Eibarko kultur etxeari ezarri nahi zaion izenak artikulurik behar du ala ez?
Portalek ez luke eramango, baina Portaleak nahiz Portalekoak, bistan denez, bai.
Gramatika batzordearen iritzia Portalea nahiz Portalekoaren aldekoa da.
Jakina da izen arruntek artikulua eskatzen dutela. Toponimiako hainbat izen berez arruntak izan ohi dira. Portaleren kasua ere horrelakoa da. Hala ere, toponimian, bi jokabideak aurki ditzakegu. Urruti joan gabe, hor ditugu Arrate bera, Errekatxo, Etxebarri, eta beste hainbat, artikulurik gabe, gainerako artikuludunen ondoan.
Gauzak horrela, gramatikaren ikuspegitik, berez, lehian dauden hiru deiturak zilegi izango lirateke kultur etxearen izen gisa.
Berez, zilegi da izen arrunt batetik izen propiora pausoa ematea. Hala gertatzen da hainbat erakunderen izenekin. Kasu honetan ere, etxearen izena izen propiotzat har liteke.
Arazoa, ordea, praktikoa da. Portale hautatzen bada, izen arrunt hori izen berezi gisa erabiltzera beharturik egongo ginateke, deklinabidean bereziki. Orduan, honelakoak esatera bortxatuak izango gara: Portalen izango da hitzaldia, Portalek itxura ederra du, etab. Baina berez zilegi litzatekeen jokabide horrek eibartar euskaldunen belarriei min emango lieke beharbada. Gramatikaren aldetik Portale zilegi izan arren, uste izatekoa da beste bi deiturak egokiago direla.
Biotako edozein hautatuz gero, azken -a hori artikulua denez, izena mugatu singularrean deklinatu beharko da beti: Portalea, Portaleak, Portalean, Portaletik (ez Portaleatik), Portaleko (ez Portaleako) etab.; nahiz Portalekoa, Portalekoak, Portalekoan, Portalekotik, Portaleko (ez Portalekoko, jakina) etab. Deklinatzeko modu hori seguruenik guztiz ohikoagoa gertatuko zaie herritarrei, Portale oinarritzat hartuta ateratzen diren deklinabide formak baino.
Data: 2020-05-14
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, izen bereziak > leku-izenak
Unitate-mota: hitzak > izenak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.