Aditz izena ergatiboan, absolutiboan, partitiboan, datiboan eta genitiboan ager daiteke.
25.3.2a Aditz izena ergatiboan agertzen denean, aditz trantsitibo baten subjektua da: Hura zurekin ikusteak harritu ninduen; Idazle zaharren irakurtzeak munta handia du guretzat. Ohart gaitezen, dena dela, balio izan, plazer egin bezalako predikatuekin aditz izena absolutiboan ere ezar daitekeela: Ez du balio horrenbeste lan egitea / Ez du balio harrituarena egiteak (Landart); Plazer egiten dit zure ikusteak (X. Arbelbide) / Plazer egiten du solas batean onartua izatea (Luku).
25.3.2b Aditz izena absolutiboan izatekotan kasik beti mugatua da, eta agertzen den perpausa aditz trantsitibo baten objektua edo aditz intrantsitibo baten subjektua izan daiteke: Hemendik joatea debekatu digute; Aitari esatea ahantzi dut; Eder da herriarentzat hiltzea (Lafitte); Laket dut haurrarekin jolastea. Zenbait predikaturekin (gaitz izan, neke izan, erraz izan…), mendeko perpauseko aditz izena absolutiboan beharrean inesiboan ager daiteke: Errex da erortzen, gaitz da berriz xutitzen (Lafitte); Gaitz da ba ulertzen (Kirikiño). Ekialdean, behar-ekin aditz izena forma hutsean geldi daiteke: Ez dut errate beharrik; ez zela urrun joaite beharrik hortako (Etxarren); Hil ala biziko egokitze beharra (X. Videgain).
25.3.2c Partitiboa guti erabiltzen da izan, ukan, egon eta eduki aditzekin ez bada. Ahala edo beharra adierazten da horrela, sarritan: Ez dago harekin hitz egiterik; Opor onen pasatzeko ez duzu urrun joaterik; Horretan ez egoan sartzerik (X. Amuriza); Nik hona etortzerik ez banuen zu niregana joango zinela ziurtatzen zenidan (X. Mendiguren Elizegi).
25.3.2d Aditz izena datiboan agertzen da, datiboa manatzen duten aditzen osagarria delarik: Modu horretan hitz egiteari barregarri deritzot; Etxeko lanak egiteari ekin zitzaion; Gurasoek ere hitz egiteari utzi diote (Lertxundi); Nola dabilan jakiteari behatu gogo naiz (J. Etxepare). Joera bat adieraz dezake eman aditzarekin (edateari emana), eta ari izan aditzarekin ager daiteke: Badira ere beharrik beste batzu […] ari direnak fedearen argitzeari eta itxura berritzeari (Hiriart-Urruti gaztea).
25.3.2e Aditz izena genitiboan kausitzen dugu zenbait predikaturekin edo postposiziorekin: Montmartren liburu-saltzaile izateak ez du antzik, noski, Tolosako legebiltzarreko kide, Auzitegi Goreneko kargudun, eta Ediktuen Ganberako komisario izatearen aldean (Jon Muñoz); Kanpoan egotearen eta alkohol gehiegi edatearen bortxaz ahuldutako soinek ez zuten ihardukitzeko kalipurik (Borda); Errusia orain arte Georgian izan duen eragina Washingtonen mesedetan galtzearen beldur da (Berria). Genitiboa behar-ekin ere erabil daiteke, batzuetan mugagabean: Ez dut esate(a)ren beharrik; Hainbat hobe: gisa huntako lanek baitute beti osatzearen eta hobetzearen beharra (Duhau).