31.4.3.9a Izenordain asko edo gehienak izan daitezke, izenak bezalatsu, perpaus erlatiboen izen sintagmaren ardatz: ekarri duten hori/horiek/norbaitzuek/zerbait/edozer… Pertsona izenordainak, aldiz, ez dira arruntean perpaus erlatibo baten ardatz izaten ahal: *[Maite zaitudan] zuri emanen dizut. Pertsona izenordainak erlatibatzeko, erakusleak baliatzen dira, pertsona komunztadura atxikiz: Maite zaitudan (lagun jator) horri emanen dizut; Nire begiz ikusi dudan (lekuko xalo) honek esaten dizut. Gaur egun, aposizioan erabiltzen dira usuago halakoak, molde honetan: Zuk, hainbeste gauza dakizun (irakurle fin) horrek, egin behar zenuke.
Hala ere, testuingururen batean, ez da ezinezkoa pertsona izenordaina ere —izen bereziak bezalatsu— erreferente aukera baten arteko bat-tzat harturik jokatzea (bidenabar, ia izen arrunt bihurturik orduan): Nitaz, baina zein nitaz? Ni asko ditut eta. […] Lehengo niaz. Hor, bestelako izenlagunak ageri dira, baina garbi dago erlatiboak ere berdin lihoazkeela: Orain arte bizi izan nauten askotariko niez.
31.4.3.9b Hegoaldeko euskalkietan, ahozko mintzairan bereziki, ardatz gisa izenondo bat izanik ere erabiltzen dira erlatiboak. Ohiz kanpoko itzuli markatua da, eredu mailegatu bati jarraikiz, izenondoaren goi maila adierazten duena: Etxea den garestiarekin, ezin izango dut erosi; Zu zaren argia izanda, ulertu egin behar zenuke. Beste itzuli bat erabil daiteke gauza bera adierazteko: Etxea hain garestia izanik…; Zu hain argia izanda…