(...)
Etimologia iluneko izena da hau guretzat. Ez dugu uste Iribarrenek San Martin Unxekotzat jotzen duen [VN.] busa 'lastoak botatzen duen hauts modukoa'-rekin erlazionatu behar denik, toponimian honelakorik ez baitugu sekulan ediren. Izen hau beti itxura beraz aurkitu dugu, batzuetan b-z idatzia, bestetan v-z, 1588ko Gussa alde batera uzten badugu bederen, eta egun ere Busa [búsa] esaten da. Alabaina, Busa-ren eratorria den Busazarra toponimoa 1627an Usazarra idatzia ageri da, eta honek euskaraz hain arrunta den hasierako lekuneko kontsonanteen "dantza" dakarkigu burutara (cf., esaterako, Azteraingo Bustazuriko errekaldea / Ustazuriko errekaldea [J. Jurío, TCPCC, 66. or.]). Forma horretan oinarri harturik usa 'zilegi' 'herri-lurra' [AV, 166-167. orr.] ikus liteke toponimo honen jatorrian, baina batetik usa hori urrutikoa (Oñatikoa) da, eta bestetik Busa aipatu 1627ko lekuko horretaz beste guztietan agertzen da.
Mintzagai dugun toponimoa 1534eko despoblatuen zerrendan azaltzen da [NAO-Comptos, 550. zkia. Idoatek bere "Poblados y despoblados o desolados en Navarra (en 1534 y 1800)"-n Vusa ongi irakurtzen du. Jacínto Clavería uxuetarrak (Historia documentada de la Virgen, el Santuario y Villa de Ujué, Iruñea, 1953, Urangak UM-eko 44. orrialdean aipatua) berriz Unsanava biltzen du, eta Fco. J. Zubiaurrek ("Estelas discoidales de la villa de Ujué (Navarra)", CEEN, 1978, 30, 493-520. orr.) Unsaba dakar. Azken bi despoblatu hauek ez dira sekulan esistitu, eta Vusa-ren gaizki ulertzearen ondorenak dira. Toponimo hurrenkerak ere garbi adierazten du Vusa-ren ordez dagoela, aurrean Otrollos el chico eta atzean Aquirazabal baitu.
Beste despoblatu izen batzuk ere gaizki traskribatuak daude, eta honelako izen zaharrak ongi ulertzeko oraingo aldaerak ezagutu behar direla garbi ikusten da, nahiz hau ere ez den beti aski (cf. Claveríaren Unsanava). Zaubio-ren kasuan, adibidez, Idoatek Zambro eta Zubiaurrek Zambrio dakarte, baina Claveríak Zaubio.], eta garbi dago izen zaharra dela. Busa herriaren zaharkinak Beireko bideko Ayesa, S. Berrade, B. Berrade, eta S. Iriarteren gorteen inguruan daudela uste dugu. Hemen ere, beste despoblatu batzuetan bezala, gorteak egiteko herrixkako etxeetako harriez baliatuko ziren.
Busa dermio zabala da, eta Beskos, Akirazabal eta Pipiratu-tik San Martin eta Beireko mugetaraino hedatzen da, hegoaldean Otrollos (behinolako Otrollostxiki) daukalarik. Barranco de Busa gorago Barranco de Akirazabal deitzen den erreka bera da. Busa gurutzatu ondoren Otrollos-en (lehengo Otrollostxiki-n, esan bezala) sartzen da, Pipiratu-tik jaisten den errekarekin bat egin aitzinetik.
Corraliza de Busa oso zaharra da (1588an azaltzen da aurren aldiz, ikusi moduan). Gaurregun "corraliza" honek beste dermio batzuk ere hartzen ditu (Akirazabal, Santa Fe, Pipiratu, Otrollos eta Beskos. Ikus Corraliza sarrera), horietako batzuk desagertzeko arriskutan jarriaz (ikus Akirazabal sarreran dioguna). Cubiertos de Busa zehazki non ziren ez dakigu, baina lehen aipatu gorteak izan zitezkeen, hauek Paso de Busa-tik gertu daudenez gero, dokumentazioko estalpe horiek bezala.
Larratza de Busa gorteen inguruan zegokeen. Larratza izen arrunt bezala bakarrik Uxuen eta Zaren (ikus herri honetako Iribarren sarrera) edireten dugu. Lehenean Larratza de Drinda, Larratza de Lerbeltz, Larratza de Otrollosandi, eta Larratza de Otrollostxiki ditugu, besteak beste.
(...)
Zer:
Non:
Jatorria:
OV.11