(...)
Galaputzu (Galapuzu [gàlapúzu])-n garbia da bigarren osagaia, baina ez horrenbeste lehendabizikoa.
Bigarren osagai hori beti c edo z-z idatzia azaltzen da, afrikatuaren arraizarik ez dagoelarik. Harrigarria da, beste alde, Andrebutzu, Butzubidea, Butzumear eta Buzakao-n aurkitzen dugun ezpainbiko ahostuna hemen ez agertzea. Jakina denez, kontsonante hau oso arrunta da (orokorra?) hegoaldeko goi-nafarrera mintzatzen zen eskualdearen zati handi batean [Gure alderdian Butzuandia eta Butzueta edo Butzuketa ditugu Eslaban, Butzuandia Leatxen, Butzuandi Getadar eta Usunbeltzen, eta Butzugaña Morionesen. Ibargoitin Butxukoa (PRA-Elo, 2. k-bis, 1654), Butzunagusia (id., 1655), eta Butzuandurkoa (id., 1652) ditugu Getzen, Butzuaga Elon (id., 3. k., 1658); Elortzibarren Butzuaga dugu Iharnotzen (id., 2. k., 1647).], baina behin edo beste p-dun aldaera ere azaltzen da, orokorra beti ere ezpainbiko ahostuna izanagatik. Ahoskabea erromantzearen eraginari zor dakioke; Uxuen adibidez, egun Pozo de Galapuzu [gàlapúzu] esan ohi da, eta daitekeena da pozo-k Galapuzu-n eragina edukia, eta berdin besteetan.
Beste posibilitate bat elkarketan burututako ahoskabetzetzat hartzea da, hots, lehen osagaiaren amaieran gelditu den kontsonante gor edo gortuak eragindako ahoskabetzetzat (cf. begiburu > bepuru). Halaz guztiz, lehen elementuak Mitxelenak [AV, 91. or.] biltzen duen galar 'leño muerto en el árbol mismo' dateke, hau da, Galardi, Galarreta, Galarraga, Galartza... eta bestetan azaltzen den izena. Bukaerako -r-ren galtzea arrunta da, eta dardarkari anizkunez amaitzen diren adar, behor, hezur, lur... eta abarretan ere gertatzen da elkarketa-eratorketan [FHV, 337-338. orr. Cf. Zudairiko Adamakurrasakanbarrena, PRA-Artabia, 2. k., 1665.].
Galaputzu dokumentazioan zenbaitetan Galapuz itxurapean edireten dugu, bukaerako bokala gabe (cf. Lizarrako Zaraputzu(jatorriz) > Zarapuz(egun)), baina orain -u-z ebakitzen denez gero, kontu grafiko hutsa ez ote den susma daiteke.
Zaraputzu edo Zarapuz-ez Alfonso Irigoyen jaunak dioena aldatuko dugu hona, Uxueko toponimoa argitzeko baliagarri delakoan:
"Es evidente que Zarapuz es el resultado de la caida de la vocal final, pronunciándose en lengua vasca con toda probabilidad como Zaraputzu, y, naturalmente, el segundo elemento del topónimo era butzu o putzu, 'pozo', voz vigente también en la actualidad y que procede directamente de la forma evolucionada del latín puteu(m), que a través de *putju(m) asibiló tempranamente, conservando el vocablo vasco la sibilante africada que surgió en latín del grupo-tju, así como también el vocalismo primitivo" [Las hablas vascas de Tierra de Estella y su onomástica", in DRPLV-III, 163-192. orr.]
Egungo Galaputzu Txorria-ren goiko aldean dago, Ardui-ko mugan. Eskuarki Pozo de Galaputzu edo Fuente de Galaputzu esan ohi da, baina iturri edo putzu honen inguruko lurrei ere Galaputzu deitzen zaie orain, antzina bezalaxe. Dokumentazioko Acequia edo Barranco de Galaputzu Ardui eta Txutxu-ko Mantxiriturrieta-tik heldu diren errekek osatzen duten ubidea da, Barranco de Txorria edo Barranco del Molino, alegia.
Alto de Galaputzu Portillo de las Pilas eta iturriaren arteko gaina izan zitekeen, eta Esquina edo Rincón de Galaputzu alderdi honetako zoko modukoa. Agirietako Paso de Galaputzu egungo Paso de las Pilas da, Barranco de Galaputzu-k eta altxonbideak elkar gurutzatzen duten guneko pausua, alegia.
Portillo de Galaputzu dermio honetara doan bideko atea zatekeen, egun Portillo de las Pilas deritzan bera. Presa de Galaputzu, azkenez, Andiaga-ko bidearen ondoko uharka zen. Honen zaharkinak ikusgai daude oraindik ere Paso de Galaputzu-n.
(...)
Zer:
Non:
Jatorria:
OV.11