Korronte filosofiko horren arabera, zentzumenek erakusten duten errealitatea zalantzagarria da eta ageriko munduari oinarri sendoago baten beharra ikusten zaio, baina oinarri hori ezkutuan dago. Pentsaera idealistaren lehen sistematizazioa Platonek egin zuen. Platonismoaren arabera, ageriko errealitatea errealitate ezkutu baten errainu besterik ez da (leize-zuloko mitoa), eta errealitate ezkutu hori ideiek osatzen dute; ideiak, berriz, jainkozko eredu akasgabeak dira. Aurrerago, R. Descartesek ere sistematikoki zalantzan jarri zuen zentzumenek eskaintzen duten informazioa ( Metodoari buruzko diskurtsoa, Meditazio Metafisikoak , X. Arregi, 1997). Zalantzaz kanpo dagoen gauza bakarra zalantza egitea da (“Pentsatzen ari naiz, beraz, banaiz”); baina pentsatze hori Jainkoagandik soilik etor daiteke, eta Jainko horrek errealitatearen benetakotasuna bermatzen dio, horrela idealismotik aldenduz. I. Kantek, hurrena, ageriko munduari ez dio benetakotasunik ukatzen; baina inoiz ez omen gara mundua osotasunean ulertzeko gai izango; ulermen hori, hala ere, Jainkoarekin uztartzen du azkenean Kantek. Shellingek eta Hegelek Ideia Unibertsala eta Absolutua jartzen dute ageriko munduaren iturburutzat; hala ere, Ideia horri objektibotasuna aitortzen diote, horren osotasuna Izadiak biltzen baitu. Azken idealismo horrek berebiziko eragina izan du literaturan, batez ere Alemanian, eta erromantizismoari eman dio hastapena (Novalis eta Heine, besteak beste). Idealismoa behin eta berriz berpiztu izan da belaunaldiz belaunaldi eta mugimen du literario anitzen oinarrian egongo da (sinbolismoa, modernismoa...). Euskal Herrian, lehen erromantizismoaren ondoren (Bilintx, Iparragirre, Xaho...), mugimen du bortitza eragingo du gerra aurrean sinbolismoaz (Lizardi, Lauaxeta).
[J. K.]
es: idealismo
fr: idéalisme
en: idealism