26.1.1a Adizki jokatuaren oinarrizko osagaia aditzaren erroa da; hari lotzen zaizkio perpausaren egiturarekin zerikusia duten komunztadura markak —hau da, pertsona eta numero markak—, eta aldiaren eta moduaren adierazle direnak (ikus ondoko atalak).
g-a-bil-tza |
z-en-torr-en |
l-e-tor-ke |
pertsona-aldia-ERROA- |
aldia-aldia-ERROA- |
modua-aldia-ERROA- |
numeroa |
aldia |
modua |
26.1.1b Adizki sintetikoen kasuan, adizki jokatuak bere eduki semantikoa ematen dio aditz sintagmari; bestela erranik, perpausean deskribatzen den egoera edo gertakaria adizki jokatuak adierazten du: Pellok semea ikastolara darama (eraman ekintza, adizki jokatuaren bidez adierazia).
Adizki analitikoen kasuan, gorago agerian eman bezala, adizki nagusiak —hau da, osagai jokatugabeak— dakar eduki lexikala eta adizki laguntzailea —hots, adizki jokatua— semantikoki hutsa da: Pello egunero joaten da amarengana (joan ekintza, ez izan); Mirenek kafea edan du (edan ekintza, ez *edun). Adizki analitiko gramatikalizatuenen kasuan, laguntzaile zenbait ez dira gehiago aditz beregain gisa erabiltzen (*edun mendebaldean, *edin eta *ezan euskalki guztietan, -iro- ekialdean) eta, ondorioz, batzuetan zaila da erroen jatorrizko eduki lexikala zein zen erratea (*ezan eta -iro- aditzena, adibidez). Erabilera beregain oro galtzearekin batean, beren forma jokatugabeak ere galdu dituzte; hortaz, haien aipamenezko forma berreraikia baita, izartxoaz markatzen dugu: *edun, *edin, *ezan eta -iro-.
Aditzak bere baitan duen eduki semantikoaren arabera, adizki sintetikoek eta analitikoek egoerak, gertaerak, ekintzak, prozesuak adieraz ditzakete; gramatika honetan, sinplifikatze aldera, ‘gertakari’ termino generiko gisa erabiliko dugu adizkiek dakartzaten adiera guztien ordezkatzeko.