arte ederretako museoa vs arte ederren museoa; Arte garaikidearen historia vs *arte garaikideko historia. Dirudienez, -ko ‘helburu’ adierarekin lotzen dugu; -en genitiboak, berriz, ondoko izenaren ‘edukia’ edo ‘objektua’ adierazten duela dirudi adibide horietan. Nahaste handi samarra dago hemen, nolanahi ere. (Alberdi eta Sarasola 2001: 89-101).
21.9.3e [PS … -KO] eta aposizio egiturako elkartuen (§ 7.2.8) artean ere bada erlazioa. Bergara herria, Baias ibaia, Everest mendia esaten dugu, izen bereziak aposizio gisa IS bat daramala nahiz izen propio soila erabiliz: Bergara, Baias, Everest… Izen bereziaren ostean doan sintagma mugatua azalpenezkoa dela esan ohi da.
Batzuetan, ordea, -koren laguntza ere badugu: Bergarako herria, Gasteizko hiria. Hauetan izenak lekua adierazten du eta agian horregatik, Bergarako eta Gasteizko erabiltzen dugu, Bergara edo Gasteiz izeneko leku batean den hiriaz ari bagina bezala. Aldiz, ?Baiaseko ibaia edo ?Everesteko mendia, baina Himalaiako mendiak. Nolanahi ere, zalantzak zalantza, holakoetan -en genitiboarentzako lekurik ez da izaten, nonbait: *Sistiagaren erreka; *Everesten/Himalaiaren mendiak. Bai, ordea, izen berezi bizidunekin (§ 7.2.8.2): Magallanes-en estua; Ampere-ren legea; Gibbs-en printzipioa.
21.9.3f Sarritan, ahotan darabiltzagun -en/-ko taxuko sintagma hauen ordez hitz elkarketara ere jo daiteke: familia arazoak vs {familiaren/familiako} arazoak. Familia arazoak esaten da familia jakin bati erreferentzia zehatza egiten ez diogun heinean. Izan ere, hitz elkarketan ezkerreko osagaiak generikoa izan behar du, zehaztugabea (§ 3.3a, § 7.2.8.1). Erreferentzia ongi mugatua duen osagaia bada, hitz elkarketaren bidea itxia aurkituko dugu: *familia hau arazoak, baina bai familia {honen/honetako} arazoak. Hala ere, izen elkartuaren buru zein den, izen elkartua onargarri gerta daiteke edo ez. Buru hori zale hitza bada, adibidez, guztiz arrunta da elkarketa: Athletik zaleak nahiz Athletiken zaleak.