(...)
Izen honen XVII. mendeko lekukoek j- aurkezten dute, eta XVIII.ekoek, kasu batean ez beste guztietan, s- dute, Agezako Arrixauzkuneta-k bezalatsu. Hau ikusita XVII. mendean j- horren azpian [y] sabaikari ahostuna genuela suposa daiteke (bestela [x] > [sh] nola gertatu den ez baita ulertzen), eta soinu hau hurrengo menderako ahoskabetu egin zela ( > [sh]), jakina denez beste euskalki batzutako bilakaera hau izan baita.
Guzti hau azaltzeko egiantz handiagoko beste bide bat XVII. mendeko j-ren eta hurrengo mendeko s-ren azpian sabaiaurreko igurzkari ahoskabea dagoela kontu egitea da, eta [y] > [sh] aldakuntza lehenago gauzatu zela. Zubingoa-tik atera den Xubingoa toponimoaren kasuan ere j- aurkitu ohi dugu XVII. mendean, eta s- XVIII.ean (salbuespenak aztergai dugunean baino ugariak badira ere), eta izen honentzat (Xubingoa-rentzat, alegia) [y] ezin da inolaz ere proposatu [Grafia arazoez ikus Grafia kontuak atalean dioguna.].
Esanahiari dagokionez, toponimo hau gaurregun bizirik dauden luizia, lujauzia, lur-jausia, lurtea edo erortza-ren adierakidea dela uste dugu [Ikus gure IGI. Lizausi [lizáusi] dugu egun Arakil-Ekain (<*Lixauzi). Haran bereko Aizkorben lur-erortza izan zen Lexaunzi [lesáunzi] daukagu, hau ere *Lixau(n)zi-tik. Beorburun erdarazko El Resbalau-ren ordaina den Lixauzi [lisháusi] dugu orain, eta Lurjauçieta 1635ean (PRA-Ihaben, 9. k.). Ezkabarten Erdi Aroan hustu zen Jausketa despoblatua dago (ikus J. Gárrizen Despoblados, 16. or.).], edo bestela Agezako Arrixauzkuneta-rena. Izenaren osagarriak beraz, *xauzi (edo *xautzi) 'erori' eta gunea 'tokia' (cf. Iguzkun edo Bueltagunea Eslaban bertan) dira.
Lehenari dagokion bezainbatez, Lizarraga Elkanokoak darabilen jautsi 'erori', 'jaitsi'-ren aldaera dela irudi du [Xau(t)zi-ren bustiduraz ikus Oñederra, 249. or. Ana Mª Echaidek sauntsi 'bajar' bildu du Espartza eta Itzaltzun eta sautsi Ihaurrieta eta Aezkoan (EENEL, 277. or.). Juan de Beriaynek jayci, jaytci edo jaytzi erabiltzen du: "...noyz jayci baycen cerutic Aynguerubat ematera berria ayn dichosoa..", "...eta gurucebatean yl yçanducinala gure Saluaceagatic, eta jaytcicinala iffernuetara...", "...Aytaren, eta Semearen, eta Espiritu Sanduaren bedeycioa jaytzidedila çuen gana, eta gueldidedila beti,..." (TCOM 42., 57., eta 98. orr.).]:"Cer cé icústea S. Francisco Xavierbát bére sotána iguetzearequi manátzen iruzquiái gueldidaiéla, eta guelditzen? Sú jautsidaiéla cerutic, eta jautsitzen?..." [UIGPL, 66-67. orr.]"Jesu Christo...Iltze..., Orcizute, enténda, gorpútza. Jautsice limboétara, enténda, arima, librátzera salvaciocó videan zeuden arimac" [DCC, 36. or.].
XVIII. mendearen erdirako bukaerako -ea gabe aurkitzen dugu ia beti: Saizgun (1748) [PRA-Oibar, 56. k.], Siaizgun (1752) [PRA-San Martin, 41. k.], Siauzgun (1753) [Id., 42. k.]... (baina Sausgunea 1756an [Id., 43. k. Izkon gunea-ren bi aldaera dauzkagu, -gunea eta -gun, 1648an (PRA-Oibar, 25. k.) eta 1655ean (id., 27. k.) agertzen diren Urgunea eta Ybargun izenetan. Beste batzutan -gune besterik ez dugu, Etxalekuko Itturgune eta Iturgunebidea-n esaterako.]). Adibide hauetan ikusten denez, xaiz- ebakina duten aldaerak arruntak dira XVIII. mendean, eta hurrengo silabako bokalak eragindako disimilazioaren aurrean gaudela pentsatu beharko dugu (cf. mauru > mairu; caucus > kaiku... [FHV, 90-91 eta 94. orr.]) XVII. mendeko aldaera gehienek -au- baitute.
Egun Sirgun [sirgún] bilakatu den hau (cf. Xubingoa > Siringua, Xaugizabal > Sabizabal, Errotaxar > Rotasiar) Baluriaran, Lezkadui (El Lezcal orain), El Soto, Ezpondabe eta Artadubarren-en artean dago. Antzina alderdi honetan zehar Galipentzuko Camino de los Molinantes-ekin lotzera zihoan Camino de Gallipienzo bat igarotzen zen (Camino de Xauzgun eta Camino del Molino), gaurko izen bereko bidetik berezi behar dena.
Seguraski Molino de Unzue-ra edota Galipentzuko Aragoaren ertzeko errotara zihoan bera (ikus Camino del Molino sarrera) zen.
(...)
Zer:
Non:
Jatorria:
OV.11