Aukera hauek guztiak ikusi ditut hedabideetan. Zein da zuzena?
- Autorik Gabeko Eguna
- Autorik gabeko Eguna
- Autorik gabeko eguna
Euskaltzaindiak ez du ezer esan halako esaldiak nola idatzi behar diren. Nolanahi ere, gaur egun, Autorik gabeko Eguna eta Autorik Gabeko Eguna formulazioak erabiltzen dira batez ere, biak ere erabilgarriak.
- Lehenengo moldea ―Autorik gabeko Eguna― Eusko Jaurlaritzako EIMAren Letra larriak erabiltzeko irizpideak liburukiari darraio. Liburuki horrek dio ospakizun, jarduera, ekimen, ekitaldi eta gisakoen izendapen ofizialen hitz nagusiak ―eta, oro har, era guztietako erakunde eta arauetan ere berdin― letra larriz ematen direla. Zehazten du, halaber, hitz nagusiak direla izenak, izenordainak, izenondoak, erakusleak, aditzak…; ez ditu hitz nagusitzat hartzen juntagailuak, lokailuak eta postposizioak (eta, edo, ote, al, ez, bezala…) Letra larriak erabiltzeko irizpideak (EIMA), 40. or.. Adibideak:
Merkataritza eta Turismo Saila
Etxebizita eta Gizarte Gaiak Saila
Eskerrak Emateko Eguna
Gaueko Argiteriari buruzko Foru Legea
- Arau orokor modura horrela ulertuta ere, ezin da desegokitzat eman Autorik Gabeko Eguna moldea ere, enfasi berezia baitu hor gabeko postposizioak (hori ere baitio, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako EIMAren Letra larriak erabiltzeko irizpideakek oin-ohar berean). Horrela ulertuko genuke, besteak beste, molde honetako gabeko ere: Itzalik Gabeko Gizona. Edo beste molde honetako ez partikula ere: Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna.
Data: 2022-03-29
Zalantza-mota: izen bereziak > bestelakoak, ortografia > maiuskulak/minuskulak
Unitate-mota: hitzak > izenak, karaktereak > letrak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.