Hizkuntzalaritzak aspalditik azpimarratua du partizipioaren kategoriaren arazoa. Izan ere, oinarrian aditza izanagatik, erran genezake partizipioa ez dela arras aditza. Partizipioaren eta adjektiboaren artean gertatzen diren zenbait erlaziok adjektiboaren eite handia duela erakusten digute: izen sintagma batean izenondoen lekuan agertzen ahal dira partizipioak, baita perpaus batean predikatu osagarri gisa ere.
25.2.2a Hurrengo adibide hauetan agertzen diren partizipioak izen sintagma baten barnean daude: Bago erorira egurkari guziak laster ari dira (Oihenart); Harri erabilik eztu biltzen oroldirik (Oihenart). Bi adibide horietan erori eta erabili partizipioak, beste izenondoak bezala, izenaren eskuinean ezarriak dira, eta hondarkia haiei zaie lotzen. Molde horretako partizipioak beste izenondo batekin ere elkar daitezke: Haur polit eta ikasi batengana hurbildu nintzen.
25.2.2b Partizipioa predikatu osagarri gisa ere erabil liteke. Euskara zaharrean partizipio soila, hau da, beste markarik gabea genuen halakoetan: Benedikatu dela Jaunaren izena; Ene zezenak eta harakei gizenduak harakeitatu dirade (Leizarraga); Zamariak joan direnian, establia zerra (Zalgize). Gaur egun, berriz, partizipioa predikatu osagarri gisa erabiltzekotan, -a(k), -(r)ik edo -ta atzizkiak lotzen zaizkio, euskalkien arabera: Benedikatua izan bedi Jaunaren izena; Autoa konponduta dago; Gutunak igorririk daude / igorriak dira. Egitura predikatibo horiek erresultatibo ere izendatu ohi dira (Nedjalkov & Jaxontov 1988; Comrie 1976), beste predikatu osagarrietatik bereizteko (ikus 24. kapitulua). Izan ere, partizipioarekin egiten diren predikatuek seinalatzen dute partizipioak, aditz gisa, adierazten duen ekintzaren ondorioa: Etxe hori tindatua da (tindatzearen ondorioa); Liburu hauek salduta daude (saltzearen ondorioa); Atea itxirik da(go) (ixtearen ondorioa) vs Etxe hori itsusia da; Gaur egungo haurrak handiak dira (adibide hauetan adjektiboak egoera bat/kalitate bat adierazten du, ekintza baten ondorioa ez dena).
25.2.2c Aitzineko adibideek erakusten duten bezala, gaur egun partizipioak zentzu pasiboa du gehienetan: (zerbait) ikusia, (zerbait) ikasia. Halere, euskara zaharrean interpretazio aktiboa ere izan zezakeen: O Jainko hoinbertze mirakulu egina, salba gaitzazu; Anitz ikusia, guti ikasia ‘anitz ikusi duenak, guti ikasi du’. Interpretazio aukera bikoitz hori partizipioa oinarri duten egitura perifrastiko zenbaitetan hautematen dugu. Adibidez, Esanik dago perpausak irakurketa hauek izan ditzake: a) oraingoan dena esanik dago, hots, ez da ezer gaineratzekorik (partizipioaren interpretazioa: pasiboa; perifrasiaren balioa: erresultatiboa); b) ez zenuen nahi hark jakin zezan. Beranduegi da, ordea: segur naiz dagoeneko norbaitek esanik dagoela (partizipioaren interpretazioa: pasiboa; perifrasiaren balioa: erdi-pasiboa); c) ez zenuen nahi Patxik inori esan ziezaion. Beranduegi da, ordea: segur naiz dagoeneko bati baino gehiagori esanik dagoela (partizipioaren interpretazioa: aktiboa; perifrasiaren balioa: antipasiboa).
25.2.2d Partizipioa -tzat postposizioa harturik ere ager dakiguke predikatu osagarri gisa (ikus § 24.3.5.2a): Bilkura amaitutzat eman zuten; Partida galdutzat emazu.