Hizkera arruntean, kontakizunak, ipuinak eta kontaerak adierazteko erabiltzen da. Narratologian, istorioa dela esaten da narrazioan irudikatzen diren gertakari, ekintza edo egoera horiek jazo diren ordena kronologikoan zein kausa loturazko harremanean hartzen direnean. Istorioko gertaeren hurrenkerak eta diskurtsoan iru dikaturiko hurrenkerak, hots, gertakarien hurrenkera artistikoak, ez baitira berdinak izaten. Formalista errusiarrek, eta bereziki V. Sklovski eta B. Eikenbaumek, erretorikaren dispositioaren ideia gogora ekarriz, narratiban osagaien arteko elkarketa eta egituraketa jakin bat gertatzen dela ohartarazi zuten. Horien ustez, konbinaketa da narratibaren egituraketaren oinarri nagusia. Konbinaketa hori bi mailatan gertatzen da: batetik, gertaerak; bestetik, gertaera horiek aurkezten direneko modua. Hots, skazka, fabula edo istorioa alde batetik, eta siuzhet edo bilbea bestetik; bikote horrekin sailkatu zuten konbinaketa narratiboa. Hala ere, Formalista errusiarrek batik bat siuzhetaren edo bilbearen formak aztertu zituzten, hots, eduki osagaien egituraketa moldeak.
[I. R.]
Ikus, halaber, D ISKURTSO , F ABULA , G ERTAERA , I NTRIGA , N ARRAZIO .