Kokapena:
29.6.1 Mendeko perpausen esparrua ikaragarri zabala da, eta esanahi aldetik askotan forma bera aski polisemikoa da. Testuinguruak bakarrik, ez forma hutsak, azal dezake zein den hiztunak eman nahi dion esanahia: Txori horrek kantatuz gero, hiru egun barru euria egiten du beti (denbora); Egia entzun nahi duzunez gero, egia esango dizut (kausa); Dirua lortuz gero, autoa erosiko nuke (baldintza); Atzerritarrak ere pertsona direnez gero, pertsonaren eskubide ororen jabe dira (azalpena), eta abar. Beraz, forma hutsean geratuko bagina nekez izango ginateke gai mendeko perpausen azalpena eta haien arteko bereizketak modu egokian emateko. Baina esanahitik abiatuz gero ere, berehala ikusiko dugu bereizketaren mugak batzuetan aski irristakorrak direla.
29.6.2 Ondoko kapituluetan esanahian oinarritutako eskema honi segituko diogu, bada, perpaus jokatuak eta jokatugabeak sail berean emanez:
– Osagarriak (30. kapitulua)
– Erlatiboak (31. kapitulua)
– Konparaziozkoak (32. kapitulua)
– Ondoriozkoak (33. kapitulua)
– Baldintzazkoak (34. kapitulua)
– Denborazkoak (35. eta 36. kapituluak)
– Helburuzkoak (37. kapitulua)
– Kausazkoak (38. kapitulua)
– Kontzesiozkoak (39. kapitulua)
– Moduzkoak (40. kapitulua)