38.2.4a Kausazko perpausen formak ez dira denak esandako mota bietan erabiltzen; aitzitik, mota bakoitzak bere formak ditu, zenbaitetan forma batek bietarako balio badu ere.
Kausal deitu ditugun perpausen forma nagusia -lako(tz) da gaur egun, aditza jokatua dutenetan: Autoa hondatu zaielako iritsi dira berandu. Jokatugabeko aditza dutenetan, berriz, aditz izenaren gainean eraikitako -tzeagatik da perpaus kausalak eratzen dituen forma: Gaizki aparkatzeagatik zigortu naute; maizenik helburuzkoa den -tzearren formak ere kausa adieraz dezake zenbaitetan: Erdaraz egitearren markesak zirela uste zuten.
Bait- menderagailuak mota bietako perpausak era ditzake, ekialdeko euskalkietan; kausalak eratzen ditu zenbait egituratan: Ez omen baita ere denborarik galtzeko, horra zertako etorri naizen (J. B. Elizanburu); Hori erran zuen, ez behardunez axola zuelakotz, baina ohoina baitzen (Jesu Kristoren Berri Ona). Baina azalpenezkoak ere eratzen ditu euskalki horietan, eta gaur egun baita mendebaldekoetan ere: Banoa, berandu baita; Jan ezazue gogoz, zuek ez baituzue errurik (X. Amuriza).
38.2.4b Zeren partikularekin eraturiko formek ere mota bietako perpausak eratzen dituzte. Zeren… -n menderagailuak kausalak eratzen ditu, ekialdeko euskalkietan: Emaztekia, zergatik egiten duzu negar? […] Negar egiten dut zeren eraman duten ene Jainkoa, eta zeren ez dakidan non ezarri duten (Larregi). Eta, orobat, zeren bait- formak ere: Emaztekia, zergatik egiten duzu negar? […] Zeren eraman baitute ene Jauna, eta ez dakit non ezarri duten (Duvoisin). Baina azalpenezkoak ere eratzen dira zeren bait- formarekin: Senda ezazu ene arima, zeren bekatu egin baitut (Duvoisin); mendebaldean ere erabiltzen da gaur egun forma hori, azalpenezko perpausak eratzeko.
Azalpenezkoak eratzen ditu, bestalde, mendebaldeko euskalkietan, -eta enklitikoarekin eraturiko formak: Aita, barka iezaiezu, ez dakite-eta zertan ari diren.
38.2.4c Eta informazio ezaguna bideratzen duen -nez gero forma, berriz, bere aldaerekin, euskalki guztietakoa da: Aberatsa denez gero, hari eskatuko diogu diru pixka bat. Mendebaldean -nez soilak eta -n legez formak ere izan dezakete adiera hori: Ezer gertatu ez zenez, bertan utzi zuten (Atxaga). Iparraldean -naz gainean forma ere erabiltzen da: Hirialat bazoazenaz gainean, nahi duzua eraman ene xamarra? (DRA). Azkenik, esan dezagun «{nola ∼ zelan}… -n» forma ere erabiltzen dela balio horrekin: Nola eztizalea naizen txit, ez nintzen argizariaz oroitzen (A. P. Iturriaga).
Hona, bada, kausazko forma nagusien erabileraren koadroa, aldaerak alde bat utzita (+ = orokorra, e = ekialdeko euskalkietakoa; m = mendebaldekoa):