Bizkorra bazara ere, ni ez nauzu… (zuzen).
Zeinen eta bizkorra zaren, ni ez nauzu zure zepo horretan harrapatuko (zuzen).
Esaldiok, gure ustez, biak dira zuzenak; baina bigarren horri buruzko aipamenik ez dugu aurkitu gramatiketan.
Ba-…ere egituraz Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VI, 229. or. liburukian dator informazioa. Kontzesio-egitura nahiko arrunta da hori. Galderan aipatutako adibideaz gain, hona hemen aipatu liburukian datorren beste bat: Ahoa nekatzen bada ere, bihotza ez da nekatuko (Duvoisin).
Hain justu ere <zeinen eta …-(e)n> kontzesio-egitura ageri ez den arren gramatiketan, ageri dira guztiz baliokideak diren <zein (ere)…-(e)n/bait-> // <zein eta…-(e)n> egiturak, tradizioan gutxi-asko erabili izan direnak. Horren berri gehiago jakiteko, jo hauetara: Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VI, 229. or. eta [OEH:zein eta]. Bi adibide: Zeiñ ere zeran andi ta luze, eztezu iritxiko (M. Larramendi). Zein eta etxe, bizitoki ederra duzun, ez zara beti etxean egongo (Munita).
Data: 2020-05-14
Zalantza-mota: sintaxia > perpausak
Unitate-mota: hitzak > galdetzaileak, perpausa > kontzesioa
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.