Derrigorrez betetzekoak al dira Euskaltzaindiaren gomendioak eta hobespenak?
Euskaltzaindiaren corpus arautuan bi maila nagusi bereizten dira:
a) Euskaltzaindiaren erabaki batzuk ‘arau’ moduan ulertzekoak dira; bete beharrekoak dira, alegia. Esate baterako, lexikoko zenbait forma (adibidez, behinik behin lokuzioa nola idatzi), idazkera-kontu batzuk (bainaiz, baikara eta gisakoen idazkera; sanferminetan / *San Ferminetan nola idatzi); bat zenbatzailearen deklinabidea, Euskal Herriko udalen izenak, eta beste hainbat. Maila horretan ulertu behar da Euskaltzaindiaren Hiztegia ere, nahiz bertan gomendio hitza erabiltzen den.
b) Beste batzuk gomendio, hobespen edo lehenespen modura ulertu behar dira (gehienetan, gainera, berariaz halaxe datoz adierazita corpus arautuan). Horietakoak dira, esaterako, nor/nortzuk galdetzaileen auzia, iraupena adierazten duten sintagmen eraketa, aditzoinaren erabilera-moduak, onomastikako hainbat erabaki (esaterako, mendien izenak)… Maila horretakoak dira, besteak beste, Euskaltzaindiaren Euskal Gramatika. Lehen Urratsak (EGLU) liburukiak ere (gramatika deskribatzailetzat hartzen baitira, ez arauemailetzat). Euskaltzaindiak ez die betearazpen-maila osoa ezartzen bigarren alor honetakoei; baina horko gomendioen bidez erakutsi nahi du bide horretatik komeni dela batasuna egitea.
Data: 2020-05-14
Zalantza-mota: ahoskera, morfologia, lexikoa, sintaxia
Unitate-mota: hitzak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.