Pertsona-izenak (ponte-izenak) genero batekin lotzeko betebeharra al dago? Zer da ‘epizeno’ delako hori?
Duela gutxi arte izena sexu batekin lotzeko betebeharra zegoen Espainiako Erregistro Zibilari buruzko 1957ko Legearen arabera. Lege hori 2011n aldatu zen (BOE, 2011-07-22) eta 2021. urteko apirilaren 30ean sartu da indarrean.
Euskararen ohituretan ―eta halatsu Euskaltzaindiaren ohituretan ere― pertsona-izenak bi multzotan banatu izan dira duela gutxi arte (gizonezkoenak eta emakumezkoenak), baina 2019az geroztik hirugarren multzo bat ere bada: izen epizenoak.
Honela definitzen du Euskaltzaindiaren Hiztegiak [EH:epizeno] izena: ”Izenez mintzatuz, espezie bateko arra nahiz emea izendatzen dituena”; alegia, genero-markarik gabeko izena.
Hiru multzo dira, beraz, orain, eta hiru multzoetako zerrendak esteka honetan ikus daitezke: Onomastika. Pertsona-izenak.
Epizenoen artean, besteak beste, hauek ageri dira: a) izen arruntetatik sortutakoak: Adats, Amets, Haize, Iraultza…; eta leku-izenetatik sortutakoak: Aiuri, Amaiur, Araitz, Gorbeia…
Data: 2022-03-29
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: izen bereziak > pertsona-izenak/deiturak
Unitate-mota: hitzak > izenak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.